Meta enpresak ordaindu beharreko faktura gizentzen ari da: 375 milioi dolar izan ziren martxoan —325 milioi euro inguru— eta 567 milioi dolar izan dira orain —492 milioi euro—. Mexiko Berriko (AEB) auzitegi batek bi aldiz zigortu du Meta, sare sozialen enpresa erraldoia: martxoan, zinpeko epaimahai batek, erabiltzaileak engainatzeagatik plataforma horietako haurren segurtasunaren inguruan; atzo emandako epai batean, berriz, kalte ordaina ordaindu beharko du haurren ongizateari eginiko kalteagatik. Metarenak dira Facebook, Instagram, Messenger, Threads eta Whatsapp. Diruaren zati handiena kalte horiek konpentsatzeko eta arintzeko funts batentzat izango da; gainerakoa prebentzio neurrietan eta kanpainetan eta laguntza zerbitzuetan inbertituko dute.
Diru asko da, baina diru gutxi da: Metak 60.000 milioi dolar inguru irabazi zituen iaz —52.000 milioi euro baino gehiago—. Hala ere, egotzi dizkioten delituak oso larriak dira. Gainera, Mexiko Berrikoaz gain, beste dozenaka salaketari egin behar die aurre datozen hilabeteetan AEBetako beste estatu batzuetan. Zenbaitetan estatuek jo dute Metaren kontra; beste batzuetan, erabiltzaileek eta haien familiek. Aurtengo martxoan bertan Los Angelesko (AEB) epaitegi batek erruduntzat jo zituen Meta eta Google enpresak, jendea mendeko bihurtzeko egindako sare sozialak ekoitzi dituztelako eta 20 urteko neska baten buru osasunari kalte egin ziotelako. Neskari hiru milioi dolarreko kalte ordaina ematera zigortu zituen —2,3 milioi euro inguru—.
Aire kutsaduraren pare
Mexiko Berriko Bryan Biedscheid epaileak ebatzi du Meta «eragozpen publiko» bat dela, eta aire kutsadurarekin parekatu du haren edukiek eta publizitateak eragiten dituen «kalte psikologikoa eta haurren sexu esplotazioa»: «Fabrika batek sortzen duen kutsadurak kalte egiten dio aire garbia izateko eskubide kolektiboari. Metaren plataformek adingabeetan dituzten ondorio kaltegarriek ez diete soilik eragiten plataforma horien erabiltzaileei; Internet bidez zabaltzen dira, eta, agian, kezkagarriena da mundu errealera hedatzen direla. Zama sozial komun bat sortzen dute, eta kalte egiten diete adingabeei, haien familiei, eskolei, ospitaleei eta segurtasun indarrei».Â
Metak ez du bakarrik dirua ordaindu beharko. Bere funtzionamendua aldatu beharko du, Mexiko Berriko adingabeak babesteko. Epaileak agindu dio debekatu egin behar duela adingabeek biluziak bidaltzea edo jasotzea, eta ziurtatu egin beharko duela adingabeek ez dutela jasoko helduen mezurik. Mexiko Berriko adingabeen adina egiaztatzeko tresnak hobetu beharko ditu. Horretarako, adimen artifiziala erabili ahal izango du, erabiltzaileen lagunetan, argitaratzen dituzten edukietan eta ikusten dituzten edukietan oinarrituta, haien adina zehazten laguntzeko. Erabiltzaile batek 13 urte baino gutxiago edo 18 urte baino gutxiago dituela uste badu, adin horri dagokion moduan tratatuko du, haren adina egiaztatu arte. 13 urtetik beherako erabiltzaileei buruzko informazioa ezabatu beharko du. Metak 13 urte baino gutxiago dituztenen adina zehazteko eredu bat garatu beharko du bi urtean. Horrez gain, 18 urtetik beherakoek hilean gehienez 90 orduz erabili ahal izango dituzte Metaren Facebook eta Instagram, edota hiru orduz egunean.Â
«Hau ez da konpainia baten kontrako epai bat soilik, jarraitu beharreko eredua da, eta orain krisi bera duten beste estatu eta herrialde batzuek badute bide orri bat»
RAUL TORREZÂ Mexiko Berriko fiskal nagusia
Abuztuko epaia martxokoaren bigarren urratsa izan da. Bigarren epaiketa maiatzean hasi zuten. Fiskalek epaileari eskatu zioten Meta aldaketak egitera behartzeko, mendekotasuna sorrarazten duten funtzioak kontrolatzeko, adina egiaztatzeko moduak hobetzeko eta haurren sexu esplotazioa prebenitzeko.
«Hau ez da konpainia baten kontrako epai bat soilik», esan zuen atzo Raul Torrez Mexiko Berriko fiskal nagusiak, «jarraitu beharreko eredua da, eta orain krisi bera duten beste estatu eta herrialde batzuek badute bide orri bat». Fiskal nagusiarentzat, atzoko epaia «garaipena» da sare sozialek «seme-alabengan duten eraginaz kezkatu diren gurasoentzat eta Internet seguruago bat merezi duten haur guztientzat». Nabarmendu zuen haurrak eta familiak babesten saiatu direla, eta bermatu nahi izan dutela munduko enpresa teknologiko handienetako batek «dirua ez irabaztea gazteak arriskuan jartzen dituen jokabideekin».
Helegiteak
Metak helegitea aurkeztu zuen martxoko epaiaren kontra, eta helegitea aurkeztuko du atzoko epaiaren kontra ere. Enpresaren jokabidea zuritu du agiri batean: «Gure plataformetako erabiltzaileen segurtasunari eusten saiatzen gara. Gardentasunez azaldu dugu zer erronka dauzkagun asmo txarrak dituzten erabiltzaileak identifikatzeko eta eduki kaltegarriak bereizi eta ezabatzeko. Geure burua babesten jarraituko dugu gure kontrako akusazioek gertaerak desitxuratzen dituztenean».
Martxoko epaiaren arabera, Metak arriskuan jartzen ditu haurrak, eduki sexual esplizituak eskaintzen dizkie, eta sexu predatzaileekin harremanetan jarri. Epaiketa hark zazpi aste iraun zuen. Metaren barne agiriak aurkeztu zituzten. Epaiketan erakutsi zuten enpresaren barne ikerketa baten arabera, Instagrameko erabiltzaileen %16k jakinarazi zuten aste bakar batean biluziak eta sexu jarduerak ikusi zituztela.
Metako langile ohiek ere deklaratu zuten. Arturo Bejar izan zen horietako bat. Metako ingeniaritza zuzendari ohia da. Metan lan egin zuen 2009tik 2015era eta 2019tik 2021era. Salatu izan du Metak bazekiela erabiltzaileek eduki sexualak jasotzen zituztela, sexu predatzaileek beraren plataformak erabiltzen zituztela, eta ez zuela ezer egin erabiltzaileak babesteko. Ezezagun batek sexu harremanak eskaini zizkion Bejarren alabari Instagram bidez.
Epaiketan esan zuen Metaren algoritmo pertsonalizatuak oso onak direla, eta horregatik dutela arrakasta: «Produktua oso ona da erabiltzaileak interesatzen zaien horrekin uztartzen, eta, zuri neska txikiak interesatzen baldin bazaizkizu, oso ona izango da zu haiekin konektatzen».