Meta zigortu dute, haurren segurtasunaren arloan iruzur egiteagatik

AEBetako epaimahai batek 375 milioi dolarreko isuna ezarri dio. Sexu predatzaileei haurrekin harremanetan jartzeko modua ematen die, ondorioztatu dutenez.

Mark Zuckerberg, 2024ko urtarrilean, auzialdi batean. TASOS KATOPODIS / EFE
Mark Zuckerberg, 2024ko urtarrilean, auzialdi batean. TASOS KATOPODIS / EFE
jakes goikoetxea
2026ko martxoaren 25a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBetako Mexiko Berriko zinpeko epaimahai batek 375 milioi dolarreko (323 milioi euro) isuna ezarri dio Metari, erabiltzaileak engainatzeagatik plataforma horietako haurren segurtasunaren inguruan. Whatsapp, Instagram eta Facebooken jabea da Meta.

Epaimahaiaren arabera, plataforma horiek arriskuan jartzen dituzte haurrak, material sexual esplizituak eskaintzen dizkiete, eta sexu predatzaileekin harremanetan jarri. Mexiko Berriak 2023ko abenduan eraman zuen Meta auzitara, algoritmoen bidez haur eta gazteak sexu edukietara bideratzen zituelako, haurren sexu abusuak erakusten zizkielako eta norbaitek era horretako materiala eskatzeko arriskuan jartzen zituelako.

«Garaipen historikoa»

Atzoko epaia «garaipen historikoa» da, Raul Torrez Mexiko Berriko fiskal nagusiaren esanetan: estatu batek Meta zigortzea lortu du haurren segurtasunari lotutako arrazoiengatik. Zehazki, Mexiko Berriko Jokabide Bidegabeen Legea urratzeagatik zigortu dute. Torrezentzat, Metak aukera bat egin zuen: «Irabaziak haurren segurtasunaren gainetik jartzea». Horregatik, uste du atzoko epaia «garaipen historiko bat» dela aukera horen ondorioak «ordaindu dituzten haur eta familia guztientzat».

«Metako arduradunek bazekiten beren produktuek kalte egiten zietela haurrei, ez zieten jaramonik egin langileek egindako ohartarazpenei, eta herritarrei gezurra esan zieten enpresan bertan zekitenari buruz», salatu zuen Torrezek epaiaren berri izan eta gero. «Gaur epaimahaiak bat egin du familiekin, hezitzaileekin eta haurren segurtasuneko adituekin: nahikoa da».

Metak helegitea aurkeztuko du. Konpainiaren abokatuei ez zaizkie gustatu ez epaia ez Torrezen adierazpenak. «Argudio hutsalak» erabiltzea eta komeni zitzaizkion agiriak aukeratzea egotzi diote.

Barne ikerketak eta langile ohiak

Epaiketak zazpi aste iraun du. Metaren barne agiriak aurkeztu dituzte. Epaiketan erakutsi duten enpresaren barne ikerketa baten arabera, Instagrameko erabiltzaileen %16k jakinarazi zuten biluziak eta sexu jarduerak ikusi zituztela aste bakarrean.

Metako langile ohiek ere deklaratu dute. Arturo Bejar izan da horietako bat. Metako ingeniaritza zuzendari ohia da. Metan lan egin zuen 2009tik 2015era eta 2019tik 2021era. Salatu izan du Metak bazekiela erabiltzaileek eduki sexualak jasotzen zituztela, sexu predatzaileek beraren plataformak erabiltzen zituztela, eta ez zuela ezer egin erabiltzaileak babesteko. Ezezagun batek sexu harremanak eskaini zizkion Bejarren alabari Instagram bidez.

Epaiketan esan zuen Metaren algoritmo pertsonalizatuak oso onak direla, eta horregatik dutela arrakasta: «Produktua oso ona da erabiltzaileak interesatzen zaien horrekin uztartzen, eta zuri neska txikiak interesatzen baldin bazaizkizu, oso ona izango da zu haiekin konektatzen».

Ezin saihestuzkoak

Metako abokatuek akusazioak ukatu dituzte. Esan dute «gogor» lan egiten dutela erabiltzaileak seguru egoteko, urte asko daramatzatela erabiltzaileen arazoei aurre egiten eta konfiantza dutela nerabeak babesteko dituzten tresnetan.

Marck Zuckerberg Metako buruak eta Adam Mosseri Instagrameko zuzendariak deklaratu dute epaiketan. Haien izenean idatzitako testu bat irakurri dute. Haien esanetan, haurrei egindako kalteak —sexu esplotazioa eta osasun mentala kaltetzea, esaterako— ezin ziren eragotzi konpainiaren plataformetan, sekulako erabiltzaile kopurua zutelako. Gehitu zuten milioika dolar inbertitu dituztela haurren segurtasunean.

375 milioi dolarreko isuna ez da delitu bakarrarengatik. Legea urratzeagatik ezartzen den gehienezko zigorra 5.000 dolarrekoa da (4.300 euro), baina epaimahaiak ondorioztatu du milaka aldiz urratu dutela, eta horregatik ezarri dute 375 milioi dolarreko isuna.

Epaiketa gehiago

Auzibidea ez da guztiz amaitu, maiatzaren 4an jarraituko baitu: fiskal nagusiak beste zigor ekonomiko batzuk eskatuko ditu, eta haurrak gehiago babesteko neurriak. Neurri horien artean daude erabiltzaileen adina egiaztatzeko sistema eraginkorrak, sexu predatzaileak plataformatik botatzea eta adingabeak mezu zifratuetatik babestea.

Aste honetan bertan beste epai bat espero du Metak: 20 urteko neska batek eta haren familiak auzitara eraman zituzten Meta eta Google, neska sare sozialen mendeko bihurtu zutelako, eta uste dutelako plataforma horiek jendea mendeko bihurtzeko eginak daudela. Era horretako dozenaka salaketari aurre egin behar die Metak. Baita AEBetako 41 estatutako fiskalek 2023an aurkeztutako auzi eskeari ere. Metaren aurka joateko arrazoia, ohikoa: herritarrak engainatu dituela bere sare sozialen arriskuei dagokienez, eta produktuak haurrei mendekotasuna eragiteko diseinatu dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!