GERRA UKRAINAN

Iaz Polonian erori zen misila Ukrainak jaurti zuela esan du aditu talde batek

Misila erori eta ordu batzuetara NATOk eta AEBek plazaratu zutena berretsi du ikerketa batek. Varsoviaren eta Kieven arteko harremanak gaiztotuta daude azken hilabeteetan.

Poloniako mitarrarren kamioi bat misila erori zen lekutik gertu, iazko azaroan. EFE
Igor Susaeta.
2023ko irailaren 26a
11:14
Entzun

Azken asteetan gaiztotuta daude Poloniaren eta Ukrainaren arteko harremanak, eta, testuingurua hori denean, hain zuzen, iritsi da berria: Poloniako aditu talde baten arabera, Ukrainak jaurti zuen iazko azaroa erdialdean Polonian Ukrainako mugatik gertu erori zen misila, bi hildako eragin zituena. Hori jaso du Rzeczpospolita egunkariak, ikerketaren gertuko iturriak aipatuz. Beraz, gertatu eta zenbait ordutara NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak plazaratu zuen hipotesia berretsi dute: Ukrainako aireko indarrek misilak jaurti zituztela Errusiako misil bat erorarazteko. Ukrainak, ordea, ukatu egiten du.

Gertaera hark izua eragin zuen zenbait orduz. Lehen kolpean, Kievek esan zuen Moskuk jaurti zuela. Kremlinek, ordea, gezurtatu egin zuen. Izan ere, Errusiak jaurti zuela frogatzeak eragin zezakeen NATOk bere kontrako erasotzat hartzea, eta, orduan, aliatuek Kremlini gerra deklaratzea.

Ikusi gehiago: NATOk uste du Polonian lehertutako misila Ukrainak bota duela

Ordutik ia hamar hilabete baino gehiago igaro diren honetan, Varsoviaren eta Kieven arteko harremanak ez daude bere onenean. Polonia da Ukraina herrialde mugakideari laguntza militar gehien eman dioten herrialdeetako bat, baina laguntza hori bertan behera uzteko asmoa duela iragarri zuen Mateusz Morawiecki lehen ministroak lehengo astean, argudiatuta beren armategia modernizatzeko lanean jarriko dituztela indarrak. Baina afera komertzial bat hartu behar da aintzat. Ukrainako laboreek Poloniako merkatua hartu dute azken hilabeteetan, eta horrek eragin du prezioak amiltzea, eta, ondorioz, laborariak haserretu egin dira. Poloniak eta ekialdeko beste herrialde batzuek —kasurako, Eslovakia, Hungaria, Errumania eta Bulgaria— betoa jarri zieten produktu horiei, eta Varsoviak oraindik horri eusten dio, Hungariak eta Eslovakiak bezalaxe. Kontuan hartu beharreko beste aldagai bat: Polonian legebiltzarrerako bozka egitekoak dira urriaren 15ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.