ICEko polizia batek gizon bat tirokatu du New Yorken

Gizona ospitalean dago, Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarraren zaintzapean. Hainbat protesta egin dituzte New Yorken gertaera horren harira.

ICEren aurkako kartelak, tiroketaren ostean egin dituzten mobilizazioetan. ANGEL COLMENARES / EFE
ICEren aurkako kartelak, tiroketaren ostean egin dituzten mobilizazioetan. ANGEL COLMENARES / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko urriaren 9a
11:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarrak gizon bat tirokatu zuen atzo gauean New Yorken. Iturri ofizialen arabera, gizona bere kordean dago, baina ospitalean oraindik, ICEren zaintzapean. Gertaerak hainbat protesta piztu ditu New Yorken. 

Funtzionario federalek atzo jakinarazi zutenez, ICEko poliziek gizonaren autoa inguratu zuten. Gizona bera eta 5 urteko haur bat zeuden barruan, etxebizitza askoko gune batean, Bronx barrutiko Marble Hill auzoan. Zohran Mamdani New Yorkeko alkateak bart jakinarazi zuenez, haurra onik atera zen, inolako zauririk gabe.

AEBetako Segurtasun Departamentuak sare sozialetan zabaldutako ohar batean adierazi zuenez, ICE «Dominikar Errepublikako papergabe baten aurkako» operazio bat egiten ari zen. «Gertakari horretan, ICEko polizia batek bere arma deskargatu du, eta atzerriko kriminal ilegala zauritu», dio oharrak. Hala ere, ez zuten azaldu polizia horrek zergatik erabili zuen arma. Ezta tirokatua izan den gizonak zer zauri dituen ere.

Segurtasun Departamentuaren oharrak dioenez, gizonak lotura zeukan «gaizkile talde» batekin, eta «hainbat kondena» ere bai. Hala ere, Segurtasun Departamentuak ez du gizonaren gaineko daturik eman, eta ez du zabaldu gaizkile talde batekin lotura daukala erakusten duen frogarik.

Kontuan hartu beharra dago berriki dokumentu judizial batzuek kontra egin diotela Segurtasun Departamentuari antzeko kasu batzuetan. Hain zuzen ere, frogatu dute etorkinei «faltsuki» leporatu izan dietela talde kriminal bateko kide izatea, poliziek tiro egin ondoren.

Pentagonoak streaming bidez emango du exekuzio bat

Pete Hegseth Pentagonoko buruak Real America’s Voice hedabideari emandako elkarrizketa batean jakinarazi du streaming bidez emango dutela Nidal Hasan AEB Ameriketako Estatu Batuetako armadako psikiatra ohiaren exekuzioa. Hasan abenduaren 3an exekutatuko dute; Fort Hoodeko base batean hamahiru lagun hiltzeagatik zigortu zuten. 

 

Hasan AEBetako armadako soldaduek fusilatuko dute; herrialdean azken hirurogei urteetan egingo duten lehen exekuzio militarra izango da. Hegsethen hitzetan, Hasanena armadaren barruan egin zen eraso islamista bat izan zen. «Soldaduek fusilatuko dute, behar den bezala. Ziurtatu nahi dugu jendeak ikusteko aukera izango duela, publikoa izango dela, jendeak ulertu behar baitu horrelako gauza bat egiten duenak ondorio larriak pairatzeko arriskua duela».

 

Atzoko gertakariaren harira, hainbat protesta egin zituzten New Yorkeko kaleetan, eta istiluak izan ziren Poliziaren eta manifestarien artean. Bestak beste, manifestariek salatu zuten tiroketa horrek Trumpen migrazio errepresioaren arriskuak erakusten dituela.

Mamdanik kazetarien aurrean egindako agerraldi batean adierazi zuenez, AEBetako presidente Donald Trumpekin eta AEBetako Segurtasun idazkari Markwayne Mullinekin hitz egin du telefonoz azken orduotan, eta gizona askatzeko eskatu. «Negoziazio horiek ez dute arrakastarik izan», zehaztu zuen. Amaitzeko, New Yorkeko alkateak beste eskaera bat ere egin zion Trumpi: geldiarazteko «behingoz» ICEk New Yorken egiten dituen operazioak.

Horren ostean, New Yorkeko alkateak haserrea erakutsi du X sare sozialean idatzi duen mezu batean: «Ez naiz besoak gurutzatuta geldituko ICEko poliziek gure komunitateak izutzen dituzten bitartean. Gogoan ditugun zauritu duten New Yorkeko bizilaguna eta haren senideak. Otoitz egingo dugu sendatu dadin». Gainera, aurrez kazetarien aurrean egin bezala, mezu horretan ere Trumpi eskatu dio ICE New Yorketik ateratzeko. «Atera ezazu ICE gure auzoetatik. Atera ICE gure ospitaleetatik. Atera ICE gure kaleetatik. Urrundu ICE gure seme-alaben aldamenetik. Deuseztatu ICE».

Antzeko kasu ugari

Urtarrilean ICEko agente batek Renee Nicole Good hil zuen Minneapolisen, haren etxe inguruan. ICEko agenteekin eztabaida izan zuen, eta, poliziek ibilgailutik jaisteko eskatu ziotenean, emakumeak aurrera jarraitu zuen. ICEko agente batek gutxienez hiru tiro egin zizkion. Handik egun gutxira, berriz, Alex Pretti erizain eta aktibista hil zuten hiri berean. Polizia federalen sarekadak oztopatzen ari zen Pretti. Gutxienez hamar tiro egin zizkion hil zuen agenteak.

Iaz ere izan zen antzeko kasurik. Silverio Villegas Gonzalez Chicagon bizi zen, eta ICEko agente batek hil zuen operazio batean. Segurtasun Departamentuak adierazi zuen agenteak bere burua defendatzeko jokatu zuela horrela. Gerora, kasua ikertu zuen auzi medikuak txosten batean zehaztu zuen Villegasi bizkarretik egin ziotela tiro, eta oso hurbiletik. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA