Erori da Aleksandar Vucic, azkeneko hamabi urteotan Serbian lidergoa eduki duen politikari kontserbadorea. Legebiltzarrerako bozak egin zituzten atzo Balkanetako herrialde horretan, eta Vucicek berak onartu zuen gauean baietz, agintarien ustelkeriari aurre egiteko asmoz sortutako Ikasleen Zerrendak irabazi dituela, Serbiako Alderdi Aurrerakoia bere alderdiari aurrea hartuta. Eta presidente (2017-2026) zein lehen ministro (2014-2017) izandakoak hori adierazi ondoren, milaka pertsona ospatzen hasi ziren. «Garaipena!» izan zen Serbiako kaleetan atzo entzun zen oihua.
Botoen %96 zenbatu dituzte —datu hori eman du gaur Serbiako Hauteskunde Batzordeak—, eta Ikasleen Zerrendak horien %52,6 bildu ditu, eta Serbiako Alderdi Aurrerakoiak %39,2. Batzordeak ez du zehaztu oraindik bakoitzak zenbat aulki edukiko dituen Asanblea Nazionalean —250 ordezkari ditu—, baina hainbat etxek egindako proiekzioek diote hautagaitza garaileak gehiengoa osoa edukiko duela (140 inguru), eta Vucicen alderdiak 103 inguru aulki lortuko dituela; 2023ko bozetan baino 26 gutxiago, alegia.

Gutxienez botoen %3 bildu behar dira Asanblea Nazionalean ordezkaritza lortzeko; beste inor ez da horretarako gauza izan, ordea. Asanblea gutxiengo etnikoek osatuko dute, ordezkaritza ziurtatua baitute arautegi berezi bati esker: hiru aulki izango dituzte hungariarrek, eta bina albaniarrek eta bosniarrek.
Protesten jatorria
Neurri handi batean, azken bi urteetan kalera irten diren herritarrek egin duten presioaren ondorioz galdu ditu bozak Vucicek. Gertakari batek piztu zituen protestak: 2024ko azaroaren 1ean Novi Sad hiriko autobus geltoki bateko sabaiaren zati bat bat erori zen, eta hamasei pertsona hil ziren. Hasieran geltoki haren berritze lanetarako esleitutako kontratuari buruzko azalpenak eskatzen zituzten mobilizazioetan, argudiatuz ez zela istripu bat izan, agintarien ustelkeriaren ondorio baizik. Ikasleek hartu zuten mobilizazioen burua, eta Vucici autoritarismoa ere egozten hasi ziren.

Presidenteak, baina, herrialdea desegonkortzen saiatzea leporatu zien, eta muzin egin zien hauteskundeak aurreratzeko deiei. Aurreko irailean, baina, bozetara deitu zuen. «Argi dago hauteskundeak galdu ditugula», onartu zuen atzo hiriburuan, bere jarraitzaileen aurrean.Â
Hautagaitza heterogeneo bat da Ikasleen Zerrendarena. Bildu ditu hainbat esparrutako espezialistak; izan akademikoak, medikuak, soziologoak, juristak, ingeniariak eta beste. Ez dute afiliazio politikorik. Ilija Srdanovic izan da zerrendaburua. Kardiologoa da, eta eskolak ematen ditu Novi Sadeko Unibertsitatean. Ez dago argi, ordea, Ikasleen Zerrendak nor proposatuko duen lehen ministro izateko.