Koronabirusa munduan

Immigrazioa aldi baterako etengo duela iragarri du Trumpek

Etxe Zuriak eta DHS Barne Segurtasuneko Departamenduak ez dute jakinarazpena baieztatu, eta zalantzan dago gertatuko ote den. Hainbatek gaitzetsi dute erabakia

Hondurasko migratzaile batzuk kamioi batean, AEBetara bidean. GUSTAVO AMADOR / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ohikoak dira AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek etorkinen aurka egindako diskurtso eta politikak. Bada, urrats bat gehiago egin zuen atzo, eta Twittter bidez jakinarazi zuen aldi baterako moztu egingo duela herrialderako immigrazioa.

Horretarako, koronabirusa jarri zuen aitzakia gisa, nahiz eta ez zituen xehetasun gehiago eman. Zehazki, mezu hau zabaldu zuen estatuburuak: «Etsai ikusezinaren erasoaren argitan, agindu exekutibo bat sinatuko dut AEBetarako immigrazioa aldi baterako eteteko». Horrez gain, pauso hori emateko argudiatu zuen bertako herritarren lanpostuak «babesteko» beharra —azken datuen arabera, krisi honen ondorioz 22 milioi estatubatuar baino gehiago gelditu dira lanik gabe—.

Trumpen iragarpenak, ordea, zalantza ugari piztu ditu. Izan ere, Etxe Zuriak eta DHS Barne Segurtasuneko Departamenduak ez dute informazio gehiagorik eman, eta airean dago presidentearen hitzen benetako eragina eta ea beteko ote den. Baita horretarako eskumena duen eta hori legezkoa litzatekeen ere.

Dena den, krisia hasi zenetik migrazio politika gogortzearen alde egin du buruzagi errepublikanoak. Kanada eta Mexikorekin dituen lurreko mugak itxita daude, eta nazioarteko aire trafikoa ere etenda dago. Hala, kontsulatu eta enbaxadek mugatu egin dituzte bisa zerbitzuak. Gainera, AEBek migrazio legeak bertan behera utzi dituzte, eta Mexikora deportatzen ari dira asilo eskaera egin duten etorkin eta muga zeharkatu duten paperik gabeko iheslari gehienak. Horren harira, immigranteen eskubideak babesten dituztenak kezkatuta agertu dira krisiaren ondoren gobernuak neurri horiek mantenduko ote dituen.

Presideantearen adierazpenak, ordea, ezustean iritsi ziren, azken egunotan ez baitzuen horrelako neurri baten zantzurik eman. Erabaki horrekin, pandemian zehar etorkinen inguruko Trumpen diskurtsoetako kontraesanak agerian geratu dira. Hain zuzen, beharrak bultzatuta, hilaren hasieran agindu zuen landa eremuko langileentzako aldi baterako bisa programek aurrera jarraituko zutela. Era berean, Trumpen administrazioak koronabirusaren aurkako borrokan lagun dezaketen langile kualifikatuei bisak bizkortzeko eskatu zuen.

Balantzaren beste aldean, baina, The WashingtonPost-ek argitaratu zuenez, AEBetako Gobernuak 10.000 immigrante deportatu ditu COVID-19aren krisia hasi zenetik. Izan ere, alerta egoera baliatu dute ohiko prozedurak saihesteko, eta, hori dela eta, asilo eskaera gehienak ukatzen ari dira.

Kritika ugari

Trumpen adierazpenak berehalako erantzun zaparrada bat jaso zuen, eta, orokorrean, ez zen ongi etorria izan. Besteak beste, Don Beyer Virginiako kongresukideak zorrotz kritikatu zuen haren jokabidea: «Immigrazioa ia gelditu egin da, eta AEBak beste edozein herrialdek baino askozpositibo kasu gehiago ditu. Hau besteei errua botatzeko ekintza xenofobo bat baino ez da».

Berdin aritu zen Jerry Nadler kongresukidea ere: «Trump presidenteak, orain, koronabirusari eman dion erantzun traketsetik desbideratu nahi gaitu, etorkinei errua botatzen saiatuz. Egia esan, etorkin asko lehen lerroan daude: medikuak, erizainak, osasun laguntzaileak, nekazariak eta jatetxeetako langileak». Horrez gain, adierazi zuen gaitza gainditzeko beharrezkoa dela «bat egitea», eta ez elkarri erasotzen hasi eta herrialdea zatitzea. «Hau lotsagarria da», azpimarratu zuen.

Trumpek immigranteen aurka hartutako posizioa, baina, ez da berria. Hain zuzen, 2016ko hauteskunde kanpainan egin zuen promesa nagusietako bat izan zen AEBen eta Mexikoren artean harresia eraikitzea, migrazio fluxua arintzeko. Oraindik ez du amaitu, baina horma hori egiten ari dira egun. Bide horretan, bere agintaldian immigrazioa moztu eta oztopatzeko neurriak ezartzen joan da.

Irekitzen hastera

Oraintxe bertan, Europa da birusaren epizentroa, baina AEBak dira gehien jo dituen herrialdea. Johns Hopkins Unibertsitatearen arabera, denera 804.194 gaixo hauteman dituzte, eta 43.630 pertsona hil dira. Alabaina, azken asteetan kutsatuen joerari eustea lortu dute, eta hasiak dira itzulera planteatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.