Alderdi Liberal Demokratikoaren hurrengo liderra hautatzeko lasterketa aurrez sekula ikusi gabeko giro batean hasi zen Japonian, immigranteen auzia zegoelarik barne borrokaren erdian ez ezik itun posibleen agendan ere. Bost hautagai daude: lehian aritu dira ea nork lortuko alderdi ofizialistaren eta Japoniako Gobernuaren kontrola, eta ea nola aurre egin migratzaileen arazoari; izan ere, gero eta langile gehiago iristen ari dira atzerritik, eta gero eta komunitate askotarikoagoak integratu beharra dago herrialdean. Bihar egingo dituzte primarioak.
Auziak kanpainan halako garrantzia hartu duenerako, aurretik bi gauza nabarmen gertatu dira: batetik, Tokioko auzoetan sekula ez bezalako gertakari xenofobo batzuk izan dira, iritzi publikoan tentsioa piztu dutenak; bestetik, Sanseito eskuin muturreko alderdi nazionalista goi ganberara iritsi da uztaileko hauteskundeetan, denen harrigarri. Yasuhiro Ueda ekonomialari eta analistak dioenez, «atzerritarren gaia kanpainaren ardatzean den honetan, liberal-demokratek nor hautatu, horrek guztiz baldintzatuko du herrialdeak zer migrazio politika izango duen ez ezik baita Japoniak zer profil hartuko duen ere garai erabakigarri honetan, Donald Trump Etxe Zurira itzuli izanak eragindako desoreka erregional bete-betean».
Alderdi Liberal Demokratikoko presidente izateko hautagai guztiek mezu berberarekin hasi zuten kanpaina: atzerritarren gaineko kontrola gogortu beharra dagoela, hartara aurre egiteko bai kanpotarrekin lotutako delituei eta bai turismoaren goraldiak ekarritako arazoei. Alderdiaren egoitzan egindako hitzaldietan, Sanae Takaichi ultrakontserbadoreak, jarrerarik gogorrena duenak, bere txandaren parte handi bat baliatu zuen gai horretaz aritzeko; esan zuen turista batzuk ez direla gizalegez portatzen, eta eskatu zuen helburu ekonomikoengatik asiloa eskatzen dutenak «jaioterrira itzularazteko». Â
Alderdiko idazkari nagusi ohi eta oraingo hautagai Toshimitsu Motegi ere tonu horretara lerratu zen, eta promes egin zuen: «Atzerritar ilegal bakar bat ere ez». Eta iragarri zuen zentralizatu egingo zutela atzerriko kapitalak erositako lurren kudeaketa. Takayuki Kobayashik eta Shinjiro Koizumik ere migrazio kontrol zorrotzagoaren alde egin zuten, eta tokiko komunitateen arteko tentsioak arintzeko neurriak hartzearen alde. Azkenerako, Atzerri ministro ohi eta adar liberaleko kide Yoshimasa Hayashi izan zen bost hautagaietan bakarra immigrazio politika modu esplizituan jorratu ez zuena.
«Alderdiak uste du azkenaldiko porroten arrazoia zera dela: boto emaile kontserbadoreak Sanseito eta immigrazioaren kontrako halako alderdien aldera lerratu direla»
YASUHIRO UEDAÂ Ekonomialaria eta analista
Agerikoa denez, Alderdi Liberal Demokratikoak erretorika zorrotzagoa darabil orain, eta, Uedaren arabera, hauteskundeetarako kalkuluen ondorioa da hori: «Alderdiak uste du azkenaldiko porroten arrazoia zera dela: boto emaile kontserbadoreak Sanseito eta immigrazioaren kontrako halako alderdien aldera lerratu direla. Eta, orain, hautesle horiek bereganatu nahi dituzte berriz. Gainera, lehen aldiz, Alderdi Liberal Demokratikorako hautatzen duten buruzagiak nahitaez itunen bat egin beharko du parlamentuko beste alderdiren batekin, hala nola Berrikuntzaren Alderdiarekin, eta alderdi horiek, lehen ministroari bide emateko, exijitzen dute migrazio eta naturalizazio politikak gogortzeko».
Aurreko barne bozetan, Takaichiri Shigeru Ishiba gailendu zitzaion, gaur egungo behin-behineko lehen ministroa —dimisioa eman zuen irailean—, baina, gaur egun, Takaichi hautagai faboritoetako bat da inkesten arabera, bereziki orain, alderdia eskuinera biratzen ari den honetan. Segurtasun Ekonomikoko ministro izana da, eta Nara-ko barrutiko diputatua da. Azken barne kontsultan galtzaile atera ondoren, bere irudi muturreko hori leuntzen saiatzen ari da: jada ez da hain gogor mintzatzen Txinaren kontra, eta konpromiso polemikoak saihesten saiatzen da; adibidez, Yasukuni tenplurako bisita, non omenaldia egiten baitzaie Bigarren Mundu Gerran hildakoei. Haren programan, zenbait neurri ekonomiko populista ageri dira ―besteak beste, gasolinaren behin-behineko zerga kentzea, eta zerga salbuespenerako atalasea igotzea―, baina baita agenda industrial anbiziotsu bat ere, eta segurtasun ekonomikoaren ikuspegitik inbertsioak eta diru sarrerak hobeto kontrolatzeko neurriak.
Shinjiro Koizumik, Junichiro Koizumi lehen ministro ohiaren semeak, proiekzio mediatikoa izan du, eta gazteen botoa erakartzeko asmoz iritsi da, azken barne bozetan hirugarren geratuta. Nekazaritza ministro izan da Ishibarekin, eta hauek dira haren proposamenetako batzuk: inflazioari eusteko neurriak hartzea, gasolinaren zerga baliogabetzea, eta 135 bilioi yeneko etxe-inbertsio plan bat abiaraztea soldatei bultzada bat emateko. Nekazaritzan, berriz, produkzioari pizgarriak ematearen eta sektoreari babesa ematearen aldekoa da. Immigrazioaren arloan, bestalde, tonu pragmatikoagoa du, atzerriko eskulana erregulatzera bideratua, baita tokiko tentsioak egiturazko politiken bitartez arintzera ere.
Gehiengo bat behar da
Alderdi Liberal Demokratikoko hurrengo burua eta beharbada herrialdeko hurrengo lehen ministroa zein izango den erabakiko duen barne lehia horretan, 295 boto izango dira parlamentarienak eta beste 295 militante eta jarraitzaileenak; dena den, lehen txandan inork ez badu gehiengo absoluturik lortzen, beste bozaldi bat egin beharko da. Ishibaren agintaldiari falta zitzaizkion bi urteetan izango da garailea presidente, eta gobernuaren migrazio politikaren eta ordena publikoaren bide orria markatuko du atzerritarren eta migratzaileen eztabaida ardatz den garai honetan.
Migrazioaren inguruko debateak halako garrantzia hartu izanak agerian uzten du zenbateraino sartzen ari den Alderdi Liberal Demokratikoa eskuin mutur iritsi berriaren agendaren lorratzean. Arriskua zera da: Japoniaren etorkizun demografiko eta ekonomikoaren inguruko eztabaida lasai bat piztu beharrean agian immigrazioa hauteskundeetako kontsigna huts bilakatuko dela horrela, eta boto emaile kontserbadoreak mobilizatzeko tresna huts; eta horrek ondorio asmatzen zailak ekarriko lituzke; izan ere, gizartea gero eta zaharragoa da, jaiotze tasa hutsaren hurrengoa, eta herrialdeak eskulan premia gorria du.