AEB

‘Impeachment’-aren txostenak dio Trumpek «arduragabe» jokatu zuela Ukrainarekin

AEBetako Ordezkarien Ganberako Inteligentzia Batzordearen arabera, presidenteak Kongresuko ikerketa «oztopatu» du. Haren kontrako «froga nabarmenak» daudela dio.

Trumpen aurkako 'impeachment'-a aztertzen ar da Ordezkarien Ganbera. ANDREW HARRER / POOL / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 3a
22:09
Entzun

Donald Trump AEBetako presidentearen kontrako txostena aurkeztu du Ordezkarien Ganberako Inteligentzia Batzordeak, haren aurkako impeachment prozesuan. Dokumentuaren arabera, «froga nabarmenak» daude presidenteak era okerrean jardun duela leporatzeko. Zehazki, Ukrainarekin izandako harremanetan «arduragabe» jokatzea eta Kongresuaren ikerketa «oztopatzea» egotzi dizkio. «Nabarmenak dira presidentearen arduragabekeriaren eta Kongresuko ikerketa oztopatu izanaren frogak», dio 300 orriko txostenak.

AEBetako hainbat komunikabidek irailean argitaratu zituzten informazioek eragin zuten lurrikara politikoa. Izan ere, horien arabera, Trumpek Volodomir Zelenski Ukrainako presidenteari eskatu zion Joe Biden politikari demokrataren semeak Ukrainan dituen negozioak ikertzeko —Biden AEBetako presidenteordea izan zen 2009tik 2017ra, eta 2020an AEBetan egingo dituzten presidentetzarako bozetarako hautagai demokrata izan daiteke—. Hedabide batzuek kaleratu zutenez, gainera, funtsen bidez Ukrainari ematea adostu zuten laguntza militarra blokeatu zuen Trumpek, eskatutakoa bete artean.

Informazio horiek berretsi ditu txostenak. Dokumentuaren arabera, Trumpek «bi ekintza ofizial» baldintzatu zituen Ukrainiako presidenteak »hauteskunde lan zikina» betetzera: batetik, «Etxe Zurirako bisita preziatu bat», eta, bestetik, «Ukrainak Errusiaren kontra borrokatzeko behar zuen laguntza militar ezinbestekoa». 

Gehiengo demokratak idatzi duen dokumentua bozkatu beharko du orain Inteligentzia Batzordeak, ondoren, Batzorde Judizialera bidaltzeko. Azken horrek idatzian oinarritu beharko du Trumpen kontrako karguak aurkezten dituen ala ez erabakitzeko.

Trumpek ez du bere aurkako impeachment prozesuan laguntzeko asmorik agertu. Presidenteak uko egin zion Kongresuko Batzorde Judizialak bertan parte hartzeko helarazi zion gonbitari. 

AEBetako gobernuburuak berak ez, baina haren administrazioko hainbat karguk hitz egin dute batzordean, eta hark Ukrainarekin izandako jokabidea kritikatu dute. Esaterako, Bill Taylor AEBek Ukrainan zuten bitarteko enbaxadorearen arabera, presidenteak mehatxu egin zion Ukrainari, esanez ez ziola 363 milioi euroko diru laguntza militarra emango baldin eta hark ez bazuen ikerketa bat hasten Joe Bidenen politikari demokrataren familiari buruz.

Gordon Sondland AEBen Europako Batasuneko enbaxadorearen agerraldiak, baieztatu egin zituen Taylorrek esandakoak. Sondlanden arabera, «mesede trukea» izan zen Trumpen eta Zelenskiren artekoa. Gaineratu zuen aferari lotutako agindu guztiak Trumpek berak ematen zituela: «Guk presidentearen aginduak betetzen genituen».

Sondlandek presidentearen gertuko beste agintari batzuk ere nahastu zituen auzian. Haren esanetan, AEBetako Estatu Departamentuak, Segurtasun Nazionalerako Batzordeak eta Etxe Zuriak bazekiten nolako «esfortzuak» egiten ari ziren Ukrainak Biden aita-semeak iker zitzan. Trumpen kabineteko izen garrantzitsuak zuzen aipatu zituen. Sondlanden arabera, Mike Pompeo Estatu idazkariak, John Bolton Segurtasun Nazionalerako kontseilari ohiak eta beste hainbat goi kargudunek bazuten Rudolph Giuliani Trumpen abokatua ukrainarrekin egiten ari zen kudeaketen berri: «Bazekiten zertan eta zergatik ari ginen; ez zen sekretua». Giulianik ez du kargu publikorik AEBetan, baina Sodlandek argi utzi zuen berarekin harreman zuzena zutela.

Batzordetik kanpo, Trumpek ukatu egin ditu leporatzen zaizkionak, eta «sorgin ehiza» salatu du. Impeachment-a ahal bezain laster amaitzeko eskatu zuen Twitter bidez: «Oso txarra da herrialdearentzat». 

Hurrengo pausoak

Impeachment-ak epaiketa politikoari zabaldu diezaioke bidea, eta presidentearen kargugabetzerako lehen urratsa ere izan daiteke. Horretarako, baina, Ordezkarien Ganberak Batzorde Judizialaren ebazpena onartu behar du aurrena. Gehiengo sinplea nahikoa du; hau da, 218 ordezkariren babesa. Hori lortuz gero, Senatura igaroko litzateke auzia. Hark du epaiketa politikoa egiteko eskumena.

Senatuan, Auzitegi Goreneko presidenteak hartuko luke epaile lana, eta ganberako hainbat kidek osatuko lukete akusazioa. Trumpek aukera izango luke bere defentsa nork egingo duen erabakitzeko, eta gainontzeko senatariek osatuko lukete epaimahaia. Senatuaren azken erabakia behin betikoa litzateke, eta Auzitegi Gorenak berak ere ezingo luke atzera bota.

Prozeduraren amaieran, senatarien bi herenek, 67 senatarik, presidentea erruduntzat joko balute, hark kargua galduko luke. Kasu horretan, AEBetako Gobernuko presidenteordeak hartuko luke haren tokia, hauteskundeak egin bitartean. Dena den, halakorik ez da inoiz gertatu. Soilik bi estatuburu auzipetu dituzte gaur artean —1974an, Richard Nixonek dimisioa eman zuen Watergate auziagatik epaitua izan aurretik—: Andrew Johnson, 1868an, eta Bill Clinton, 1998an. Biak errugabetu zituzten.

Alderdi Demokratak gehiangoa du Ordezkarien Ganberan, baina Alderdi Errepublikarrak du Senatuaren gaineko kontrola. Senatuak ezin izango luke Trump erruduntzat jo, hogei senatari errepublikanoren oniritzirik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.