Inbutuak nazioarteko itsasbideetan

Ormuzko itsasartea ixteak kaosa eragin du nazioarteko merkataritzan. Badaude munduan beste zenbait pasabide estrategiko; horiek blokeatuz gero, arazo handiak sortuko lirateke itsas nabigazioan.

Zenbait itsasontzi Suezko kanala zeharkatzen, artxiboko irudi batean. MOHAMED HOSSAM / EFE
Zenbait itsasontzi Suezko kanala zeharkatzen, artxiboko irudi batean. MOHAMED HOSSAM / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko apirilaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazioarteko merkataritzaren bizkarrezurra da itsas nabigazioa. Mundu mailan salerosten diren merkantzien %80 garraiatzen dira itsaso bidez. Hortaz, itsasbideetan arazoren bat sortzen denean, dardarka hasten dira merkatuak. Ormuzko itsasartearekin horixe gertatu da berriki. Iranek itxi egin du pasabide hori, eta erregaien prezioek gora egin dute ordutik. Antzeko zerbait geratu zen 2021ean, Suezko kanalean astebetez itsasontzi bat ez atzera ez aurrera geratu zenean ere. Badaude zenbait pasabide, zenbait inbutu, trabatzen badira, nazioarteko ekonomia kolapsatzea eragin dezaketenak.

Ormuzko itsasartea

1980ko hamarkadatik, tarteka, Teheranek Ormuz ixteko mehatxua egin izan du. Irango Guardia Iraultzaileak, baina, ez zuen inoiz pasabide hori blokeatu orain egin duen moduan. AEBek eta Israelek Iranen aurkako erasoaldia hasi ostetik, martxoaren hasieratik, Ormuz itxita dago Iranen «etsaientzat».

Omanen eta Iranen artean dago Ormuzko itsasartea; Persiar golkoa eta Omango golkoa lotzen ditu; eta 54 kilometroko zabalera du pasabiderik estuenean. Kontua da Golkoko herrialdeetako petrolioaren aterabide bakarra dela, itsasoz. Handik igarotzen da mundu osoko petrolio ekoizpenaren %20.

Erregaiez gainera, beste zenbait salgairen garraiorako ere funtsezkoa da pasabide hori. Esaterako, handik igarotzen da munduan esportatzen den nekazaritzarako ongarri nitrogenatuaren herena. 

Malakako itsasartea

Asia ekialdetik Ekialde Hurbilera, Afrikara eta Europara iristeko itsasbiderik motzena Malakako itsasartetik igarotzen da. Malaysiako penintsularen eta Sumatra irlaren (Indonesia) artean dago pasabide hori, eta gunerik estuenean 2,8 kilometroko zabalera du. Indiako ozeanoa eta Ozeano Barea lotzen ditu, eta 800 kilometro inguruko luzera du.

Munduan itsasoz garraiatzen diren salgaien laurdenek zeharkatzen dute Malakako itsasartea; eta itsasontzietan garraiatzen den petrolioaren %45 igarotzen da handik. Pasabide horren alde batean, gainera, Singapur dago, eta hango portua da munduan kontainer gehien jasotzen dituzten portuetan bigarrena; soilik Shanghaikoa (Txina) du aurretik.

Txinako ekonomiarentzat funtsezkoa da Malakako itsasartea: salerosten dituen hiru produktutik bi igarotzen dira handik, baita inportatzen duen erregaiaren %80 ere. Dependentzia horri «Malakako dilema» deritzo Pekinek; pasabide horretako garraioa oztopatzeak kalte handiak eragingo lizkioke.

Itsaso Gorriko pasabideak

1869. urtera arte Mediterraneo itsasoak ez zuen loturarik Itsaso Gorriarekin. Urte horretan inauguratu zuten Suezko kanala. Ia 200 kilometro ditu, Suez hiritik Port Saideraino (Egipto). Afrika eta Asia bereizten dituen kanal horri esker, Asiatik Europara doazen itsasontziek egin beharreko ibilbidea nabarmen laburtu zen. Ordura arte, Afrika osoa inguratzen zuten.

Indiako ozeanotik Suezko kanalera iristerako, baina, badago beste estugune bat: Bab el-Mandeb itsasartea. Indiako ozeanoaren eta Itsaso Gorriaren artean muga egiten du, eta Yemengo, Djibutiko, Eritreako eta Somaliako kostaldeen artean dago.

2023tik gero eta gutxiago dira bide hori hartzen duten ontziak, eta askok Afrika osoa inguratu behar izan dute. Izan ere, Israelek Gazako setioa abiarazi zuenetik, Yemengo huthiek zenbait eraso egin dituzte Itsaso Gorria zeharkatzen ari ziren itsasontzien aurka. Azken urteetan Suezko kanala igaro duten ontzi kopuruari erreparatuta, argi ikusten da jaitsiera hori. Suezko kanaleko agintaritzaren datuen arabera, 2023an 26.434 ontzi pasatu ziren. Ordutik, baina, behera egin du nabarmen. 2024an, erdira murriztu zen kanala zeharkatu zuten ontzien kopurua —13.213 itsasontzi—; iaz, are eta gutxiago izan ziren —12.758—. 

Aurrez, beste gatazka batzuetan, Egiptok oztopatu izan du Suezko kanaleko nabigazioa —1956an nazionalizatu zuen—. Eta 2021ean guztiz bestelako arrazoi batengatik egon zen blokeatuta: Ever Given 400 metroko kargaontzia astebetez trabatuta egon zen Suezen.  

Gibraltarko itsasartea

Europako itsasarte nagusietako bat Gibraltarko itsasartea da; Iberiar penintsularen eta Marokoren artean dago. Europa eta Afrika banatzen ditu, eta tarterik estuenean 14 kilometro zabal da. Urtean 100.000 itsasontzi inguru igarotzen dira bertatik. Mediterraneotik Ozeano Atlantikora eta Europa iparraldera dagoen aterabide bakarra da. Eta kontuan hartu behar da Mediterraneora iristen direla Suezko kanaletik, Asia ekialdetik eta Ekialde Hurbiletik Europara doazen ontziak, baita Itsaso Beltzetik ateratzen direnak ere.

Turkiako itsasarteak

Mediterraneora iristerako, ordea, bi itsasarte igaro behar dituzte Itsaso Beltzetik ateratzen diren ontziek; Turkian daude biak: Bosforo itsasartea eta Dardaneloen itsasartea. Bosforo itsasartea 32 kilometro luze da, eta tarterik estuenean 700 metro zabal; Istanbul hiria bitan zatitzen du. Luzeagoa da Dardaneloen itsasartea: 61 kilometro ditu, eta tarterik estuenean 1,2 kilometro zabal da.

Itsaso Beltzeko irtenbide bakarra da. Eta bereziki garrantzitsuak dira zerealen merkataritzarako; itsaso bidez garraiatzen den zerealen laurdenak Turkiako itsasarteetatik igarotzen dira.

Lehen Mundu Gerran Otomandar Inperioa erori ostean, Turkiak itsasarte horien gaineko subiranotasuna galdu zuen, Erresuma Batuaren mesedetan. 1936an berriz eskuratu zuen, Montreuxeko Konbentzioa sinatu ostean.

Panamako kanala

Suezko kanalak bezala, Panamakoak ere nabarmen laburtu ditu hainbat itsasbide. 1914an amaitu zuten Ozeano Barea eta Atlantikoa lotzen dituen pasabide artifizial hori. Ordutik, itsasontziek ez daukate kontinente osoa inguratu beharrik Ipar Amerikako ekialdeko kostaldetik mendebaldekora edo Asiako ekialdera iristeko. Panamako kanaleko agintaritzaren arabera, 2024ko urritik iazko irailera bitartean, 13.404 ontzi igaro ziren.

1989an, AEBek Panama inbaditu zutenean, blokeatuta egon zen pasabide hori. Gainera, azken urteetan zenbait arazo izan dituzte lehorteak direla eta; kanalean behar baino ur gutxiago egon den garaietan, murriztu egin behar izan dute handik igarotzen zen ontzi kopurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA