Kolonbiako Unibertsitate Nazionaleko irakasle ondokoa

Juan Gabriel Gomez Albarello: «Indarkeriak gora egingo du Kolonbian»

De la Espriella ultraeskuindarrak segurtasuna areagotuko duela promes eginda irabazi ditu Kolonbiako presidentetzarako bozak. Gomezek uste du ez duela arazoa konponduko; are gehiago, protestak eta istiluak izango direlakoan dago.

Juan Gabriel Gomez Albarello. BERRIA
Juan Gabriel Gomez Albarello. BERRIA
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko ekainaren 23a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Telefono deia hartu, eta «zer moduz zaude?» galderari erantzuten hamar minutu baino gehiago eman ditu Juan Gabriel Gomez Albarello (Ibague, Kolonbia, 1968) Zientzia Politikoetan doktoreak eta Kolonbiako Unibertsitate Nazionaleko irakasle ondokoak. Kolonbiako presidentetzarako bozen emaitzek sentiarazi diotena azaltzen saiatu da: «Negar egiteko gogoa baino ez dut nire herrialdeari zer datorkion pentsatuta». Emaitza ofizialak datozen egunetan argitaratuko badituzte ere, lehen zenbaketaren ostean argitu da Abelardo de la Espriella ultraeskuindarra izango dela hurrengo presidentea, Ivan Cepeda ezkerrekoari puntu bateko aldeaz gailenduta. «Nik neuk gogor kritikatu ditut Petroren politikak, baina uste dut erremedioa gaitza baino okerragoa izango dela».

Gustavo Petro egungo presidenteak utzitako zama pairatu du Cepedak?

Petrok segurtasunaren arloan egindako politikak emaitza oso txarrak eman dituzte. Talde kriminalekin negoziatzen aritu da, baina ez du kontzesiorik egin. De la Espriellak, berriz, esan du ez duela inorekin negoziatuko, arrazoia edo indarra erabiliz konponduko dituela arazoak. Haren mezua oso erakargarria da Petroren gobernuaren lana gaitzesten duten askorentzat.

Segurtasunaren inguruan ardaztu du kanpaina De la Espriellak.

Latinoamerikan desberdintasun ekonomiko handiak daude, baita biolentzia tasa altuak ere. Horrek aukera ematen die lider populistei: ezkerrekoek desberdintasunak murrizteaz hitz egiten dute, eta eskuinekoek segurtasunaren arloan jartzen dute arreta.

Lehen itzuliaren aurretik, inkesta guztiak aurka zituen. Zer aldatu da azken hilabetean?

Lehen itzuliaren aurretik, eskuineko sektore batek oraindik bazuen esperantza eskuin tradizionaleko hautagaiak, Paloma Valenciak, irabaz zezakeela. De la Espriella establishment politikotik kanpokoa da, eta botereko elitetik jende oso gutxik babestu zuen, soilik, eskuin mutur-muturreko jendeak. Eskuinarentzat berarentzat arriskutsua zen, baina, bigarren itzulira pasatu zenean, eskuin moderatuak ikusi zuen Cepedak ez zuela atzera egingo Bake Osoarekin, hau da, gerrillariekin negoziatzen jarraituko zuela. Gainera, eskuineko sektore asko beldurtuta zeuden Petrok lortu ez dituen hainbat erreforma egiten saiatuko zela Cepeda. Horregatik, De la Espriellaren alde egin dute.

«Petrok eta petrismoak gaizki tratatu du zentro-ezkerreko jendea. Batzuek De la Espriellaren alde egin dute, eta beste batzuek boto zuria eman dute» 

Zentro-ezkerreko askok ere ez dute Cepedaren alde egin, Petrok ez dituelako ondo tratatu. Zentro-ezkerrekoekin koalizioan gobernatzen hasi zen, baina 2023an hautsi egin zuten akordio hori. Eta ordutik Petrok eta petrismoak gaizki tratatu du zentro-ezkerreko jendea. Batzuek De la Espriellaren alde egin dute, eta beste batzuek boto zuria eman dute. Hori bai, nabarmentzekoa da aspaldian izandako parte hartzerik handiena izan zela igandeko hauteskundeetan.

Ezkerrak iruzurra aipatu du, eta oraingoz ez ditu emaitzak onartu.

Nik uste dut azkenerako onartuko dituztela. Hauteslekuetako epaimahaikidea izana naiz, eta oso zaila da presidentetzarako bozetan iruzurrik gertatzea. 33.000 mahai inpugnatu dituzte, baina horietako bakoitzean zortzi boto gaizki kontatuta egon beharko lukete ezkerrak irabazteko. Nik uste dut lehen zenbaketako emaitzak baieztatuko direla eta Cepedak onartu egingo duela porrota.

Halere, protestak izango direla dirudi.

Bai. Kolonbiako ezkerrarentzat instituzioetatik kanpoko ekintzek pisu handia dute. Hortaz, uste dut orain protestak eta istiluak izango ditugula; eta, De la Espriella gobernatzen hasten denean, protesta gehiago, istilu gehiago eta indarkeria handiagoa. Gainera, De la Espriellak esana du protestak badaude erantzun egingo duela, arrazoia erabiliz ez bada, indarra erabiliz.

Gerrillariekin eta talde kriminalekin ere horrela jardungo duela zin egin du. Ez al da gatazka are eta gehiago gaiztotuko?

Bai, asko. Kontuan hartu behar da Kolonbiako gatazka irregularra dela, eta horrelako gatazkak ezin dira irabazi herritarren babesik gabe. De la Espriellak bultzatu nahi duen ekintza militarren ereduak arazo bat du: gerrillariei laguntza ematen dieten herritar guztiak gerrillari gisa tratatuko dituela, indarkeria erabiliz. Hortaz, herritar horiek ez dituzte estatuaren indarrak babestuko.

«Kolonbiako gatazka irregularra da, eta halakoak ezin dira irabazi herritarren babesik gabe»

Zenbait eskualdetan, gerrillariak etxeetara sartu eta gazteak errekrutatzen dituzte. Herritarrek zein babestuko dituzte? Beren seme-alabak hartzen dituztenak edo beren lurraldeak bonbardatzen dituztenak? ELNren, FARCen disidentzien, Golkoko Klanaren eta horrelako taldeen aurkako gerra bat irabazteko, aurrez, gizarte azpiegiturak eraiki behar dira. Izan ere, talde horiek kontrolatzen dituzten lurralde askotako herritarrek kokaren ekoizpenean aurkitu dute bizirik irauteko modu bakarra. De la Espriellak koka plantazioak fumigatu nahi ditu, eta indar militarra erabili nahi du talde horien aurka zein laguntza ematen dieten herritarren aurka. Indarkeriak gora egingo du.

Atzerri politikari dagokionez, zer aldatuko da?

Kolonbiaren eta AEBen arteko harremana estutu egingo da. AEBek base militar gehiago eraiki nahi badituzte Kolonbian, horretarako aukera edukiko dute. Latinoamerika AEBen atzeko patioa bihurtzeko asmotan ari da Washington, eta Kolonbia garrantzi handikoa da baliabide naturalak ustiatzeko orduan. Orain, meategiak ustiatu nahi dituzten AEBetako enpresei atea zabalduko die De la Espriellak, eta Israelekin harremanak berregingo ditu.

Eta beste batzuekin desegin.

Bai, urrundu egingo da beste estatu batzuengandik. Espainiarengandik, esaterako; Pedro Sanchezen gobernuak edo antzeko ezkerreko koalizio batek jarraitzen badu agintean, asko urrunduko da.

Halere, De la Espriella anbiziotsua da, eta negozioak egiteko aukera badu probestu egingo du; Txinarekin, adibidez. Txinak denbora asko darama hemen; berdin dio agintariak eskuinekoak edo ezkerrekoak diren, lehengaiak esportatzen jarraitu nahi du. Kolonbiako nekazaritza produktuak esportatzen ditu, eta uste dut horretan De la Espriella pragmatikoa izango dela: AEBek uzten dioten heinean, negozioak egingo ditu Txinarekin. Agian mineralak saltzen ez diote utziko, baina papaia, kafea eta arroza saltzen bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA