Kolonbiak ere ultraeskuineko gobernu bat izango du. Abelardo de la Espriellak (Aberriaren Defendatzaileak) irabazi du presidentetzarako bozen bigarren itzulian, eta bera izango da Kolonbiako presidentea aurrerantzean. Inkesta gehienek De la Espriella zeukaten faboritotzat, eta, aurreikuspen horien arabera, lau eta zortzi punturen aldeaz gailenduko zen. Uste baino alde txikiagoarekin nagusitu zaio, ordea, ezkerreko hautagai Ivan Cepedari (Itun Historikoa): botoen %49,66 bildu ditu ultraeskuinak, eta %48,7 ezkerrak. Bien arteko aldea 250.830 botokoa izan da. Ezkerrak, dena den, milaka bozkalekutako emaitzak zalantzan jarri ditu.
«Gaur ez du hautagaitza batek irabazi; bere etorkizuna berreskuratzeko nahia izan duen herri batek irabazi du. Duintasun nazionalak irabazi du, errepublikak irabazi du, eta esperantzak irabazi du». De la Espriellaren hitzak dira, bozetako emaitzak jakin osteko prentsaurrekoan esanak. Barranquillan egin du zaleen aurreko lehen hitzaldia, Leihoa Mundura izeneko monumentuaren aurrean, eta bere garaipena «beste aro baten hasiera» dela adierazi du: «Ez dira garaileak eta garaituak egongo; Kolonbiar guztien presidentea izango naiz (…) Gaurtik aurrera, amaitu dira zatiketak eta liskar politikoak».
¡Gracias Colombia! 🫡
— Abelardo De La Espriella (@ABDELAESPRIELLA) June 21, 2026
(A.D.L.E) 🇨🇴🐅 pic.twitter.com/KTzXtJ9i5M
Kolonbiako Erregistro Nazionalaren arabera, inoizko parte hartzerik handiena izan da hauteskundeetan. 26,3 milioi pertsona inguruk eman dute botoa Kolonbiako presidentetzarako bozen bigarren itzulian; alegia, bozka emateko eskubidea zeukaten herritarren %63,59k —historikoki botoa emateko eskubidea izan duten herritarren %55 inguruk hartu izan du parte Kolonbiako hauteskundeetan—.
Cepedak ez ditu emaitzak onartu, edo ez oraindik, behintzat. «Gaur gauean egin den aurrezenbaketa datu bat besterik ez da. Emaitza oraindik ez da ofiziala», azaldu du bozen osteko agerraldian, Bogota hiriburuan. Horrekin lotuta, ezkerraren hautagaiak eskatu du erne egoteko herrialdeko mahai bakoitzari, eta jakinarazi du bere hauteskunde kanpainako «talde juridikoak» herrialde osoko 33.000 bozkaleku inpugnatu dituela. «Behin zenbaketaren azken emaitza jakinarazten dutenean, eta behar diren egiaztapenak egin ondoren, emaitza ofiziala onartuko dugu».
%65De la Espriellak atzerrian lortu dituen botoen portzentajea. Ozta-ozta nagusitu zaio Abelardo de la Espriella Ivan Cepedari. Atzerrian bizi direnek, ordea, hautagai ultraren alde egin dute, nabarmen. Izan ere, botoen %65 bildu ditu Kolonbiatik kanpo; AEBetan, esaterako, handiagoa izan da aldea, han bizi diren kolonbiarren %80k babestu baitute De la Espriella.
Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak ere Cepedaren bide beretik jo du. Adierazi du oraindik ezin dela presidenterik izendatu, eta «lasai egoteko» eskatu die herritarrei. Era berean, «abokatu demokrata guztiei» dei egin die Kolonbia osoan egingo diren zenbaketetara joateko. «Gaur berehala hartu dute euren burua irabazletzat, zenbaketaren beldur direlako», idatzi du X sare sozialean zabaldutako mezu batean.
De la Espriella zuzenean mintzatu zaio ezkerraren hautagaiari, eta esan dio ezkerrak oposizioa egiteko «berme guztiak» izango dituela. Baina hala Petrori nola Cepedari eskatu die hauteskundeen emaitzak «errespetatzeko», eta mobilizazioak eta «indarkeria ekintzak» sustatzeari uko egiteko: «Ivan Cepeda senatari jauna, ez ezazu izua zabaldu. Ez piztu sute sozialik. Hemen ez da hirugarren itzulirik egongo kalean».
Ikusi gehiago
Izan ere, tentsio handia izan da bi aldeen artean, hauteskunde kanpainan, eta gaur istiluak izan dira Kolonbiako zenbait hiritan. Manifestazioak egin dituzte, esaterako, Calin eta Bogotan; Pedro Sanchez Kolonbiako Defentsa ministroak adierazi du «kontrolpean» daudela.
Aliatu ultren mezuak
Hego Amerikako ultraeskuineko lider ugarik jada zoriondu dute De la Espriella, eta babes mezuak zabaldu dituzte sare sozialetan. Besteak beste, Argentinako presidente Javier Mileik, Txileko presidente Jose Antonio Kastek, Ekuadorko presidente Daniel Noboak eta Boliviako presidente Rodrigo Pazek. De la Espriella haiei ere mintzatu zaie Barranquillako agerraldian, eta esan die «bazkide serioa, aliatu leiala eta kontinentearen askatasunaren aldeko ahots irmoa» izango dela: «Nazioarteko aliatuei esan nahi diet harremanak sendotuko ditugula demokrazia errespetatzen duten herrialde guztiekin; ez dugu harremanik izango askatasuna errespetatzen ez duten herrialdeekin».
De la Espriellak berak jakinarazi du, gainera, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek eta AEBetako estatu idazkari Marco Rubiok telefonoz zoriondu dutela. Trumpek Truth Social bere sare sozialean ere zoriondu du. «Berak irabazi du! Sekulakoa!», idatzi du, ultraeskuinaren hautagaiari erreferentzia eginez. Rubiok ere gauza bera egin du sare sozialetan: «Kolonbiaren egunik onenak iristear daude».
Gogorarazi behar da De la Espriellak hauteskunde kanpainan agindu zuela berak zuzendutako balizko gobernu batean garrantzi handia izango lukeela AEBen eta Kolonbiaren arteko harreman komertzialak. Eta, horrekin batera, uste duela AEBak «aliatu erabakigarriak» direla «krimenari eta narkoterrorismoari» aurre egiteko. «Herriaren baliabideak lapurtzen dituzten narkotrafikatzaileei eta terrorista ustelei jakinarazi nahi diet Kolonbiak Gobernua eta Estatua dauzkala berriro», adierazi du De la Espriellak gaur.