PQ Alderdi Quebectarra independentistak irabazi ditu Quebeceko Asanblea Nazionalerako hauteskundeak. Duela lau urteko emaitzekin alderatuta, nabarmen gora egin du; izan ere, orduan inoizko ordezkaritzarik txikiena lortu zuen —hiru diputatu besterik ez—, eta oraingoan, aldiz, 60 inguru lortzekoa da, proiekzioen arabera. Hori bai, ez luke gehiengo osorik lortuko; 64 aulki beharko lituzke horretarako.
Inkestek diotenez, quebectar gehienentzat ez da lehentasun bat Kanadatik bereizteko erreferendum bat egitea. Paul St-Pierre Plamondon PQren buruzagiak esana dauka, ordea, agintera helduz gero galdeketa batera deitzeko konpromisoa hartuko lukeela. Eta gaur goizaldean Montrealean egin duen agerraldian nabarmendu du «merezi» dutela erreferendum batera deitzea, quebectarrek beren «etorkizun nazionalaz» erabaki dezaten. PQ hamabi urteren ondoren da agintera itzultzekoa.
Quebecen bi independentzia erreferendum egin dituzte: 1980an eta 1995ean. Bi aldi horietan PQ zegoen agintean, eta bietan ezezkoa gailendu zen: aurrenekoan %60k bozkatu zuten kontra; bigarrengoan, berriz, ozta-ozta irabazi zuen ezezkoak (%50,6).
QS Quebec Solidarioa ezkerreko alderdi independentistak ere emaitza onak lortu ditu; proiekzioek diotenez, hamar aulki eskuratuko ditu; 2022ko bozetan baino bat gutxiago, alegia. Eta galtzaile nagusia CAQ Quebecen Etorkizuna Koalizioa izan da, azkeneko zortzi urteotan gobernuan egondakoa. Danbatekoa hartu du: 90 aulki zituen gaur arte, eta orain, berriz, parlamentutik kanpo geratzeko arriskuan dago.