Apirilaren 22an, talde armatu batek 26 turista hil zituen tiroz Indiak kontrolatzen duen Kaxmirko zatian, eta Indiak Pakistani leporatu zion eraso horren erantzukizuna. Orduz geroztik, tentsioa etengabe handitu da bi herrialdeen artean, eta bart lehertu zen: Indiak misilekin eraso dio Pakistani. New Delhiren arabera, bederatzi gune jo ditu, «gune terroristak», ez Pakistango armadarenak. Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroaren arabera, ordea, Indiak zazpi gune jo ditu misilekin, tartean «eremu zibilak». Islamabadek jakinarazi duenez, guztira 26 lagun hil dira Indiaren erasoan, eta bertze 46 zauritu.
Indiak egindako erasoen ondoren, «erabateko erantzuna» emanen zutela adierazi du Sharifek eta «gerra ekintza» horri erantzuteko «eskubide osoa» duela. Eta hala izan da. Ohartarazpena egin eta ordu gutxira ─Euskal Herrian 04:30ak inguru zirela─, Indiaren aurkako operazioa abiarazi du Pakistanek, India iparraldeko zenbait gune bonbardatuz. Indiak goizean jakinarazi duenaren arabera, eraso horietan zortzi herritar hil dituzte. Gainera, Pakistango lehen ministroaren bulegoak komunikatu batean adierazi duenez, armadari «beharrezko neurriak» hartzeko baimena eman diote. Bi herrialdeek lau gerra izan dituzte elkarren kontra Britainia Handiko Inperiotik independentzia lortu zutenetik (1947).
Azken egunetan tentsioa handitzeak kezka eragin du nazioartean, gaur egun potentzia nuklearrak baitira bi herrialdeak. Pakistanek joan den astean ohartarazi zuen Indiaren eraso bat espero zuela. Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak «neurrian» aritzeko eskatu die bi aldeei.
Hain zuzen, Indiako Gobernuak hori adierazi du erasoaren berri eman duenean, «neurrian» jokatu duela, «zehatza» izan dela, eta egin dituen ekintzek ez dutela gatazka areagotzeko biderik ematen. Sindoor operazioa deitu dio erasoaldiari, eta adierazi du «justizia egin» duela iragan hilean Kaxmirren izandako atentatuarengatik. Are gehiago, Indiako Atzerri ministro Vikram Misrik gaur goizean egindako prentsaurrekoan erran duenez, Indiako zerbitzu sekretuek gobernuari helarazitako informazioaren arabera «eraso terrorista gehiago ari ziren prestatzen Pakistandik».

Pakistango Gobernuak, berriz, adierazi du Indiako bortz gerra hegazkin bota dituela. Horiek, hala ere, ez dira izan bi armaden arteko borroka bakarrak. Izan ere, Indiako armadak dioenez, misilen erasoaren ondotik Pakistango militarrek artilleriarekin tiro egin dute bi herrialdeek Kaxmirren duten mugaren alde batetik bertzera. Tiroketa horietan hamabost herritar hil dituzte, New Delhiren arabera.
57Zenbat hegazkin zeuden Pakistango aire eremuan bonbardaketen unean. Pakistango iturri militarrek azpimarratu dutenez, Indiak bonbardaketak egin zituenean nazioarteko 57 hegazkin komertzial ari ziren Pakistango aire eremua zeharkatzen. «Bizitzak arrisku larrian jarri dira», salatu du Ahmed Sharif tenienteak, agerraldi batean.
Horiek horrela, Europatik Pakistanera bidean edo Pakistandik Europara zihoazen hegaldi gehienak bertan behera utzi dituzte. Are, hegazkinek Pakistango eta India iparraldeko aire espazioa saihesteko agindua jaso dute. Indiako aire konpainia nagusi Indigok, erraterako, bertan behera utzi ditu 165 hegaldi. Halere, arratsaldean Pakistango Aireportuen Agintaritzak jakinarazi du herrialdeko aire espazioa «segurua» dela, eta Pakistango aireportu guztiak martxan daudela.
Kaxmir, gatazka gune historikoa
Bi herrialdeek independentzia lortu zutenetik, Kaxmir bien arteko gatazka iturri izan da. Hiru estaturen artean banatuta dago lurraldea: Pakistanen, Indiaren eta Txinaren artean. Indiaren kasuan, biztanle gehienak musulmanak dituen estatu bakarra da Jammu eta Kaxmir —Indiako zatiaren izen ofiziala—. Bi herrialdeek hiru gerra ireki izan dituzte Kaxmir dela eta —1947an, independentzia lortu zuten urtean bertan, 1965ean eta 1999an—, eta Indiak Txinarekin bertze bat, 1962an. Horiez gain, Bangladeshko independentzia gerran (1971), India eta Pakistan ere elkarren kontra borrokatu ziren, eta Kaxmirren izan zuten gerra fronteetako bat. Gainera, 1989an independentziaren aldeko borroka armatua hasi zen Indiaren kontra, eta horri muturreko islamismoaren osagaia ere gehitu zaio. Indiak Pakistani leporatzen dio horrelako taldeak babestea, eta gerretatik aparte bi armadak maiz aritu izan dira elkarri tiroka Kaxmirko mugan, eta tentsio une larriak sortu izan dira behin baino gehiagotan.
Oraingoan, ordea, ohi baino gogorragoa izan da liskarra, Indiak misilak erabili baititu Pakistanen Kaxmirko aldearen kontra ez ezik baita urrutiago dauden Pakistango eremuen aurka ere, eta Sharif Pakistango lehen ministroak «gerra ekintza» deitu die.
Nazioartean kezka berezia sortzen duen auzia da bi herrialdeek arma nuklearrak dituztela. 1999an bi hilabete pasa egin zituzten gerran, eta orduan ere gaitasun militar nuklearra zuten bi aldeek. Historiako bigarren eta, oraingoz, azken aldia izan da halako armak dituzten bi herrialde elkarren aurka gerran hasi direna —Sobietar Batasunaren eta Txinaren artekoa izan zen bertzea, 1969an—. 1999ko gerran Indiako bortzehun soldadu inguru hil ziren; ez da inoiz argitu Pakistango zenbat hil ziren —gutxienez laurehun soldadu hilik, eta gehienez 4.000, uste denez—. Pakistango armada Indiaren aldeko Kaxmirko Kargil barrutitik erretiratu zenean bukatu zen gerra hura, baina gatazka eta tentsioa hainbatetan piztu dira berriz Kaxmirren, oraingo egoerara ailegatzeraino.