Nazioarteak Indiari eta Pakistani eskatu die neurriz jokatzeko

Mosku «oso kezkatuta» dago bi herrialde horiek abiatutako gatazkak eragin dezakeen egoeragatik. Frantziak eskatu du herritarrak babesteko.

Hainbat lagun gaur Muzaffarabaden (Pakistan), Indiaren bonbardaketaren ondorioz hildako pertsona baten hiletan. AMIRUDDIN MUGHAL / EFE
Hainbat lagun gaur Muzaffarabaden (Pakistan), Indiaren bonbardaketaren ondorioz hildako pertsona baten hiletan. AMIRUDDIN MUGHAL / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko maiatzaren 7a
10:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Bai Indiak bai Pakistanek arma nuklearrak dituzte, eta, hori aintzat hartuta, nazioarteko agintariek, oro har, mezu bera helarazi diete gatazkako bi aldeei: neurriz jokatzeko eskatu diete. Frantziako Atzerri ministro Jean-Noel Barrotek, Frantziako zenbait hedabideren aurrean egin duen agerraldian, esan du ulertzen duela «terrorismoaren aurka defendatzeko Indiaren nahia» baina gatazkan dauden bi herrialdeek neurriz jokatu behar dutela, «herritarrak babeste aldera».

Errusiak ere bide beretik jo du. Hango TASS albiste agentziak Errusiako Atzerri Ministerioaren ohar bat aipatuz kaleratu duenez, Mosku «oso kezkatuta» dago bi herrialdeek abiatutako gatazkak eragin dezakeen egoeragatik. Horiek horrela, indarkeria areagotu izana gaitzetsi du, eta bi aldeei eskatu atzerapauso bat emateko, «eskualdeko egoera are gehiago ez korapilatze aldera».

Kaxmir eskualdea izan da, besteak beste, Pakistanen eta Indiaren arteko gatazka pizteko arrazoietako bat. Bi herrialde horiek ez ezik, Txinak ere kontrolatzen du eskualde horren parte bat. Bada, Txinako Gobernuak ohar bat kaleratu du, eta bere herritarrei eskatu die ez bidaiatzeko eskualde horretara. Gainera, Atzerri Ministerioko bozeramaileak Indiaren jarrera salatu du prentsaurreko batean: «Indiak gaur goizean egindako ekintza militarrak arbuiatzen ditugu, eta kezkatuta gaude eskualdearen bilakaerarekin. Txina terrorismo mota guztien aurka dago».

Indiaren erasoa gaitzetsi du Ankarak ere. Turkiako Atzerri Ministerioak ohar batean adierazi du herritarrak izan direla bonbardaketa horien helburu. Eta, ohartarazi duenez, New Delhiren «urrats probokatzaileek» atea ireki diote «erabateko gerra bati».

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek beste urrats bat egin du, eta, kazetariek galdetutakoari erantzunez, adierazi du gertatutakoa «lotsagarria» dela: «Uste dut jendeak bazekiela zerbait gertatuko zela, ikusita iraganean zer gertatua zen. Denbora asko daramate borrokan. Hamarkada asko. Espero dut azkar amaitzea».

Erresuma Batua prest agertu da bitartekari lanetan aritzeko. Keir Starmer lehen ministroaren arabera, bi herrialdeen artean elkarrizketa bultzatu nahian ari da Londres. Pakistan eta India «lagun» eta «bazkide» gisa dituztela gaineratu du Jonathan Reynolds Ekonomia ministroak BBC irratian emandako elkarrizketa batean. Ziurtatu du bi estatuei egonkortasuna eta elkarrizketa interesatzen zaizkiela, eta jakinarazi Londres laguntzeko prest dagoela. India eta Pakistan Britainia Handiko Inperioaren parte izan ziren 1947ra arte.

Kezka adierazi dute Pakistanekin eta Indiarekin muga egiten duten herrialdeek ere; hala nola, Iranek eta Bangladeshek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.