Brasilgo Auzitegi Gorenak berretsi du herri indigenek beren lurralde historikoaren gainean duten jabetza eskubidea konstituzionala dela, lur horiek tradizionalki eta modu jarraituan okupatu badituzte. Eta argitu du eskubide horrek ez duela denbora mugarik. Hala, Gorenak baztertu egin du eskubide horren eragina denbora tarte jakin batera murrizteko eskaria. Ekintzaile indigenek garaipen historikotzat jo dute, baztertu egin dituelako nekazaritza eta abeltzaintza industrialari lotutako lobbyek eta ultraeskuineko indar politikoek aurkeztu dituzten argudioak. Talde horiek eskatu zuten indigenek lurren gainean duten eskubidea mugatu zedila Brasilgo Konstituzioa onartu zenean okupatuta zeuzkaten eremuetara, hau da, 1988ko urriaren 5ekoetara. Baina, atzo, eskubidea epe jakinik gabe berrestearen alde bozkatu zuten bederatzi epailek; bi agertu ziren kontra.
Goreneko magistratuen gehiengoak konstituzioaren 231. artikulua hartu du oinarritzat. Jasotzen duenez, lurralde indigenak dira Brasilgo jatorrizko herriek era jarraituan bizitokitzat eduki eta jarduera produktiborako erabili dituztenak, eta natur baliabideen eta ohitura eta tradizio indigenen babeserako ezinbesteko direnak. Azaldu dutenez, konstituzioak «jatorrizko eskubideak» aitortzen dizkie herri indigenei lur horien gainean; beraz, eskubide horiek konstituzioa baino lehenagokoak dira, eta ezin dira legez mugatu.
Gorenak ontzat jo izan balu nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren lobbyak egindako eskaria, aitortza horretatik kanpo utziko zituzkeen indigenek 1988a baino askoz ere lehenago tradizionalki okupatu zituzten lurrak baina kolonoek indarrez kendutakoak.
Indigenen eskubideen aldeko ekintzaile askok emozioz ospatu dute epaia. Horietako ehunka auzitegiaren aurrean bildu ziren, atzo, epaiaren zain, eta pantaila handien bidez ikusi zuten auzia. Indigenek aldarrikatzen dituzten lurretako asko Amazonia oihanean daude, eta, beraz, elkarte indigenek uste dute epaia garrantzitsua dela ingurumena babesteko. Amazonia da munduan biodibertsitaterik handiena biltzen duten natur eremuetako bat, eta zientzialariek ezinbestekotzat jo dute hura babestea klima larrialdiari aurre egiteko. Datuek frogatzen dute indigenen esku dauden lurraldeetan zaindu direla hobekien basoak eta biodibertsitatea.
Indigena talde bat, atzo, Brasilgo Auzitegi Gorenaren parean, erakunde horrek indigenen lurren gaineko eskubideari buruz emandako epaia ospatzen. ANDRE BORGES / EFE
Denbora esparrua izenez ezagun egin den mugaren aldekoek argudiatu dute halakorik onartu ezean indigenen lur aldarrikapenak amaigabeak izan daitezkeela, Brasilgo lurralde osoa zelako herri indigenena, Portugalgo Erreinuak XVI. mendean hura kolonizatu aurretik.
Indigenei lurren gaineko eskubide konstituzionala aitortuta, Gorenak legezko formulak eraiki beharko ditu orain, argitzeko zer egoera juridikotan gelditzen diren indigenek aldarrikatzen dituzten hainbat lur eremu, urteetan lur jabe handiek okupatu dituztenak; gehienetan, argitu gabeko lege oinarriarekin.
Epaile batzuek nabarmendu dute lur jabe horietako askok tokiko administrazioei erosi zizkietela okupatu dituzten eremuak, administrazioek lurren salmentarako baliatu zituztelako 1988ko konstituzioaren aurretik zeuden hutsune legal handiak.
Alexandre de Moraes epaileak, esaterako, proposatu du indigenek aldarrikatzen dituzten lur horiek erosi zituztenek eremua uztea, kalte ordain baten truke; edo herri indigenei beste lur batzuk egokitzea, aldarrikatzen dituzten horien pareko eremua hartzen dutenak. Formula hori ez litzaieke ezarriko indigenak indarrez kanporatu zituzten okupatzaileei. Horiek inolako ordainik gabe kanporatzea proposatu du magistratuak.
Eztabaida Senatuan
Auziak eztabaida piztu du talde politikoen artean. Senatuko batzorde bat lege proposamen bat aztertzen ari da Gorenak baztertu duen denbora muga ezartzeko. Senatua datorren astean da proposamena bozkatzekoa, eta, onartuko balu, goi ganberara itzuliko da azken bozketa egiteko —Diputatuen Ganberak haren tramitazioari bide eman zion maiatzean, 283 ordezkariren babesarekin, eta kontrako 155 botorekin—. Senatari batzuek ohartarazi dute ekinaldiak ez duela ibilbide luzerik izango, Gorenera iritsiko delako konstituzioaren aurkakoa izateagatik. Auzitegiak atzoko epaian adierazi zuen indigenek beren lur historikoei dagokienez duten eskubidea «jatorrizkoa» dela, eta lege batek ezin diola denbora mugarik jarri.
Datu ofizialen arabera, Brasilgo indigenek herrialdeko eremuaren %14 okupatzen dute, 700 esparru baino gehiagotan banatuta. Estatua beste 490 eremuren gaineko eskariak aztertzen ari da. Lur indigenen demarkazioa egitea estatuko erakundeen betebeharra da, konstituzioak zehazten duenez. Botere publikoak herri indigena bati lursail bat egokitzean, haren gaineko eskubide preskribaezina aitortzen dio, eta beste batek ezin du eremu horretako baliabiderik ustiatu Kongresuaren baimenik gabe.
Hala ere, Jair Bolsonaro presidente ohiaren gobernuak eten egin zuen lan hori. Eskuin muturreko liderraren esanetan, lur indigenen hedatzeak «bideraezin» egingo luke nekazaritza eta abeltzaintza gehiago garatzea.
Luiz Inacio da Silva Lula presidenteak berriz abiarazi ditu lur indigenen mugak zehazteko mekanismoak. Estatuburuak adierazi izan du indigenen jabetza eskubideari denbora muga bat ezartzearen aurkakoa dela.