Berotegi efektuko gasen isuriak pixkanaka murrizten ari dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2024ko datuen aurrerapen bat egin du Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren parte den ingurumen erakunde publikoak, eta, neurtu dutenez, 2023tik 2024ra %1 murriztu dira emisioak. Datuak 2005. urtearekin konparatuta, murrizketa %38koa da; erritmo horri eutsita, EAEko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeak 2030erako jarritako %45eko murrizketa beteko litzateke. Beraz, erakundeak uste du «bide onetik» doazela helburuak betetzeko.
DATUAK
-%38EAEko isuriak zenbat urritu diren 2005etik 2024ra. Ihobek aurreratutako informazioaren arabera, 2005etik hona %38 gutxitu dira berotegi efektuko gasen isuriak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
%15Garraioaren arloan isuriak zenbat handitu diren 2005etik 2024ra. 2005etik hona garraioaren sektorea izan da isuri gehiago izan zituen sektore bakarra. %15 handitu dira azken ia 20 urtean.
-%50Industriaren emisioak zenbat jaitsi diren 2005etik 2024ra. Azken ia hogei urteetan erdira murriztu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industria enpresen isuriak.
Horrez gain, nabarmendu dute BPG barne produktu gordinaren hazkunde betean gertatzen ari dela isurien gutxitze hori, azken urtean %2,2 hazi baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia; 2005etik hona, berriz, hazkunde hori %30ekoa izan da. Josu Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea, aurkezpenean izan da, eta adierazi du datu horiek elkarrekin irakurrita erakusten dutela posible dela «isuri gutxiko ekonomia bat lortzeko aurrerapausoak egitea, ekonomiaren garapenari» kalte egin gabe.
Arrakasta izateko tresnak
Sailburuordearen esanez, datu horiek baikor izaten hasteko modukoak dira. Adierazi du autonomia erkidegoak gertuago duela 2050eko helburu handia: karbono neutraltasuna. «Lorpentzat» jo du, baina ez soilik Eusko Jaurlaritzaren lanagatik, baita «enpresen, udalerrien, gizarte eragileen eta herritarren» lanagatik ere.
Bilbaok uste du bi tresna «funtsezko» daudela «arrakasta» horren atzean: lehenik eta behin, onartutako azken industriaren rola nabarmendu du, industria estrategiaren ardatzetako bat delako orain ekonomiaren deskarbonizazioa. Hori dela eta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresa industrialak energia eraginkortasuna, ekonomia zirkularra eta teknologiaren berrikuntza bultzatzen ari dira.
«Legea [EAEko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketarena] anbiziotsua da, eta berritzailea diseinuan, esparru berean jartzen baititu trantsizio energetikoa eta klima aldaketa, txanpon beraren bi aldeen pare»
JOSU BILBAO Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea
Bigarrenik, 2024ko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea goratu du, zeinak «jarraitu beharreko bidea eta erdietsi beharreko helburuak» zehazten dituen. «Legea anbiziotsua da, eta berritzailea diseinuan, esparru berean jartzen baititu trantsizio energetikoa eta klima aldaketa, txanpon beraren bi aldeen pare».
Isurien murrizketak sektoreka
Emisioen %1eko murrizte hori bereziki energiaren sektorearengatik jazo dela uste dute, sektore horrek %5 murriztu baititu karbono isuriak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2024an. Industriak ere badu zeresana horretan, %9 gutxitu baita sektore horren karbono kutsadura. Zifra absolutuak ikusita, 0,25 eta 0,25 milioi tonako isuri murriztea da hori, hurrenez hurren.
Baina txanponaren beste aldean daude gainontzeko sektoreak, denetan handitu baitira isuriak. Garraioaren sektorean handitu dira gehien isuriak, %6; 0,35 milioi tona CO2 gehiago da hori, 2023arekin konparatuta. Etxebizitzen eta lokalen isuriak %4 handitzea aurreikusi dute, 0,02 milioi tona CO2 gehiago, eta zerbitzuen sektorean, berriz, %1 (+0,004 milioi tona). Azkenik, nekazaritzan eta abeltzaintzan %3 handitu dira isuriak, 0,02 milioi tona gehiago. Balantze globalean, beraz, 0,16 milioi tona CO2 gutxiago isuri dira 2024an 2023an baino.
2005. urtearekin erkatuta, garraioaren sektorea da isuriak handitu diren bakarra (+%15). Etxebizitzen emisioak %34 murriztu dira, zerbitzuenak %41, eta industriak erdira jaitsi dira. Nekazaritzan %51 murriztu dituzte isuriak, energiaren sektorean %56, eta, azkenik, hondakinen sektorean %57.