Ion Iliescu Errumaniako presidente ohia hil da

1989ko iraultzaren ondorioz gobernu komunista erori ostean hartu zuen herrialdearen ardura. Biriketako minbizia zuen. 95 urterekin hil da.

Ion Iliescu Errumaniako presidente ohia, artxiboko irudi batean. ROBERT GHEMENT/EFE
Ion Iliescu Errumaniako presidente ohia, artxiboko irudi batean. ROBERT GHEMENT/EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko abuztuaren 5a
19:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Ion Iliescu (1930-2025) hil da gaur arratsaldean, Errumaniako gobernu komunista erortzea eragin zuen 1989ko iraultzaren ostean hautatu zuten lehen presidentea. Errumaniako Gobernuak eman du heriotzaren berri. 95 urterekin hil da, Bukaresteko ospitale batean, biriketako minbiziagatik bi hilabete bertan eman eta gero; urgentziazko ebakuntza egin zioten atzo, eta zainketa intentsiboetako unitatean zegoen.

Iliescu FSN Nazioa Salbatzeko Frontearen sortzaileetako bat izan zen, gaur egungo Alderdi Sozialdemokrataren aurrekoaren sortzaileetako bat. Alderdiak adierazi du, kaleratu duen ohar batean, «egun biziki goibela» dela gaurkoa: «Errumaniako iraultzaren eta herrialdearen historia garaikideko pertsonaia nabarmena izan zen»; «lider sendoa izan zen, gehienek maitatu zuten, eta besteek aurre egin zioten, demokrazian gertatu ohi den bezala».

FSN mugimendu politikoak hartu zuen trantsiziozko gobernua gidatzearen ardura 1989ko abenduan, Errumaniako Errepublika Sozialista erori ondoren —Nicolae Ceausescu orduko presidentea eta Elena Ceausescu lehen ministrordea atxilotu zituzten, eta exekutatu, besteak beste, genozidioa leporatuta—. Behin alderdi gisa antolatuta, hurrengo urteko parlamenturako bozak irabazi zituen FSNk, baita Iliescuk presidentetzarakoak ere. Guztira hiru alditan hautatu zuten presidente: 1990eko, 1992ko eta 2000ko bozetan. Haren azken agintaldian bihurtu zen Errumania NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide, 2004an. Herrialdea EB Europako Batasuneko kide izateko bidea ere urratu zuen —2007an batu zen klubera—.

Errumaniako Fiskaltzak presidente ohiaren kontrako auzibidea du irekia, gizateriaren kontrako krimenak egozten baitizkio. 1990era egin behar da atzera: Iliescuk zuzendutako behin-behineko gobernuaren aurka manifestazio jendetsuak hasi zituzten Bukaresteko Unibertsitateko plazan, 1989ra arteko gobernu komunistarekin harremana zuten agintariek dimisioa eman zezatela exijitzeko. Horien artean Iliescurena berarena, zeina Errumania komunistako asanbleako kide ez eze PCR Errumaniako Alderdi Komunistako batzorde zentralekoa ere izan zen.

Auzibidea ulertzeko orduko gobernu berriaren kontrako protesta oldeen artean —Mineirada ere esaten zitzaien (meatzaldia), agintariek meatzariak deitu baitzituzten manifestazioak baretzeko—, 1990eko ekain erdialdekoak hartu behar dira aintzat. Lau lagun hil ziren protesta haietan, 1.300 zauritu zituzten, eta 1.200 atxilotu. 2005ean auzipetu nahi izan zuten presidente ohia, gizadiaren kontrako krimenengatik, baina bi urte geroago karguak erretiratu zituzten. 2017an beste behin abiatu zuten ikerketa, nahiz eta 2020an prozesua bertan behera geratu zen. Azkenik, fiskaltzak beste behin ireki zuen auzibidea, iragan apirilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.