Munduko eskualde askotan tenperatura hotzak izan badira ere, inoizko bosgarren urtarril beroena izan da 2026koa. Europako Batzordearen Copernicus ikerketa zentroak argitaratutako datuen arabera, 1850. urtetik 1900. urtera arteko batez besteko tenperaturekin alderatuta, 1,47 gradu zentigradu beroagoa izan da aurtengo urtarrila —1991tik 2020ra bitarteko batezbestekoarekin alderatuta, berriz, anomalia 0,51 gradukoa izan da—. Erdiko Eperako Aurreikuspen Meteorologikoetarako Europako Zentroko klima arduradun estrategikoak, Samantha Burgessek, urteko lehen hilabetean izan den joera azaldu du: «2026ko urtarrilak ederki oroitarazi digu ezen klimaren sisteman, batzuetan, tenperatura oso hotzak eta oso beroak tartekatzen direla».
Izan ere, Ipar Hemisferioaren eremu handi batean tenperaturak azken urteetakoak baino hotzagoak izan dira. Bereziki Ipar Amerikan, Europan eta Siberian izan dira hotz boladak, Ipar polotik hegoalderantz ohi baino gehiago hedatu den korronte hotzagatik: «Hala, Artikoko aire izoztua tarteko latitudeetara zabaldu da». Hori dela eta, Europan batez beste -2,34 graduko tenperatura izan da urtarrilean, 1991tik eta 2020ra bitarteko batezbestekoa baino 1,63 gradu hotzagoa. 2010etik hona Europan erregistratu den urtarril hotzena izan da.
Hala ere, Artikoko eskualde askotan —Kanadako uhartedietan, Baffin badian, Groenlandian eta Errusiako ekialdean, esaterako— ohi baino tenperatura beroagoak izan dituzte aurreko hilabetean. Hego Amerikan, Afrika iparraldean, Asiaren erdialdean, Australian eta Antartikan ere beroagoak izan dira tenperaturak. Horregatik, nahiz eta Euskal Herrian eta inguruko eskualdeetan hilabete hotza izan den, munduan badira tenperatura beroak izan dituzten txokoak.
'La Niña' arina
Lurraren gainazalaren %70 baino gehiago hartzen dute ozeanoek; beraz, itsasoetako airearen tenperaturak garrantzi handia du Lurraren berotzea kalkulatzeko. Ekuatoretik 60 gradu iparraldera eta 60 gradu hegoaldera, ozeanoen gainazaleko tenperatura batez beste 20,68 gradukoa izan da tarte horretan —Lurraren erdiko bi heren hartzen ditu eremu horrek—. Inoizko laugarren urtarril beroena izan da, eta 2024ko urtarrila baino 0,29 gradu hotzagoa; hilabete hori inoizko urtarril beroena izan da. Ozeano Atlantikoko eskualde batzuetan inoizko tenperatura beroenak erregistratu dituzte. Ozeano Barearen iparraldean, berriz, tenperatura «oso beroak» izan dituzte.
Ekuatoreko Ozeano Barea da munduko itsas masa handiena, eta haren joerek, hein handi batean, Lurreko batez besteko tenperatura baldintzatzen dute. Bertan badira ziklikoki agertzen diren fenomenoak: La Niña fenomeno hotza da, eta El Niño, berriz, beroa. Bada, 1991tik 2020ra arteko batezbestekoarekin alderatuta, tenperaturak pixka bat hoztu dira inguru horretan, La Niña fenomenoak nolabaiteko eragina izan baitu. Indiako ozeanoan, Ozeano Barearen hegoaldean eta Tasmaniako itsasoan ere ohi baino tenperatura hotzagoak neurtu dituzte.
Europako zona batzuetan ohi baino euri gehiago egin duela ere nabarmendu dute Copernicuseko zientzialariek, eta uholde batzuk ere erregistratu dituzte. Europa erdialdean eguraldia lehorra izan da oro har.
Izotz gutxi Artikoan
Urtarrilean ohi baino izotz gutxiago neurtu dute adituek poloetan. Izan ere, aipatu bezala, Ipar Amerikan, Europan eta Siberian tenperaturak ohi baino hotzagoak izan diren arren, Ipar poloan ohi baino beroagoak izan dira. Esaterako, Siberiako inguru batzuetan tenperaturak zazpi gradu hotzagoak izan dira, eta Kanadako leku batzuetan, berriz, zazpi gradu beroagoak. Datu horiek azken hiru hamarkadetako batez besteko tenperaturekin alderatu dituzte. Urtarrilaren 24a izan da kontraste handieneko eguna, anomaliak hamabi gradura iritsi baitziren, bai positiboki eta bai negatiboki ere.
Horren ondorioz, ohi baino izotz gutxiago dago aurtengo urtarrilean. Artikoan, itsasoko izotz geruza %6 murritzagoa izan da; soilik bi urtetako urtarrilean neurtu dute murrizketa handiago bat. Barents itsasoaren iparraldean, Baffin badian eta Labrador itsasoan «batezbestekoa baino askoz txikiagoa» izan da itsasoko izotzaren azalera, «tenperatura oso beroekin kointzidituz».