Ipar Irlandako gatazkarako amnistia onartu dute, alde guztiak kontra egon arren

Ikerketetan kooperatuz gero, hilketengatik akusaturikoek immunitatea jasoko dute. Irlandako Errepublika lege hori auzitara eraman ala ez aztertzen ari da

Ipar Irlandako gatazka armatuko biktima baten familia protesta egiten, Erresuma Batuko Gobernuaren egoitzatik gertu, iazko maiatzean. ANDY RAIN / EFE.
ander perez zala
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Errepublikanoak kontra daude, baita unionistak ere. Biktimen taldeak ere bai, eta jarrera bera dute Irlandako Errepublikak, gobernuz kanpoko erakundeek eta Europako Kontseiluak, esaterako; eta, halere, Erresuma Batuko Gobernuak aurrera egitea erabaki du, neurriak eztabaida handia eragin duen arren. Ipar Irlandako gatazka armatuaren garaiko hilketen akusatuek amnistia jasoko dute, horiei buruzko ikerketetan kooperatzen badute. Erresuma Batuko Komunen Ganberak atzo eman zion oniritzia lege proiektuari, eta horrek, praktikan, auzipetzeak preskribatzea ekarriko du, beste hainbat ondorioren artean.

Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministro izan zen Brandon Lewisek (2020-2022) eman zuen amnistia emateko asmoaren berri lehen aldiz, 2021eko uztailean, eta orduan argudiatu zuen «geroz eta argiago geratu» zela «ikerketa kriminalek» ez dutela «esperotako emaitzarik» emango. Ipar Irlandako Polizia Zerbitzua mila kasu baino gehiago aztertzen ari da egun, gehienak duela lau hamarkada gertaturikoak, eta horiek ikertzeko gutxienez hogei urte beharko lituzke; hori kontuan hartuta, eta orain arteko bide judizialen egoerak baloratu ostean, Lewisek adierazi zuen aldaketa bat ezinbestekoa dela «egia eta berradiskidetzea babesteko». Gerora, iazko uztailean, jasandako presioaren ondorioz, baldintza bat jartzea erabaki zuen: ikerketetan kooperatzea.

1970eko hamarkadatik 1998ko bake ituna—Ostiral Santuko Akordioa— sinatu arte 3.500 lagun inguru hil eta 40.000 zauritu zituzten Ipar Irlandan, baina kasu horietako asko oraindik ere argitzeko daude. Gaur onarturiko neurriak Erresuma Batuko armadako soldaduei zein IRA Irlandako Armada Errepublikanoko boluntarioei eragingo lieke —ez diete indulturik emango jada zigorturikoei—, eta helburutzat dauka, Londresen arabera, gatazka armatuaren «legatua lantzea eta berradiskidetzea sustatzea». Horretarako, besteak beste, ICRIR Informazioa Berreskuratzeko eta Adiskidetzerako Batzorde Independentea eratuko dute; talde hori arduratuko da ikerketez, bost urteko iraupena izango du, eta 292 milioi euroko aurrekontu bat kudeatuko du.

Lantalde horrekin aritzea ukatzen dutenek ez dute lortuko egozten dizkieten delituek preskribatzea, eta, beraz, auzipetuak izateko ateak irekita jarraituko du haien kontrako «nahikoa froga badago edo frogak agertzen badira», lege proiektuak jasotzen duenez.

Amnistiaren aferak eztabaida eragin du Erresuma Batuko Parlamentuan ere; batez ere, Lorden Ganberan. Atzo Komunen Ganberara itzuli aurretik, goi ganberan izan zen, eta zuzenketa bat aurkeztu zuten auzipetzeak preskribatzeko aukera kentzeko; azkenean, ordea, hori kentzea erabaki zuten, eta modu horretan iritsi da behe ganberara.

Gainera, onartu berri duten lege proiektuak atea ixten dio ikerketa gehiago hasteari, baina horretan ez dute aldaketarik egin; edonola ere, Alderdi Kontserbadoreak gehiengo osoa du Komunen Ganberan, eta zuzenketa horiek bertan behera utziko zituzkeen, Ipar Irlandarako ministro Chris Heaton-Harrisek joan den uztailean iradoki modura: «Gobernu honek uste du baldintzapeko immunitatea funtsezkoa izango dela informazio kopururik handiena ahalik eta azkarren biltzeko».

«Antidemokratikoa»

Sinn Fein eta DUP Alderdi Demokratiko Unionista, Ipar Irlandako bi alderdi nagusiak, Londresek sustaturiko lege proiektuaren aurka agertu dira urteotan. Sinn Feineko presidenteorde Michelle O'Neillek iragan abuztu amaieran esan zuen testu horrek «giza eskubideak ukatzen» dizkiela «biktimei eta beren familiei», eta «antidemokratikoa eta bidegabea» dela.

Eta joan den ekainean, kasurako, DUPeko buruzagi Jeffrey Donaldsonek mezu bat bidali zion Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunaki, lege proiektua bertan behera utz dezala eskatzeko. Horren alde agertu dena, aldiz, Ipar Irlandako Beteranoen Mugimendua izan da, Irlanda iparraldean aritu ziren 200.000 soldadu ohi ordezkatzen dituen taldea.

Badirudienez Londresek ez duela atzera egingo, baliteke Irlandako Errepublikako Gobernuak afera auzitara eramatea. Micheal Martin lehen ministroakFinancial Times egunkariari iragan igandean adierazi zionez, aukera hori aztertzen ari dira, gomendio juridikoa eskatu baitute. «Bi aste barru» jasoko dute erantzuna, eta orduan erabakiko dute Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo ala ez —Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadoreko sektore batzuk horretatik ateratzeko presio egiten ari dira—: «Ez dugu ezer baztertzen. Hau lantzen dugu biktimak gure kezken erdigunean jarrita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.