Ipar Kataluniako herriko etxeetako osoko bilkuretan katalanez aritzea galarazi dute

Montpellierko auzitegiak ebatzi du katalana erabiltzea konstituzioaren aurkakoa dela, «frantsesaren nagusitasuna» zalantzan jartzen duelako

Elnako auzapez Nicolas Garcia (Ipar Katalunia), ezkerrean, beste hautetsi batzuekin, Montpellierko epaiketan. VILAWEB.
ander perez zala
2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Elnako, Els Banys i Palaldako, Portvendreseko, Tareraceko eta Sant Andreu de Suredako herriko etxeek (Ipar Katalunia) beren araudiak aldatzea erabaki zuten osoko bilkuretan katalanaren erabilera bermatzeko, baina Montpellierko Administrazio Auzitegiak atzo ebatzi zuen bileretan hizkuntza horretan aritzea Frantziako Konstituzioaren aurkakoa dela, «frantsesaren nagusitasuna» zalantzan jartzen duelako. Erabaki horren ondorioz, bost udalerriek datozen hiru hilabeteetan aldatu beharko dute, berriz, beren araudia.

Herriko etxeek argudiatu zuten Hizkuntza Gutxituen Europako Itunak modua ematen ziela katalana erabiltzeko, baina auzitegiak erantzun du akordio hori betetzea ez dela «nahitaezkoa». Epailearen arabera, araudiek frantsesaren estatusari kalte egiten diote, osoko bilkuretan «lehenik katalanez» aritu eta «gero frantsesera itzultzen» den kasuetan; hau da, argudiatu du frantsesera itzultzea ez dela nahikoa, ordena horretan hizkuntza hori bigarren mailakotzat jotzen dutelako. «Itzulpenetan erabil daiteke katalana».

Elna izan zen lehena bere araudia aldatzen, eta prozedura hau zehaztu zuen: katalanez mintzatu nahi duten hautetsiek hala egin dezaketela, betiere esandakoa gero frantsesera itzultzen bada. Testuen kasuan ere, frantsesaren itzulpena bermatzea zen asmoa, eta hizkuntza horretan idatzitakoak nabarmentzea katalanaren aurrean.

Auzitegiaren erabakiaren berri jakin eta berehala, herrietako hautetsiek agerraldia egin zuten, eta azaldu zuten bide judiziala oraindik ez dela amaitu. Elnako auzapezorde Pere Manzanaresek, adibidez, adierazi zuen «lasterketaren lehen etapa galdu» dutela, baina «gainontzeko aukerak» ere erabiliko dituztela: «Helegitea jarriko dugu [Okzitaniako] Tolosako Administrazio Auzitegian, gero [Frantziako] Estatu Kontseiluan, eta, azkenik, beharrezkoa balitz, Giza Eskubideen Europako Auzitegian».

Hori bai, herriko etxeen abokatu Mateu Ponsek azaldu zuen auzitegiaren erabakiak «inplizituki» ireki diola atea bilera horietan lehenik frantsesez hitz egin eta gero katalanera itzultzeari. Hortaz, Portvendreseko auzapez Gregory Martik esan zuen horren arabera aldatuko dutela herriko araudia: «Eta, gero, ea zer egiten duen prefetak».

Rodrigue Furcy Ekialdeko Pirinioetako Departamenduko prefetak eraman zuen kasua auzitara, argudiatuta «Frantziako Errepublikako hizkuntza frantsesa» dela. Herriko etxeei eskatu zien araudia aldatzeko, baina, ezezkoa jaso zuenez, auzitara jotzea erabaki zuen.

Korsikeraren kasua

Atzoko erabakiak martxoko beste bat oroitarazi du; kasu horrek korsikerarekin du zerikusia. Bastiako Administrazio Auzitegiak ebatzi zuen hizkuntza hori ezin zela erabili Korsikako Asanblean, hori egitea ere Frantziako Konstituzioaren kontrakoa delakoan.

Uharteko parlamentuak 2021ean onarturiko ebazpenak dio «Korsikako Asanblearen hizkuntza eta eztabaidak frantsesa eta korsikera» direla. Justiziak ez zuen legezkotzat jo hori, eta bertan behera utzi zuen testua.

Frantziako Gobernua eta Korsikako hautetsiak uhartearen etorkizun instituzionala negoziatzen ari diren honetan hartu zuen erabakia auzitegiak, eta horrek are gehiago gaiztotu du bien arteko harremana.

Eta, 2014an, Paueko Administrazio Auzitegiak atzera bota zuen Uztaritzeko Herriko Etxeak (Lapurdi) harturiko deliberoa: euskara hizkuntza ofizial izatea herri horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.