Ipar itsasoari zuku gehiago aterako diote, 100 gigawatteko potentzia izango duten haize errotak jarrita

Energia berriztagarrien hedapenean eta defentsan lankidetza indartzeko akordioa egin dute Ipar itsasoaren inguruko bederatzi herrialdek. Danimarkak eta Alemaniak hiru gigawatteko zentral eoliko bat egingo dute elkarrekin.

Herrialdeetako eta NATOko ordezkariak, atzo, Hanburgon. MORRIS MACMATZEN / EFE
Herrialdeetako eta NATOko ordezkariak, atzo, Hanburgon. MORRIS MACMATZEN / EFE
inaut matauko rada
2026ko urtarrilaren 27a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herrialde askok dute kostaldea Ipar itsasoan. Belgika, Frantzia, Herbehereak, Irlanda, Erresuma Batua, Danimarka, Alemania eta Norvegia dira horien artean nagusiak, eta Luxenburgorekin batera, Hanburgon (Alemania) elkartu ziren atzo, Hanburgoko Adierazpena sinatzeko. Elkarlana indartzea adostu zuten, bereziki segurtasunaren eta energiaren alorrean. Besteak beste, itsasoko haize erroten proiektuak bultzatu nahi dituzte, eta helburua da denera 100 gigawatteko potentzia izango duten zentral eolikoak bultzatzea.

Izan ere, ez horren aspaldi, itsasorik ez zegoen Britainiar uharteen eta Europaren artean, baina bereizi egin ziren duela 9.000 urte inguru. Hori dela eta, Ipar itsasoak plataforma kontinental oso zabala du, hau da, itsaso horren parterik handienak sakonera txikia du. Horrek asko errazten ditu hainbat praktika estraktibista, tartean zentral eolikoak jartzea eta petrolio hobiak ustiatzea. Aipatutako herrialde horietako batzuk, Erresuma Batua bereziki, hobi gehiago aurkitzeko lanetan ari dira azken urteetan, adibidez.

Akordioan bitartez, erdietsi nahi dute Ipar itsasoa «energia garbiaren munduko zentro nagusia» izatea. Horrez gain, arlo militarrean ere elkarlana handitu nahi dute sinatzaileek, NATOren barruan. Hanburgoko Adierazpena modu orokorragoan hartuta, antzeman daiteke herrialdeek autonomoago izan nahi dutela munduko potentzien arteko borrokan: energia iturriak ziurtatu asmo dituzte, eta defentsa indartu. Luze gabe denera 100 gigawatteko potentzia izango duten proiektuak egin nahi badituzte ere, 2023an adostu zuten 2050. urterako 300 gigawatteko potentzia bermatzeko moduko azpiegiturak eraikitzea.

Danimarka eta Alemania

Atzo Hanburgon egin zuten bilera aprobetxatuta, Danimarkak eta Alemaniak beste akordio bat egin zuten, Bornholm izeneko «uharte energetikoa» eraikitzeko. Bornholm irlaren kostaldetik hamabost kilometrora jarri nahi dute zentral eolikoa, itsasoan. 2030erako hiru gigawatteko potentzia izatea da asmoa. Bornholm irla Danimarkako penintsularen ekialdean dago, Poloniaren eta Suediaren artean.

Alemaniak eta Danimarkak argindar sarea haize errotetaraino luzatuko dute, energia hortik sareratzeko. Friedrich Merzek, Alemaniako kantzilerrak, akordioa goratu zuen, eta azaldu «erresilienteago» izaten lagunduko diela Alemaniari eta Danimarkari: «Alemaniarentzat eta Danimarkarentzat ez ezik, proiektu hau onuragarria izango da Europarentzat ere». Mette Frederiksenek, Danimarkako lehen ministroak, iritzi bera du proiektuaren inguruan, eta nabarmendu du «energia berdea» ekoitziko dutela danimarkarrentzat eta alemaniarrentzat. Bi gobernuburuek nabarmendu dute lehen aldia dela Europan halako proiektu bat egingo dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.