IPCren arabera, Gazan «inoizko goseterik larriena» gertatzen ari da

NBEren agentziak ohartarazi du soilik «berehalako tregoa iraunkor batek» eman dezakeela modua zerrendara beharrezkoa den laguntza humanitario guztia sartzeko. Israelek ez badu su etenik ezartzen, Erresuma Batuak Palestinako estatua aitortuko du irailean.

Airetik helarazitako laguntza, Gaza iparraldean, herenegun. MOHAMMED SABER / EFE
Airetik helarazitako laguntza, Gaza iparraldean, herenegun. MOHAMMED SABER / EFE
maddi iztueta olano
2025eko uztailaren 29a
12:14
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur egun, «inoizko goseterik larriena» gertatzen ari da Gazan, IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuaren arabera. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek jakinarazi du, gaur kaleratutako txosten baten bidez, zerrendan gero eta jende gehiago ari dela hiltzen «gosetearen, malnutrizioaren eta gaixotasunen ondorioz», eta ohartarazi du «berehalako tregoa iraunkor bat» onartzea litzatekeela egoerari aurre egiteko aukera bakarra. Israeli su eten bat onartzeko exijitu dio Keir Stamer Erresuma Batuko lehen ministroak ere; gainera Zisjordania ez duela anexionatuko hitzemateko ere eskatu dio, eta bake prozesu bati hasiera emateko. Baldintza horiek bete ezean, Erresuma Batuak irailean Palestinako estatua aitortuko duela iragarri du gaur Starmerrek, ministroen ezohiko kontseilu baten ostean.

Israelek ahalegina egin du erakusteko zerrendan ez dagoela goseterik, eta saiatu da nazioarteari erakusten gazatarrek badutela laguntza humanitarioa lortzeko modua. Hain justu, horretarako eman zion GHF Gazan Humanitarian Foundation taldeari zerrendan janaria banatzeko baimena, maiatz amaieran. AEBetako militar ohiek eta mertzenarioek osatutako talde hori laguntza banatzen hasi zenetik mila palestinar baino gehiago hil dituzte laguntza banatzeko eremuetan. Horren inguruan ere hitz egin du IPCk, eta argi esan du: «GHFren banaketa planak gosete masiboa bultzatzen du; banatzen dituzten elikagai gehienak kozinatu egin behar dira kontsumitu ahal izateko, eta zerrendan ia ez dago ez urik, ez gasik».

Agentziak hiru elementu hartzen ditu aintzat eremu bat muturreko gosetean dagoela baieztatzeko: batetik, eremu horretako familien %20k ez izatea kasik zer janik; bestetik, han bizi diren 5 urtetik beherako haurren %30ek malnutrizio larria izatea; eta, azkenik, egunean batez beste 10.000 herritarretik bi heldu edo lau haur hiltzea gosearen ondorioz. IPCren arabera, Gazak ezaugarri horiek guztiak betetzen ditu.

Tel Avivek bereari eusten dio. Israelgo Atzerri ministro Gideon Saarrek esan du Israelgo Gobernua «kamioi humanitario guztiei» ari zaiela baimena ematen Gazara sartzeko, eta gezurtatu egin du laguntza ailegatzea oztopatzen dutela. Argudio bera erabili du egunotan Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, eta errepikatu du Gazan ez dagoela goseterik; 2023ko urriaren 7az geroztik aurrenekoz, baina, AEBetako presidente Donald Trumpek ez du haren iritziarekin bat egin. Atzo, Starmerrekin bilduta zegoela, Netanyahurekin ados ote zegoen galdetuta, Trumpek aitortu zuen «pertsonalki» ezetz. «Telebistan ikusten ditudan irudiek iradokitzen dute haurrak gose direla».

Nazioarteko presioaren ondorioz, Israelgo Gobernuak igandean onartu zuen Gazan hamar orduko «eten humanitarioak» egitea, eta denbora horretan aire erasorik ez egitea —nahiz eta bonbardaketak egiten jarraitu duen—, eta kamioi humanitarioen sarrera baimentzea. Dena den, Saarren eta Netanyahuren justifikazioak gezurtatu ditu MEP Munduko Elikadura Programak, eta laguntza eramateko zailtasunak dituztela salatu: «Israelgo Gobernuak ez digu baimena eman laguntza humanitarioa sartzeko».

Israelek Gazaren aurkako sarraskia abiatu zuenetik 22 hilabete igaro dira, eta denbora horretan 147 pertsona hil dira gosearen ondorioz; horietatik 88 adingabeak ziren, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. OME Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi duenez, 2025eko aurreneko seihilekoan hil dira horietatik 74; beste 63, berriz, uztailean.

Konponbidearen bila

New Yorken (AEB) bildu ziren atzo iluntzean nazioarteko 90 herrialdetik gora, NBEko Batzar Nagusian, bi estatuen konponbidea bultzatzeko Nazioarteko Konferentziaren aurreneko egunean. Frantzia eta Saudi Arabia dira ekimen horren presidenteak, eta biek ohartarazi zuten, atzoko agerraldian, konponbide hori «arrisku larrian» dagoela. NBEko Idazkari nagusi Antonio Guterresek ere antzera hitz egin zuen, uste baitu bi estatuen konponbidearen aukera «inoiz baino hauskorragoa» dela. Frantziako Atzerri ministro Jean-Noel Barrotek kargu hartu zion Hamasi, 2023ko urriaren 7an «Holokaustoaz geroztik inoizko eraso antisemita larriena» egiteagatik, eta errieta egin zion Israeli, Gazaren aurka «jada justifikazio politikorik eta militarrik ez duten ofentsibak» gauzatzeagatik.

Edonola ere, Tel Avivek urrutitik izan du adierazpen horien berri, ez baitu parte hartuko konferentzian. AEBek ere erabaki dute egitasmoari boikota egitea, argudiatuta ez duela balio «ezer lortzeko», eta ez dela horrelako bilkurarik egiteko «garai aproposa». Israelen jarrera ezkorraren beste erakusle bat dira, hain zuzen, Saarrek gaur egindako adierazpenak: «Ez da inoiz Palestinako Estatu bat existituko; hori tragedia bat litzateke bai israeldarrentzat, bai palestinarrentzat». Beste behin, esan du Palestinako Estatu bat «estatu jihadista eta terrorista bat» izango litzatekeela, eta hori «suizidio bat» litzatekeela Tel Aviventzat.

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Mohammed Mustafa, aldiz, New Yorken dago, eta hitza hartu zuen atzo iluntzean. Haren arabera, Palestinako Estatua «prest» dago lurraldea «egonkortuko» lukeen nazioarteko arabiar koalizio bati atea irekitzeko, aurretik NBEren Batzar Nagusiak onartzen badu, betiere. «Koalizio horrek balioko luke, behin-behinean, Palestinako herria babesteko, eta bermatzeko su-eten iraunkor bat betetzen dela».

HERBEHEREEK HERRIALDERA SARTZEA DEBEKATU DIEte ISRAELGO BI MINISTRORI

Herbehereek herrialdera sartzea debekatu diete Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrichi eta Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvirri, leporatuta Gazan palestinarren «garbiketa etnikoa» sustatzen ari direla. Hala, Herbehereetako Gobernuak persona non grata izendatu ditu Israelgo bi politikari ultraeskuindar horiek, eta egotzi die, gainera, «kolonoen muturreko indarkeria» bultzatzea eta «legez kanpoko koloniak» defendatzea. Gainera, Israelek han duen enbaxadorea deitu du bilera batera, zerrendako egoera humanitarioaren inguruan hitz egiteko, eta jakinarazi du 2023ko urriaren 7az geroztik uko egin diela armak esportatzeko 11 eskaerari, azalduta ez duela Israelgo armadak erabil dezakeen armarik bidaltzeko asmorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.