«Mapa politiko berriak argi erakusten du Peruk adiskidetzea nahi duela, eta ez duela borroka gehiagorik nahi». Arerioek iraganaren garaipena ikusi badute ere, Keiko Fujimorik bukatutzat eman nahi izan du bere aita Albertok presidentetzan utzitako oinordekotza beltzaren inguruko eztabaida, hauteskundeen lehenbiziko itzulian lortutako garaipen argiarekin. Boto guztien %82 kontatuta, %40 irabazi ditu Fujimorik, eta alde nabarmena atera dio Pedro Pablo Kuczynskiri; %22 lortu ditu, eta biak igaroko dira bigarren itzulira, ekainaren 5ean. Kuczynski saiatuko da Fujimori boterean ikusi nahi ez dutenen botoa pilatzen egun horretarako, Ollanta Humalak 2012an egin bezala. Fujimori, berriz, saiatuko da herritar txiroenen artean duen arrakasta handitzen, lehenbiziko itzuliko aldeari eusteko.
Presidentetza lortzeko bigarren ekinaldian, aitzinekoan baino hurbilago ikusten du Fujimorik agintea hartzeko aukera. JNE Hauteskundeen Epaimahai Nazionalak azken ordura arte ez zuen baieztatu utziko ote zion Fujimoriri hauteskundeetara aurkezten, kanpainan botoak erostea leporatuta salaketak jaso baitzituen hautagaiak. Bere finantza arduradunetako baten izena Panamako paperetan ere agertu zen joan den astean, herrialde horretako bankuetan kontu ezkutuak dituzten mundu osoko pertsonen zerrendan. Duela astebete, jendetza elkartu zen Liman fujimorismoaren itzuleraren aurka, baina horrek denak ere ez du eragotzi Fujimoriren garaipen argia. Hauteskunde arratsean Limako Melia hotelean egin zituen adierazpenetan ongi zaindu zuen nori mintzatu, bigarren itzulirako babesa lortzeko. «Hazkunde ekonomikoaren azeleragailua zanpatu behar dugu berriz, urrutien dauden herrietara ailega dadin; hezkuntzarako aukerak hobetu behar ditugu, eta gehienbat perutarrok bakea eta lasaitasuna nahi ditugu». Keiko Fujimorik adierazpen eta keinu bakoitzeko aitaren itzala gibelean du, ordea. Ez du inoiz Alberto Fujimoriren agintaldia gaitzetsi; goraipatu ere egin izan du, alde ilunenak aipatu gabe utzita edo modu orokor batean kritikatuta, eta garaiaren eta testuinguruaren arabera moldatu ditu adierazpenak. Keiko Fujimorik hitzeman du presidente izatea lortuz gero ez diola indulturik emanen aitari. 25 urteko kartzela zigorra betetzen ari da, Colina talde paramilitarrak 1991n eta 1992an egindako 25 hilketarengatik, eta iruzurragatik.
Fujimorik bigarren itzulian bertze hautagai eskuindar bat izanen du lehiakide, baina Kuczynskik arrakasta handiagoa du klase ertainen eta eliteen artean, txiroagoen artean baino. «Goiz da aliantzez solasean hasteko», adierazi zuen Kuczynskik hauteskunde arratsean. «Aliantzak kongresuan eginen dira, eta demokrazian sinesten duten guztiekin solas eginen dugu».
Viktoria Mendoza ezkertiarra izan du Kuczynskik arerio nagusia bigarren itzulira pasatzeko. Botoen %82 zenbatuta, %18an gelditua zen Mendoza. Hala ere, Perun ezustetzat hartu da emaitza hori, ezkerreko hautagaitza batek aspaldian izandako onena izan baita. 1970etik XX. mende bukaerara arte, iraultza armaturako saialdiak ezagututako herrialdea da Peru, baina hauteskunde lehian hautagai eta alderdi kontserbadoreak eta ekonomikoki liberalak nagusi izan dira normalean. Presidentetzarako lehenbiziko itzuliaz gain, kongresurako 130 jarleku ere jokoan zituzten igandean, eta Mendozaren Fronte Zabalak hogei lortu ditu. «Politika bertze modu batera egin daitekeela erakutsi dugu, diruaren botereak ez duela zertan gailendu behar», adierazi zuen Mendozak. Hautagai gazteena izan da —35 urte—, eta kitxua hiztuna da. Sektore txiroen eta indigenen artean izan du babes handiena.
Bigarren itzulira begira, Mendozaren boto-emaileak erabakigarriak izanen dira. Emaitzak jakin aitzinetik, Kenji Fujimori Herri Indarreko kongresistak kazetariei adierazi zien nahiago zuela Keiko arreba bigarren itzulian Mendozaren aurka igarotzea. «Horrek balioko du ideiak eta proposamenak aurrez aurre nabarmenago paratzeko; batez ere, bi eredu ekonomiko ezberdinen artekoak».
Presidente ohiak, galtzaile
Hauteskundeetan erabateko porrota jasan dute Humala, Alan Garcia eta Alejandro Toledo presidente ohiek. JNEk ez zuen onartu Humalaren alderdikide Daniel Urrestiren hautagaitza. Garciak %6 inguru lortu du, eta Toledo %1,3 eskas batean gelditu da. Unasur Hego Amerikako Batasuneko misioak erran du ez duela izan «iruzurren berririk».
Iragana ez da zama bat izan
Keiko Fujimorik alde handiarekin irabazi du Peruko presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia, botoen %40 lortuta. Bertze hautagai eskuindar bat, Pedro Pablo Kuczynski, igaro da bigarren itzulira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu