Larunbatean hogei urte beteko dira AEBetako irailaren 11ko atentatuak izan zirenetik. 2.753 hildako utzi zituzten Dorre Bikien kontrako erasoek, eta hogei urte geroago gorpuzkiak identifikatzen jarraitzen dute. New Yorkeko agintariek jakinarazi dutenez, duela gutxi beste bi gorpuzki identifikatu dituzte: 1.646 eta 1.647 zenbakia zutenak.
"Duela hogei urte zin egin genien World Trade Centerreko biktimen familiei egin beharreko guztia egingo genuela, horretarako behar den denbora hartuz, euren hurkoak identifikatzeko. Sakratua den eginbehar hori betez jarraitzen dugu bi identifikatze horiekin", esan du Barbara A. Sampson auzitegi medikuak ohar batean.
Identifikatu dituzten gorpuzkietako batzuk Dorothy Morganenak dira, aseguru etxe bateko 47 urteko langile batenak. Besteak gizon batenak dira, eta senideek ez dute haren izena eman nahi izan. Morganen gorpuzkiak 2001ean aurkitu zituzten. Gizonarenak, 2001ean, 2002an eta 2006an.
DNA laginekin lortu dituzte gorpuzkiak identifikatzea. 2019ko urrian lortu zuten azkenekoz I-11n hildako beste gorpuzki batzuk identifikatzea. "Ez du axola zenbat denbora pasatzen den. Ez dugu inoiz ahaztuko, eta desagertu ziren guztiak euren familiekin elkartzea lortzeko eskura dauzkagun baliabide guztiak erabiltzeko konpromisoa daukagu", gaineratu du Sampsonek.