Irakurmenean, matematikan eta zientzian «inoiz ikusitako mailarik txikiena» atzeman du PISA ebaluazio txostenak aurten. Joera orokorra da, eta herrialde gehienetan gertatzen ari da. 91 estatutako 760.000 ikaslek parte hartu zuten ikerketan iaz —munduan 33 milioi ikasle daude adin horretan—, eta gaur aurkeztu dituzte munduko datuak. Hego Euskal Herrian ez ezik, inguruko herrialde guztietan ere atzeman dute irakurmen eta matematika konpetentzien galera: Portugalen, Espainian, Katalunian, Frantzian...
Irakurmenean, gaitasun gero eta eskasagoak dituzte gazteek, PISAren azterketaren arabera, eta 2018tik jaitsiera nabarmenak gertatu dira informazioa ebaluatzeko, informazioen artean loturak egiteko eta irakurritakoari buruz kritikoki pentsatzeko gaitasunetan: «adimen artifizialaren garaian garrantzirik handiena duten gaitasunetan» gertatu dira galerak, beraz, PISA txostenaren egileen hitzetan.
Ikusi gehiago
PISAren ardatzetako bat zientzia arloko gaitasunak dira, eta horietan ez dute hainbesteko galerarik sumatu azkeneko hamar urteetan, 2015 eta 2025 bitartean, nahiz eta joera beheranzkoa den. Matematiketan, aldiz, batez besteko emaitzak 22 puntu jaitsi dira epe berean. Eta irakurmenari lotutako gaitasunak are gehiago: batez besteko emaitzek 28 puntu egin dute behera OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko kide diren herrialdeetan, eta hamasei puntu gainerakoetan.
Hiru urtean behin egiten dute PISA ebaluazioa munduan. 2000. urtetik 2018.era, gorabehera txiki batzuekin, baina egonkor samar mantendu ziren aztertutako gaitasunak. 2018tik 2022ra, aldiz, jaitsiera handia sumatu zuten irakurmenari eta matematikari buruzko konpetentzietan; COVID-19aren pandemiak eta eskolen digitalizazioak izan zezakeen eraginaz hitz egin zen garai hartan. Orain, 2025eko datuak aztertuta, gaitasunen galera handitu egin dela sumatu dute.
OCDEko herrialdeen artean, 15 urteko ikasleen %29k aztertutako hiru arlo horietan gaitasun txikia dutela ondorioztatu dute. 2022ko azterketan, ikasleen %25 kokatu zituzten maila horretan; arlo horietan gaitasuna gero eta apalagoa den seinale, hortaz. «Horrek esan nahi du kosta egiten zaiela zientzian datu sinple bat interpretatzea edo grafiko batean ebidentzia bat identifikatzea. Irakurmenean, horrek esan nahi du zaila egiten zaiela testu sinpleak ulertzea. Matematiketan, horrek esan nahi arazoak dituztela unitateen eta prezioen arteko harremana ulertzeko», azaldu du Andreas Schleicher OCDEko Hezkuntza eta Gaitasunen zuzendariak. Eguneroko bizitzako oinarrizko zereginetan zailtasunak dituztela ikasle horiek, alegia.
Digitalizazioaren eta pantailen kezka
Joera orokorra eta iraunkorra da, epe luzekoa, PISAren arabera, eta ikasleen gaitasunen galera COVID-19aren pandemia baino lehenago hasi zen herrialde batzuetan. Irakurmenean, zehazki aipatu du digitalizazioak, pantailen aurrean gero eta denbora gehiago igarotzeak eta gustuz irakurtzeko zaletasunaren galerak eragin handia dutela gaitasunen atzerakadarekin. Eta irakurtzearen garrantzia nabarmentzeko beste datu bat eman du: irakurmenean galera handienak dituzten herrialdeek matematikan eta zientzietan ere atzera egin ohi dute.
Herrialdeen artean gorabeherak badira, eta aztertutako gaitasunen artean ere bai. Asiako herrialde eta eskualde batzuetan lortu dituzte batez besteko emaitzarik onenak: Singapur (535 puntu), Txina (527), Taiwan (508), Japonia (503), Hego Korea (501) eta Irlanda (500). Emaitza okerrenak, berriz, Ruandan (312), Zambian (314), Kenian (326), Paraguain (334) eta Guatemalan (334) izan dituzte.
Schleicherrek ohartarazi du herrialdeen arteko aldeak handitzen ari direla kasu batzuetan, eta, datuak aztertuta, ematen duela herrialde batzuetan zailtasun gehiago dituztela maila baxueneko ikasleek oinarrizko ezagutzak lor ditzaten, eta desberdinkeria indartzen ari dela. Bulgaria, Alemania, Herbehereak, Eslovenia, Turkia eta Zambia aipatu ditu horien artean, esaterako. Aldiz, ikasleen artean desberdinkeria ratio txikienak dituzten herrialdeen artean kokatu dituzte Islandia, Kanbodia eta Finlandia.
AAren eraginak
Gaitasun konputazionalak eta adimen artifiziala (AA) ere ere ebaluatu dituzte azken txostenean, eta AAren erabilerak kezka sortzen du. Ikasleen erdiek (%46k) esan dute AA txatbotak erabiltzen dituela astean behin gutxienez. PISA txostena ez da ausartu argi esatera AA erabiltzea kalterako dela, baina sumatu dute eskoletan gutxiago erabiltzen duten OCDEko herrialdeetan emaitza hobeak lortu dituztela. AA oinarrizko gaitasunak ordezkatzeko erabiltzen denean —esaterako, laburpenak egiteko, edo eskemak egiteko, eta abar—, berriz, emaitza eskasagoak izan dira gehienetan. Halere, adierazi dute AAk ikasleen gaitasunetan duen eragina ebaluatzea «konplexua» dela.
Ondorio argi bat ere eman dute ebaluazio txostenean: distrakziorako soilik balio duten telefonoak eta euskarriak kendu beharko lirateke ikasgeletatik, eta AA zertarako eta nola erabili ongi zehaztu eta mugatu behar litzateke, ez ditzan ikasleen gaitasunak ordezkatu.
Txostenaren egileek ondorioetan aipatu dute, bestalde, hezkuntza sistemak ikuspegi «holistiko bat» hartu behar duela. Ez dira tresnak eta baliabideak soilik: ikasleek zentroari edo taldeari atxikimendua diotenean, hezkuntzaren balioa aitortzen denean, ingurune seguruetan ikasten dutenean, irakasleekin eta familiekin harreman estuak dituztenean, eta beharrezko baliabideak jartzen direnean, emaitzak hobeak izan ohi dira.
Horrez gain, txostenaren egileek zehazki aipatu dute irakasleen gaitasuna ere oso garrantzitsua dela; ez hainbeste gaien ezagutza handiak eduki behar lituzketelako, baizik eta gaiak erakusteko, ikasleak motibatzeko eta klaseak kudeatzeko gaitasuna indartu beharko litzatekeelako.Â