Middle East Institute 'think tank'-eko ikerlaria

Iulia Joja: «Iran ez nuke inozotzat joko: hamarkadak daramatza honetarako prestatzen»

AEBek eta Israelek Iranen aurka abiarazitako erasoaldiaren helburuetako bat Mendebaldearen hurbileko erregimen bat ezartzea dela uste du Jojak.

Iulia Joja. MIDDLE EAST INSTITUTE
Iulia Joja. MIDDLE EAST INSTITUTE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko martxoaren 14a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Potentzien arteko lehiaren jokaleku bihurtu da Iran. Zuzenean gerran sartu ez badira ere, Txina eta Errusia Teheranen «aliatu garrantzitsuak» direla azaldu du Iulia Jojak, Middle East Institute think tank-eko ikertzaileak (Bukarest, 1987). Washingtondik bideo dei bidez azaldu du hiru herrialde horiek Mendebaldea ahuldu nahi dutela, eta Etxe Zuriak, ostera, beraren nahietara jardungo duen gobernu bat ezarri nahi duela Iranen.

Zer helburu dituzte AEBek eta Israelek Iranen aurka hasitako erasoaldian?

Gutxienez hiru helburu dituzte: ahalik eta gehien ahuldu nahi dituzte Iranen programa nuklearra, misil balistikoen programa eta Teheranen aldeko miliziak.

Baina iazko ekaineko erasoaldian ez al zuten, bada, «erabat suntsitu» Iranen ahalmen nuklearra?

Egia da [Donald Trump AEBetako] presidenteak hamabi eguneko gerraren ostean esan zuela Iranen programa nuklearra suntsitu zutela. Baina horren ostean hainbat bilkura egin ditugu hemen, Washingtonen, hainbat aditurekin eta gobernuko ordezkariekin. Eta ez dago argi programa guztiz suntsituta geratu zen, asko ahuldu zuten, edo, besterik gabe, apur bat kaltetu zuten. Beraz, Iranen programa nuklearra kezka nagusietako bat da oraindik ere AEBentzat eta Israelentzat.

Estatu eredua aldatzea ez dago helburuen artean?

Hiru helburu horiek segurutzat jo daitezke, baina badaude argitu gabeko zenbait kontu ere. Kazetariek galdetu diote presidenteari ea gerra laburra edo luzea izango den, ea erregimena aldatu nahi duen edo ez. Nire ustez, bai, AEBek eta Israelek erregimen aldaketa bultzatu nahi dute. Baina nola egin dezakete hori? Soilik aireko erasoak eginez oso zaila da. Eta zer gertatuko da erabakiak hartzen dituztenekin, lider erlijiosoekin eta Irango Guardia Iraultzailearekin? Kontuan hartu behar da Guardia Iraultzaileak 100.000 kide inguru dituela.

Halere, erregimena aldatzea bada helburuetako bat. Hainbat herrialde arabiarrek eta Europako estatu askok babesten dute asmo hori.

«Iranek gerra mundu mailara zabaltzeak zaurgarriago egiten du, herrialde gehiago batuko baitira AEBen eta Israelen aldera»

Nolako estatu eredua onartuko lukete AEBek?

Venezuelan egindakoaren antzeko zerbait egin dezakete. Venezuelan erregimena aldatu dute? Ez nago horren ziur. Jada ez dago lehengo liderraren eskuetan: Maduro ez dago. Eta oraingo agintariak gehiago hurbildu dira AEBengana. Baina, bere horretan, ez da erregimen aldaketarik izan. Dena dela, ez dakit eredu hori Iranen aplikatu ahalko duten.

Teheranek orain Ali Khameneiren seme Mojtaba Khamenei izendatu du lider goren, eta AEBak ez daude gustura erabaki horrekin. Hortaz, posible da Khamenei kendu eta lider estatubatuarzaleago bat jartzen saiatzea, baina badaude aukera gehiago ere. Venezuelan egindakoaren moduko zerbait egin dezakete, baina aldaketa handiagoa ere izan daiteke: errepublika islamiarra amaiaraztea, erregimen demokratikoago bat ezartzea, edo Mendebaldearen hurbileko erregimen diktatorial bat babestea.

AEBek eta Israelek espero zuten Iranek erantzun duen moduan erantzungo zuela?

Ez dago argi AEBek zer espero zuten, ezta zer lortu nahi duten ere, presidenteak ez baitzuen hori azaltzeko hitzaldirik eman. Ezusteaz baliatu da. Nik ez nuen espero Iranek eskualdera zabaltzea gerra. Persiar golkoko herrialde askori eraso egin die, eta Europaren aurka ere egin du: Zipren, Turkian... Argi utzi du AEBen aliatu guztiek paira dezaketela Iranen mendekua.

Uste dut AEBetako ordezkari politiko eta planifikatzaile militar askorentzat harrigarria izan dela Iranek gerra mundu mailara zabaltzea. Horrek zaurgarriago egiten du, herrialde gehiago batuko baitira AEBen eta Israelen aldera. Golkoko herrialdeak —batez ere, Arabiar Emirerri Batuak— Irani aurre egiten ari zaizkio, eta Europako estatuak ere horretara behartuta sentitu dira. Oro har, europarrek ez zuten sartu nahi gerra honetan, baina Zipreko erasoa gertatu zen, Europako Batasunean. Hainbat herrialdek gerraontziak bidali dituzte Zipreri laguntzeko, eta merkataritza interesak defendatzeko.

«Txina eta Errusia gerran ez dira sartuko, baina ahal duten guztia egingo dute Irani laguntzeko»

Eta zergatik erantzun du Iranek horrela?

Harrigarria izan da, eta, agian, ez da estrategia onena. Ez dakit helburua zein den, baina Iran ez nuke inozotzat joko: hamarkadak daramatza honetarako prestatzen. Arriskua handia da Europarentzat ere, ez soilik gerra konbentzionalagatik, baita atentatu terroristengatik ere. Azken hamarkadetan Iranek eta haren aliatuek bultzatutako ehun eraso edo konplot terrorista baino gehiago zenbatu ditugu, gehienak 2021etik aurrera egindakoak.

Halere, Iran bakartuta gelditu da. Errusiak eta Txinak ez diote laguntza handirik eman.

Errusia eta Txina gerran sartuko direla pentsatzea aurreikuspen okerra egitea da. Ez dut uste inor prest dagoenik gerrara batzeko AEBekin borrokan ari den herrialde baten alde: arriskutsuegia da.

Nolanahi ere, Iranentzat aliatu garrantzitsuak dira Txina eta Errusia. Ez da NATOren moduko aliantza bat. «Baten aurkako erasoa guztien aurkako erasoa da»; horrelakorik ez dute esan, baina azken urteetan laguntza handia eman diote elkarri. Herrialde erabat ezberdinak dira, ideologia oso desberdinak dituzte, baina badago batzen dituen kontu bat: Mendebaldea ahuldu eta zatitu nahi dute. Horregatik, gerran ez dira sartuko, baina ahal duten guztia egingo dute Irani laguntzeko.

Zertan lagundu diote orain arte?

Esaterako, Iranek azken urteetan manifestarien aurka erabilitako zelatatze sistemak Errusiak eta Txinak emandakoak dira, baita aireko defentsarako sistemak ere. Programa nuklearrarekin ere lagundu diote, eta misil balistikoekin zein bestelako armamentuarekin ere bai. Abenduan, Txinatik Iranera armak zeramatzan ontzi bat atzeman zuen AEBetako armadak. Laguntza diplomatikoa ere ematen diote. Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan beto eskubidea erabili izan dute Iranen mesederako.

Gainera, Txinak erosten du Irango petrolioaren %80. Europan eta AEBetan arazo ekonomiko larriak sortzen ari dira gerraren ondorioz, Ormuzko itsasartea blokeatuta dagoelako. Bitartean, Txinak Irango petrolioa erosten jarraitzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA