AEBetako indar militarrak kanporatzeko deia egin die Iranek eskualdeko herrialdeei

Irango petrolio industriaren gunerik garrantzitsuena bonbardatu dute, eta Teheranek Persiar golkoko herrialdeetan erasoak eginez erantzun du. Irango Atzerri ministroak esan du AEBek arazoak «erakartzen» dituztela.

AEBen eta Israelen erasoaldiaren kontrako manifestazio bat atzo, New Yorken. OLGA FEDOROVA / EFE
AEBen eta Israelen erasoaldiaren kontrako manifestazio bat atzo, New Yorken. OLGA FEDOROVA / EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Aitor Garmendia Etxeberria
2026ko martxoaren 14a
19:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEB Ameriketako Estatu Batuengandik urruntzeko gomendatu die Iranek eskualdeko herrialdeei. «AEBen segurtasun aterkia zuloz beteta dago. Arazoak oztopatu partez, erakarri egiten ditu», adierazi du gaur Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak, sare sozialetan. Teheranek AEBetako armadaren «ezkutalekuei» egin die eraso Persiar golkoko herrialdeetan, Washingtonek Irango petrolio gune garrantzitsuena bonbardatu ostean.

Donald Trump AEBetako presidenteak Ormuzko itsasartera gerraontziak bidaltzeko deia egin dio nazioarteari: «Txinak, Frantziak, Japoniak, Hego Koreak, Erresuma Batuak eta kalteak jasan dituzten beste herrialde batzuek ontziak bidaliko dituztela espero dugu», idatzi du Truth Social bere sare sozialean. Gaineratu du Iranen ahalmen militar «osoa suntsituta» badago ere Teheranentzat «erraza» dela «pare bat drone, minaren bat edo irismen laburreko misil bat» jaurtitzea Ormuzko itsasartera.

Nazioarteari laguntza eskatzea AEBen ezintasunen erakusle dela uste du Araghtxik: «Ormuzen segurtasuna bermatzen laguntzeko erregutzen ari dira beste herrialde batzuei, baita Txinari ere». Eta «atzerriko erasotzailea» kanporatzeko eskatu die eskualdeko herrialdeei.

AEBek Kharg uhartea bonbardatu dute bart, Iranen petrolio azpiegitura garrantzitsuenak dauden irla. Donald Trump AEBetako presidenteak esan du «Ekialde Hurbilaren historian izan den bonbardaketarik indartsuenetako bat» izan dela, eta jomuga militar guztiak «suntsitu» dituztela. Kharg uhartea Irango kostatik 25 kilometrora dago; han dago herrialdearen petrolio azpiegitura nagusietako bat, eta petroliontziak kargatzeko gune nagusia da. Handik igarotzen da Iranek esportatzen duen petrolioaren %90.

Etxe Zuriko maizterrak zehaztu du oraingoz soilik helburu militarrak izan dituztela jomugan, eta ez dietela eraso egin petrolio azpiegiturei. Halare, Truth Social bere sare sozialean zabaldutako mezuan, Teherani ohartarazi dio Ormuzko pasabidea irekitzen ez badu petrolio azpiegiturei eraso egiteko aginduko duela.

Kharg uharteko Iranen petrolio azpiegitura, artxiboko argazki batean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Kharg uharteko Iranen petrolio azpiegitura, artxiboko argazki batean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE


Trumpek esandakoa baieztatu du Teheranek ere. Bushehr probintziako —han dago Kharg— gobernadoreordeak ziurtatu du AEBen erasoek ez dituztela petrolio azpiegiturak jo, eta ez dutela eten erregai esportazioa. Hala ere, Tasnim albiste agentziak jasotako adierazpen horietan gobernadoreordeak aitortu du hainbat portu eta azpiegitura militarrek izan dituztela kalteak. Otsailaren 28an AEBek eta Israelek Teheranen aurkako erasoaldia hasi zutenetik, 1.400 pertsona baino gehiago hil dituzte Iranen, eta 18.000 baino gehiago zauritu.

Trumpek iragarria zuen Ormuzko itsasartea ireki ezean Khargi eraso egingo ziola, eta, orduko hartan, Teheranek ohartarazi zuen Ekialde Hurbilean AEBekin lotuta dauden petrolio, ekonomia eta energia azpiegitura guztiak birrinduko zituela. Gaur, Irango armadak kaleratutako ohar batean adierazi du «zilegi» dela eraso egitea Arabiar Emirerri Batuetako hainbat porturi, AEBetako indar militarren «ezkutaleku» direlako.

Izan ere, Tasnim Irango berri agentziak zabaldu duenez, armadak uste du AEBek herrialde horretako portuetatik jaurti dituztela misilak Kharg uhartera. Horregatik, Abu Dhabi, Dubai eta Fujairah hirietako portuak husteko agindu du Teheranek. Arabiar Emirerri Batuek jakinarazi dutenez, aireko defentsa sistemek Irandik jaurtitako bederatzi misil eta 33 drone atzeman dituzte gaur.

Irango Guardia Iraultzaileak jakinarazi du gaur eraso egin diela AEBetako Citibank banketxearen hainbat sukurtsali Arabiar Emirerri Batuetan eta Bahrainen. Asteazkenean Washingtonek Irango banketxe bati egindako erasoari emandako erantzuna izan da; Guardia Iraultzaileko bozeramaile batek ohartarazi duenez, horrelako beste erasoren bat eginez gero, AEBetako banketxeen sukurtsal guztiak jomugan jarriko dituzte. Gainera, bi dronek jo dute AEBen Bagdadeko enbaxada gaur, eta sute bat eragin dute.

Hamasek gaur kaleratutako ohar batean Irani eskatu dio auzo dituen herrialde arabiarrei ez erasotzeko, euren arteko «anaitasun harremanak babesteko». Gazako talde islamistak salatu du nazioarteko zuzenbidea urratzen duela Washingtonek eta Tel Avivek Iranen aurka hasitako erasoaldiak. Eta Teheranek erantzuteko eskubidea duela uste duen arren, eskatu dio herrialde arabiarren aurka ez egiteko.

Libanon, inbasio «masiboa»

Gaur dira bi aste Israelek eta AEBek Iranen aurkako erasoaldia hasi zutela, eta gatazkak kinka gaiztoan jarri ditu nazioarteko geopolitika eta ekonomia. Bonbak egunero ari dira erortzen Iranen, eta Israelek Libanoren aurkako erasoaldia areagotu du.

Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, martxoaren 2tik 826 pertsona hil dituzte, eta 2.000tik gora zauritu. Hezbollah talde xiitak egun horretan erabaki zuen Israeli eraso egitea, Iranen aurkako operazioari erantzunez. Ordutik, Israelek egunero bonbardatu ditu Beirut hiriburua eta herrialdearen hegoaldea, eta tropak bidali ditu. Gaur Libano hegoaldean egindako eraso batean gutxienez hamabi osasun langile hil dituztela jakinarazi du ministerioak.

831.000

 

Israelek Libanon egindako erasoen ondorioz desplazatuak. Libanoko Gobernuaren arabera, martxoaren 2tik 831.000 pertsonak baino gehiagok bizitokia utzi behar izan dute Israelen erasoen ondorioz.

Axios AEBetako hedabideak gaur kaleratu duenez, Israelek inbasio «masibo» bat egin nahi du Libanon. AEBetako eta Israelgo iturri ofizialak aipatuz, Axiosek iragarri du Tel Avivek kontrolpean hartu nahi dituela Litani ibaitik hegoaldera dauden lurralde guztiak. Hala eginez gero, Libanon 2006ko gerratik egindako inbasiorik handiena egingo luke Israelek.

Hain justu, Hezbollahren eta Israelen arteko gatazka izan du hizpide Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak. Beiruten emandako hitzaldi batean, ohartarazi du bide militarretik jarraituz gero gerra horrek ez duela amaierarik izango. Horregatik, diplomaziaren eta negoziazioen bidea hartzeko eskatu die aldeei: «Gelditu erasoak, gelditu bonbardaketak, ez dago soluzio militarrik». Halere, aitortu du bide diplomatikoak ere huts egin izan duela. Hezbollahk eta Tel Avivek su etena adostu zuten 2024ko azaroan, baina Guterresek oroitarazi du ordutik bi aldeek urratu dutela akordioa.

Iranen, AEBen eta Israelen arteko gatazkak ondorio ekonomikoak eragin ditu nazioartean. Ormuzko itsasartearen blokeoak ehun dolarretik gora igo du Brent upelaren prezioa, eta erregaiaren prezioa. Atzo Turkiako ontzi batek eta Indiako beste batek Ormuzko itsasartea igaro zuten, Iranen baimenarekin. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak gaur adierazi duenez, itsasartea «etsaientzat eta haien aliatuentzat» soilik dago itxita.

Petrolio upelaren prezioa azken urteetan ez bezala igo da aste honetan, eta 103 dolarretik gora geratu zen atzo. AEBetako Energia Departamentuak iragarri du datorren astearen amaieran bere petrolio erreserba estrategikotik upelak ateratzen hasiko dela, 86 milioi upel, prezioen gorakadari aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!