Iranen eta AEBen arteko akordioa, orain bai, «inoiz baino hurbilago»

Trumpen arabera, «memorandum oso sendo bat» onartu dute. Pakistanek ere baieztatu du akordioa egina dagoela, eta Teheran baikor mintzatu da. Reuters agentziaren arabera, baliteke memoranduma etzi sinatzea, Genevan.

Emakume bat Teheranen, ondoan Iranen eta AEBen arteko negoziazioak irudikatzeko mural bat duela, maiatzean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Emakume bat Teheranen, ondoan Iranen eta AEBen arteko negoziazioak irudikatzeko mural bat duela, maiatzean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko ekainaren 12a
17:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ohikoa bihurtu da Donald Trump AEBetako presidenteak Irango akordioa «inoiz baino gertuago» dagoela esatea. Oraingoan, ordea, alde guztiak bat datoz. Trumpek irizten dio berandu baino lehen sinatuko dutela negoziazioak sakontzeko modua emango duen memorandum bat. Berritasuna Teheranen mezua da: «Inoiz ez da hain gertu egon», idatzi du sare sozialetan Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak. Eta Pakistango lehen ministro Shehbaz Sharifek —bitartekari ari da— baieztatu du aldeek «bake akordioa adostu» dutela. Sare sozialetan egin du baieztapen hori.

Halere, aurrez anabasa sortu da. Irango hedabideek memorandum horretan jasotako neurrien berri eman dute gaur, eta jarraian heldu da Trumpen erantzuna; «albiste faltsuak» zabaltzea leporatu die sare sozialetan idatzitako mezu batean. Araghtxik hedabideei eskatu die ez «espekulatzeko», eta «dagokionean» emango dutela jendaurrean memorandumaren edukiaren berri.

Mehr albiste agentziak kaleratu ditu memorandumaren zirriborroan agertzen direnak: besteak beste, AEBek 30 eguneko epean etengo dutela Irango portuei ezarritako blokeoa, eta tarte horretan ere Iranek Ormuzko itsasartea irekiko duela, «doikuntzekin» bada ere; gatazka gogortuz geroztik eskualdera bidalitako tropak erretiratzeko konpromisoa hartuko duela Washingtonek; Irango petrolioari ezarritako zigorrak bertan behera utziko dituztela, eta nazioarteko bankuetan blokeatuta dauden haren funtsak ere desblokeatuko dituztela —parte bat «berehala», eta gainontzekoa «gradualki»—.

Tregoa hauskorra indarrean da apirilaren hasieraz geroztik, baina, memorandum hori sinatuta, gatazka «fronte guztietan» amaiaraziko lukete, eta «bake elkarrizketei» segida emateko hirurogei eguneko epea hasiko litzateke. Mehr agentziak zehaztu du auzi nuklearraz eta ekonomia kontuez eztabaidatzekoak direla bi aldeak, eta Teheranen misil balistikoen programari buruz ez.

Atzo arratsaldean, Trumpek iragarri zuen «memorandum sendo bat» adostu zutela, «apur bat kontzeptuala». Aintzat hartzekoa da Iranen programa nuklearra izan dela AEBek eta Israelek islamiar errepublikaren kontrako oldarraldia hasteko arrazoietako bat; bada, atzo, Etxe Zurian kazetarien aurrean zela, Trumpek ziurtatu zuen Iranek ez duela arma nuklearrik garatuko, kontzesio hori egingo duela: «Horrekin tematu gara; azken finean, horixe zen helburua». Irango IRNA agentziaren arabera, ordea, Teheranek ez du «inolako konpromisorik» hartu auzi nuklearrari dagokionez.

Ormuzen kudeaketa ere izan da negoziazioetako arantzetako bat. Agentzia horrek kaleratu duenez, Washingtonek ez du «inolako zeresanik» edukiko itsasarteari buruz, eta, akordioa sinatuta ere, Iranek ez du eztabaidatuko nabigazioari buruz: «Auzi hori Omanekin hizketan konponduko du». Bi herrialdeen artean dago itsasartea.

Axios atariak azken orduetan kaleratu duenez, lau hegazkin abiatu ziren atzo AEBetatik Europarantz, Washingtonen eta Teheranen arteko akordio bat sinatzeko zeremonia prestatzeko; baliteke Genevan (Suitza) egitea. Ekitaldi horren gertuko iturriak aipatu ditu informazio horretan. Eta Reuters berri agentziak aipatutako iturrien arabera, JD Vance AEBetako presidenteordea eta Mohammad Bagher Ghalibaf dira sinadura horretan parte hartzekoak; espero da bi aldeek biharko adostuko dutela memorandumaren edukia, goizenez ere igandean sinatzeko. «Islamabadeko Adierazpena» deitu diote dokumentu horri, Pakistan aritu baita AEBen eta Iranen artean bitartekari.

Fars agentziak, ordea —Irango Guardia Iraultzailearen gertukoa da—, kaleratu du gezurra dela etzi Genevan ekitaldirik egingo dutela. Hori esan dio Iranen negoziazio taldearen gertuko iturri batek.

Israelgo armada erretiratzea

Sare sozialetan atzo idatzitako mezu batean, Trumpek ziurtatu zuen «inplikatutako alde guztiek» —besteak beste Israelek; Iran ez zuen aipatu— oniritzia eman zietela «eztabaidei eta azken puntuei», baina ez zuen xehatu horien edukia. Estuki daude lotuta Irango gatazka eta Libanokoa, nahiz eta orain arte negoziazioak beren kasa egin dituzten: batetik, Washingtonek eta Teheranek, eta, bestetik, Tel Avivek eta Beirutek.

Bada, Hezbollah Libanoko milizia xiitaren hurbileko Al-Akhbar egunkariak gaur kaleratu duenez, Trumpek iragarritakoak barne hartuko luke Israelgo armadak bai iparraldeko bizilagunaren kontrako erasoak etetea, eta bai handik erretiratzea. Israelgo Haaretz egunkariak eman du horren berri, eta zehaztu du, informazio horren arabera, Libanori buruz atzo bat etorri zirela Qatarren negoziatzen ari diren Irango eta AEBetako ordezkaritzak; Arabiar penintsulako herrialde horretako lehen ministro Mohammed bin Abdulrahman al-Thani ari da ikuskatzen elkarrizketa sorta hori.

Baina Israelek Libanoren kontra jarraitzen du erasoan. Libanoko albiste agentzia nazionalaren arabera, Israelgo gerra hegazkin batzuek herrialdearen hegoaldeko herri bat bonbardatu dute gaur goizaldean. Tiro barrutiko pare bat herriri ere eraso egin die armadak, eta Libano hegoaldea husteko aginduak eman ditu beste behin, argudiatuta Hezbollahren azpiegituren kontra jotzeko asmoa duela; izan ere, Israelek «segurtasun eremua» ezarri nahi du Libano hegoaldean, milizia xiitak Israel iparraldearen aurka egin ez dezan.

Hezbollahk jakinarazi du bart eraso egin ziela Israelgo armadako tropa batzuei, Libano hegoaldeko Txamaa herrian. Gaur drone bidez soldadu bat hil duela esan du miliziak.

MINBIZIA DUTEN GAZATARRAK ARTATZEKO NEURRIAK EXIJITU DITUZTE DEMOKRATEK

AEBetako Kongresuko hainbat demokratak neurriak hartzeko exijitu diote Donald Trump presidentearen administrazioari, Israelgo Gobernuari presio egin diezaion, Gazan minbiziak jota dauden palestinarrei laguntzeko neurriak har ditzan; laburbilduz, korridoreak ezartzea gaixoak Jerusalem ekialdean eta Zisjordanian artatu ditzaten. «Minbizien diagnostikoa heriotza sententzia bihurtu da Gazan», idatzi dute demokratek ohar batean. Gogorarazi dute gutxienez 18.500 gazatarrek behar dutela arta premiaz, eta horietako 11.000 inguruk dutela minbizia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA