Mahmud Ahmadinejad Irango presidentearen esanetan, «denbora galtzen eta aitzakiak jartzen» ari da 5+1 Taldea. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrek —AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak, Errusiak eta Txinak— eta Alemaniak osatzen dute seikote hori, eta hilaren 18an eta 19an izango dute programa nuklearra konpontzeko hurrengo bilera, Moskun. Bitartean, Teherango ordezkariak IAEAko adituekin bilduko dira gaur, Vienan, «gatazka konpondu ahal izateko pausoen gaineko akordio bat» lortzeko asmoarekin.
Vienako bileraren bezperan jakinarazi nahi izan du Ahmadinejadek seikotearen eta Iranen artean ez dela izan negoziazio harreman gehiagorik maiatzaren bukaeran Bagdaden egin zuten azken bileraz geroztik. Irakeko hiriburuan adostutakoaren arabera, Moskuko bilera baino lehen zenbait negoziazio egin nahi zituen Teheranek ordezkarien artean, baina presidenteak salatu du taldeak ez duela onartu bere eskaririk. Seikoteko Mendebaldeko potentziek ez dutela agindutako hitza bete salatu du Ahmadinejadek, eta uste du horrek zaildu egin dezakeela Errusiako bileran itunen bat lortzea.
Irani eraso egitearen kontra
Iranen kontrako aldebakarreko ekintza ororen kontra dagoela berretsi du Txinak, Lankidetzarako Shanghaiko Erakundeak Pekinen egin duen bileran —Ahmadinejadek behatzaile gisa parte hartu du bileran—. Pekinen arabera, Irango programa nuklearraren krisia «bide diplomatikoen bitartez» konpondu behar da, eta Txinak baztertu egingo du «gatazka militarki konpontzeko saio oro».
Txinak eta Errusiak, hain zuzen ere, agiri bat sinatu zuten joan den asteazkenean, Iranen kontrako esku hartzearen aurka, eta eskatu zuten ahalegin handiagoa egiteko, nazioartean tentsioak gora egin ez dezan. Izan ere, Teheranek energia nuklearra helburu militarretarako erabiltzen duela uste dute Mendebaldeko potentziek, hark hori ukatu arren.
Iranek «denbora galtzea eta aitzakiak jartzea» egotzi dio 5+1 Taldeari
IAEAko adituek eta Teherango ordezkariek bilera bat egingo dute gaur, Vienan, programa nuklearraz hitz egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu