Iranek bertan behera utziko ditu, behin-behinean, apirilean Ameriketako Estatu Batuekin (AEB) itun nuklearrari buruz abiatutako negoziazioak. Hala eman du aditzera gaur Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik, herrialdeko telebista kate publikoan egindako agerraldi batean. Haren arabera, Tel Aviv Teheranen aurka egiten ari den «krimenen konplizea» da Washington, eta, eraso horiek eten arte, ez da elkarrizketarik izango bi herrialdeen artean. Iranek adierazpen horiek egin aurretik, atzo, Etxe Zuriak esan zuen azken astean Teheranekin hitz egin duela, eta «aukerak» bazeudela negoziatzen jarraitzeko. Dena den, epe bat ezarri du Donald Trump AEBetako presidenteak: bi asteren buruan erabakiko du Irani eraso egin edo ez.
Washingtonekin ez, baina Europako zenbait herrialderekin hitz egiteko prest dago Teheran: Araghtxi Erresuma Batuko, Frantziako, Alemaniako eta EB Europako Batasuneko bere homologoekin bildu da gaur arratsaldean, Genevan (Suitza). Bilkuraren ostean kazetariei egindako adierazpenetan, Araghtxik argi utzi du programa nuklearra «bakezalea» dela, eta hura monitorizatu duela «beti» IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak. «Kezkaz betea» atera da bileratik, Europako diplomaziaburuek ez dutelako Israelen erasoaldia gaitzetsi. Programa nuklearrari buruzko elkarrizketei berriro ekiteko baldintzak ere eman ditu: «Iranek kontuan hartuko du diplomazia, baldin eta erasoaldia amaitzen bada eta erasotzaileak bere gain hartzen badu egin dituen krimenen ardura»,. Dena den, gaur ekin dieten elkarrizketekin jarraitzeko prest agertu da Araghtxi.
Bilera amaitu ondoren, David Lammy Erresuma Batuko Atzerri ministroak ohartarazi du «arriskutsua» dela Ekialde Hurbileko egoera; aurrez, adierazi du hura «baretu» nahi dutela negoziazioekin, eta eskualde osoari eragingo liokeen «gatazka» ekidin ere bai, iritzita neurri horretako gerra batek ez liokeela inori onik egingo: «Soluzio diplomatikoa lortzeko leihoa dago orain». Jean-Noel Barrot Frantziako Atzerri ministroak espero du elkarrizketa horiek «irekiak» izatea; hots, AEBak ere parte hartzea horietan. Johann Wadephul Alemaniakoak ere esan du «inportantea» dela Etxe Zuriaren bitartekaritza.
Teherango iturri ofizialak aipatuz zenbait hedabidek kaleratu zutenez, Iran «beti dago prest» diplomazia lanetarako, eta beste hiru herrialdeei eskatu die Israeli presio egiteko eskura dituzten baliabide guztiekin, Iranen aurkako erasoak eten ditzan.
Pisu sinbolikoa du Genevak; izan ere, han erdietsi zuten Iranek, Txinak, Frantziak, Errusiak, Erresuma Batuak, AEBek eta Alemaniak, 2013an, Teheranen programa nuklearra mugatzeko akordioa; trukean, bertan behera utzi zituzten Irani ezarritako hainbat zigor ekonomiko.
Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren New Yorkeko egoitzan ere hizpide izan dute gaur Ekialde Hurbileko gatazka. Antonio Guterres erakundeko idazkari nagusiak esan du Iranen programa nuklearraren gaineko desadostasunek eragin zutela erasoaldia, eta gatazka hedatzeak «sute kontrolagaitza» piztuko lukeela: «Iranek behin eta berriro esan du ez duela arma nuklearrik nahi, baina aitortu behar dugu badagoela konfiantza arrakala». Segurtasun kontseiluko AEBetako enbaxadoreak nabarmendu du Iranen errua dela programa nuklearrerako akordioek porrot egin izana; Errusiakoak, berriz, gogoratu du Israelek erasoaldia abiatu zuela joan den astean, asteburuan AEBetako eta Irango diplomaziaburuak elkartzekotan zirenean —igandean bildu behar ziren, Omanen, baina bertan behera utzi zuten bilera—.
Ez du irudi, ordea, datozen egunetan Israelen jokabidea aldatuko denik. Izan ere, hango Defentsa ministro Israel Katzek atzo ohartarazi zuen areagotu egingo dituztela Iranen aurkako erasoak; are, esan zuen begi onez ikusten duela «Irango erregimena erabat aldatzea», eta herrialdeko lider goren Ali Khamenei aiatolak ez lukeela «bizirik egon behar».
Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek adierazpen horiei erantzun die, egunero egin ohi duen prentsaurrekoan; haren arabera, «onartezina» da Irango agintariak aldatzea, eta Khamenei hiltzeak «Pandoraren kutxa» irekiko luke. Halaber, Sky News hedabideari emandako elkarrizketa batean, ohartarazi du Errusiak «oso gaizki» erreakzionatuko lukeela lider gorena hilko balute. «Atzerriko aktoreak sartzen badira, gatazka eskualdera hedatuko da», gaineratu du. Peskoven ohartarazpena orain iritsi da, Donald Trump AEBetako presidenteak iragarri ondoren bi asteren buruan erabakiko duela Irani eraso egin edo ez.
Azken erasoak
Astebete igaro da Tel Avivek Teherani eraso egin zionetik, argudiatuta haren «gaitasun nuklearra ahultzea» zuela helburu. Iranek erantzun egin zion, eta, ordutik, egunero egin diote eraso elkarri. Israelgo armadak jakinarazi duenez, gauean 60 gerra hegazkin bidali dituzte Teheran ingurura, eta eraso egin diete hainbat azpiegiturari, hala nola Irango Defentsa Ministerioak misilak ekoizteko erabiltzen duen eraikin bati; esan du, gainera, Iranek jaurtitako lau drone eraitsi dituztela. Hossein Kermanpour Irango Osasun Ministerioko bozeramaileak, berriz, adierazi du Israelek Teherango ospitale bati eraso egin diola —joan den astetik bonbardatzen duen hirugarrena da—, eta osasun zentro bati ere bai.
Azken orduetan Teheranek ere egin ditu erasoak. Israelgo Larrialdietarako Zerbitzuak adierazi duenez, Iranek hainbat misil jaurti ditu Israel hegoaldeko Beer-Xeva hirira, atzo bonbardatutako Soroka ospitalearen ingurura, eta zazpi pertsona zauritu dira. Teheranek esan du eremu horren inguruan dagoen «parke teknologiko bat» zuela helburu. Israelgo larrialdi zerbitzuen arabera, arratsaldeko bonbardaketek gutxienez hogei zauritu eragin dituzte herrialdearen iparraldeko Haifa hirian. Irango armadaren arabera, Tel Aviven eta Israelgo aireko armadaren bi guneetan ere kalteak eragin dituzte.
Bestalde, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak sare sozialen bidez gaur jakinarazi du Israelen erasoek kalte handiak eragin dizkiotela Irango Kohndab hiriko Arak erreaktore nuklearrari; baieztapena orain iritsi da, NBE Nazio Batuen Erakundeko agentzia horrek berak atzo esan ondoren ez zela inguru horretan hondakin nuklearrik identifikatu.
Gutxienez 34 pertsona hil dituzte gazan, laguntza JASOTZEKO guneetan
Israelek 34 palestinar hil ditu gaur Gazan, laguntza humanitarioa jasotzeko guneetan, hango iturriak aipatuz Al-Jazeera hedabideak jakinarazi duenez. Are, komunikabide horren arabera, gauerditik 82 pertsona hil dira Israelen erasoetan.
Tel Avivek blokeatuta dauka nazioarteko laguntza humanitarioa, eta GHF Gaza Humanitarian Foundation taldeak baino ez du zerrendan laguntza banatzeko baimena; talde hori, ordea, AEBetako militar ohiek eta Blackwater talde mertzenarioak kudeatzen dute. Hala, maiatzetik hona, 400 palestinar baino gehiago hil dituzte ustez laguntza banatzeko guneetan, Gazako iturri ofizialek emandako datuen arabera.