Iran eta AEBak bihar dira Pakistanen negoziatzen hastekoak, Islamabaden. Dena den, Teheranek ohartarazpen bat egin du bildu baino ordu batzuk lehenago: elkarrizketa horiek hasi ere ez direla egingo Israelek Libano bonbardatzen segitzen duen bitartean. Asteazkenean hitzartu zuten su etenean jasotakoa betetzeko exijitu dio Teheranek Washingtoni, eta, akordioan dioenez, Pakistan bitartekariaren arabera, Libano ere barne hartzen du meniak. Hori kaleratu dute gaur Fars eta Tasnim Irango berri agentziek, iturri ofizialak aipatuta.
Azken agentzia horrek jaso duenez, Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak jakinarazi du Libano ere badela tregoaren parte: «Konpromiso horren kontrako edozein ekintza edo jarrerak esan nahiko luke Ameriketako Estatu Batuek ez dutela bete hitzemandakoa». Hori bete ala ez, «horren arabera» erabakiko du Iranek bihar egitekoak diren elkarrizketetan parte hartu edo ez.
Islamabad blindatu dute bi delegazioak bildu bezperan, eta herrialdeko instituzio nagusien egoitzak eta enbaxadak dauden gunerako sarbideetan kontrolak ezarri dituzte Poliziak, indar paramilitarrek eta armadak. Hori adierazi dio hiriburuko Poliziako bozeramaileak Efe agentziari: «Alerta gorenean dago Islamabad».
JD Vancek zuzenduko du Islamabaden negoziatzekoa den AEBetako delegazioa, eta, hara joan baino lehen, kazetariei esan die «argibide nahiko argiak» eman dizkiola Donald Trump AEBetako presidenteak. Erantsi du Iranen ordezkariek «asmo onez» negoziatzeko asmoa edukiz gero «eskua luzatuko» dietela. Bestela, «ziria sartzen saiatzen badira, ikusiko dute ez garela hain eskuzabalak izango», esan du Vancek.
Trumpek, berriz, mehatxu egin dio Irani, beste behin. The New York Post hedabideari emandako elkarrizketa batean adierazi du gerra ontziak «munizio onenarekin» kargatzen ari dela; «inoiz egindako arma onenekin». Eta ohartarazi du Islamabaden egitera doazen bileran akordiorik lortu ezean, «oso modu eraginkorrean» erabiliko dituela arma horiek. Gerora, Truth Social bere sare sozialean zehaztu du «negoziatzea» dela «irandarrak bizirik egoteko arrazoi bakarra». «Ez dira konturatzen ez daukatela aukerarik», gaineratu du.
Erasoak besterik ez Libanon
Israelek, nahiz eta prest agertu den Libanorekin negoziatzen hasteko Hezbollah milizia armagabetze aldera, iparraldeko bizilagunari eraso egiten segitzen du. Atzo, azken orduan, armadak ohar batean adierazi zuen Hezbollahren posizioak jo zituela, eta milizia xiitak Tel Aviv eta Ashdod (Israel) bonbardatuz erantzun du goizaldean. Eraso horiek ez dute biktimarik eragin. Halaber, Hezbollahk jakinarazi du Iranen itsas base bat jo duela Ashdodeko portuan, «puntako» misilekin.
Israelgo armadak, gainera, garbi utzi du gaur, balizko negoziazioak gorabehera, erasoka segituko dutela. «Armada gerran dago, eta hemen borrokan jarraituko dugu; Iranen dago su etena», azpimarratu du Eyal Zamir armadaburuak gaur Libano hegoaldean, armadak zabaldutako informazioak dioenez. Horiek horrela, Al-Jazeera hedabideak kaleratu duenez, Israelgo armadak Libano hegoaldeko eta Bekaa haraneko zenbait herriren kontrako erasoak egin ditu.
Gainera, armadako bozeramaileetako batek sare sozialetan ohartarazi du Hezbollahk «helburu militarrerako» darabiltzala osasun instalazioak eta anbulantziak —frogarik ez du erakutsi—, eta horien kontra ere egingo dutela. Horri erantzunez, Abdinasir Abubak Osasunaren Mundu Erakundeak Beiruten duen ordezkariak zera gogorarazi du gaur prentsaurreko batean, nazioarteko legediak babestu egiten dituela osasun langileak, osasun instalazioak eta anbulantziak. Libanoko NNA agentziak kaleratu duenez, Israelgo armadak pertsona bat hil du gaur herrialdearen hegoaldeko Xarqiyeh herrian, drone eraso batean, eta beste sei hil ditu Jbaa herrian.
Horiek horrela izanda ere, AEBek baieztatu dute Libanoko eta Israelgo ordezkariak Washingtonen bilduko direla datorren astean. Hala esan zien atzo kazetariei Estatu Departamentuko iturri batek; ez zuen eguna zehaztu, ordea. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak atzo iragarpena egin eta gutxira, Joseph Aun Libanoko presidenteak erantzun zuen baietz, hitz egiteko prest dagoela, baina AFP France-Press agentziak zabaldu zuen Aounek baldintza bat jarri zuela: Libanon ere su etena ezartzea. Israelek ez du horretarako asmorik, ordea; beraz, Libanoren eta Israelen arteko elkarrizketak ere kolokan daude. Bide batez, Hezbollahren ordezkari politiko Ali Fayyad negoziazio horien kontra agertu zen atzo gauean —hori kaleratu zuen Reuters berri agentziak—, eta Israeli eskatu zion Libano hegoaldetik tropak ateratzeko.
Naim Qassem Hezbollahko liderrak esan du «erresistentziak» Israelen kontra jarraituko duela «arnasa» duten bitartean. Miliziak ohar bat kaleratu zuen atzo gauean, eta horretan, Qassemek, datorren astera begirako balizko negoziazioei begira, nabarmendu zuen Israeli ez zaizkiola «debaldeko kontzesioak» egin behar.
Atzo gauean, Khawaja Asif Pakistango Defentsa ministroak mezu bat idatzi zuen sare sozialetan. «Islamabaden bake elkarrizketak dauden bitartean, Libanon genozidioa egiten ari dira», salatu zuen, eta «gizadiaren kontrako madarikazioa» deitu zion Israeli: «Herritar errugabeak hiltzen ari da lehendabizi Gazan, gero Iranen, eta orain Libanon». Netanyahuren bulegoak esan zuen «toleraezinak» direla gisa horretako adierazpenak, «batik bat bere burua neutral eta bakearen arbitrotzat duen gobernu batek» esandakoak baldin badira. Gaur, mezu hori ezabatu du Asifek.
1,6Iranen zenbat milioi emakumek utzi behar izan duten etxea. Ekialde Hurbileko gatazka hasi zenetik 1.600.000 emakumek etxetik ihes egin behar izan dute Iranen, NBEko Emakumeen Sailak emandako datuen arabera; Libanon, berriz, 620.000 emakume inguruk egin dute ihes, Israelen erasoak direla eta.
Bien bitartean, bere horretan dirau Teheranek eta AEBek Iranerako hitzartutako tregoak. Hori bai, Kuwaiteko Atzerri Ministerioak herrialdeko armadaren kokaleku bati eraso egitea leporatu die Irani eta «haren aliatuei». Goizaldean kaleratutako ohar batean, azaldu du bart droneekin bonbardatu dituztela «berebiziko hainbat instalazio»; inor hil ez duten arren, eztandek «kalte material esanguratsuak» eragin dituzte: «Erasoan jarraitzeak hondatu egiten ditu eskualdearen eta nazioartearen ahaleginak, zeinak, azken batean, Ameriketako Estatu Batuen eta Irango errepublika islamiarraren arteko su etena lortzen lagundu duten».
Jarraian heldu da Irango Guardia Iraultzailearen erantzuna: Fars agentziak jaso duenez, Irango armadako adar horrek ziurtatu du ohar bidez su etena ezarri zutenetik ez dutela erasorik egin eskualdeko herrialdeen kontra, eta, «ausardiaz» iragarriko dutela halakorik eginez gero.
«Lan eskasa» Ormuzen
Trumpek belarrietatik tira egin dio Irani, Ormuzko itsasartea ia guztiz itxita dagoelako oraindik —irekitzea adostu zuten—. «Iran lan eskasa egiten ari da. Akordioak ez zioen hori!», idatzi du Etxe Zuriko maizterrak gaur, Truth Social bere sare sozialean. Gainera, handik igarotzen diren itsasontziei bidesariak kobratzea egotzi dio Irani. «Horretan dabilela diote txosten batzuek».
The Wall Street Journal egunkariak berriki kaleratutako informazio baten arabera, asmo hori du Teheranek. Hori eginez gero, nazioarteko itsas merkataritzaren printzipio bat urratuko luke Teheranek: bakean nabigatzeko askatasuna. Ideia hori jaso zuen Nazio Batuen Erakundearen Hitzarmenak 1994an, itsas zuzenbidea arautzeko orduan. Irango Parlamentuko segurtasun nazionalerako batzordeko buruaren arabera, asmoa da bidesari horiek herrialdeko dibisarekin, rialarekin, kobratzea; horren berri eman du Iranek Mumbain (India) duen kontsuletxeak, sare sozialetan.
Espezializatutako webguneek atzo kaleratu zutenez, aurreko 24 orduetan zazpi ontzi igaro ziren itsasartetik —hiru petroliontzi eta beste lau itsasontzi; azken horietako batek Irango altzairua darama Txinara—; Reuters agentziaren arabera, ontzi horietako askok harremana dute Teheranekin. AEBek eta Israelek otsailaren 28an Iranen aurkako erasoaldia hasi aurretik, egunero 140 ontzi inguruk zeharkatzen zuten pasabidea.
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa Arabiar penintsulako zenbait herrialdetan egon da, eta Qatarrera heldu da gaur; ohar bateratu bat kaleratu du hango bere homologoarekin, Mohammed bin Abdulrahman al-Thanirekin: gatazka ez hedatzeko, su etenaren gainean «eraiki» behar dela adierazi dute, eta al-TErresuma bahanik nabarmendu du nabigazio askatasuna bermatu behar dela hornidura kateak ez eteteko.
Are, Qatarren zela, Starmerrek jakinarazi du atzo gauean Trumpekin hitz egin zuela telefonoz, eta Ekialde Hurbilekoen «ikuspuntua» kontatu ziola: «Ikusmira dute Ormuzko itsasartean zer gertatuko». Nabigazioa bermatzeko «behar den plangintza praktikoa eta diplomatikoa» izan zuten hizpide lehen ministroak eta presidenteak, eta «gaitasun militarrei» eta «logistikari» ere erreparatu zieten.
ESPAINIAK EZINGO DU PARTE HARTU GAZAKO SU ETENA GAINBEGIRATZEKO ZENTROAN, ISRAELEK HALA ESANDA
«Israelen kontrako jarrera agerikoa» argudiatuta, Israelgo Atzerri Ministerioak ohar bidez jakinarazi du Espainiari ez diola utziko parte hartzen Gazarako su etena gainbegiratzeko zentroan, CMCC Koordinaziorako Zentro Zibiko-militarra delakoan. Halaber, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak «etenik gabe» Israelen kontra aritzea leporatu dio Espainiari: «Ez dut toleratuko hipokrisiarik eta etsaikeriarik», esan du sareetan zabaldu duen bideo batean.