Lagunekin Senegalera egindako bidaia baten harira, Eskoziako enpresa pribatu batean zuen lanpostua utzi, eta ICRC Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen lan deialdi batean eman zuen izena Arrate Gomez (Bilbo, Bizkaia, 1984) ingeniariak. Haren arabera, kasik «ausaz» ekin zion ibilbide berriari: Venezuelan izan zen lehenbizi; Ukrainan gero; eta, azkenik, Libanon. Handik ebakuatu zuten duela zenbait aste, eskualdean zabaldutako gatazkaren harira, eta, ikusmira Bilbon izan arren, Libanon bizi izandakoez eta egindako lanaz hitz egin du.
Zertan datza proiektua?
ICRCren proiektuak gatazka armatuetako biktimei laguntzeko pentsatuta daude; batez ere, oinarrizko baliabideetarako sarbidea izan dezaten. Proiektu honen helburua da Libano ipar-ekialdeko Arsal hiriko ur sistemaren azpiegitura konpontzea. Ura oso baliabide urria izan ohi da gatazka eremuetan.
Zer dela eta iritsi ziren egoera horretara?
Siriako mugatik gertu dago hiria, eta milaka errefuxiatu siriar iritsi ziren han 2011n hasitako gatazkaren ondorioz. Hiru urtez, 2014tik 2017ra artean, liskar bortitzak egon ziren Libanoko armadaren eta Siriako talde armatuen artean. Orduan iritsi zen Gurutze Gorria hara, ur sistema hondatuta eta gainezka baitzegoen. Dena den, proiektuaren helburua ez da soilik azpiegitura hori konpontzea; garrantzitsua da hango erakundeekin lan egitea eta haiei formakuntza ematea, baita hango komunitatearekin lan egitea ere.
Zaila izan da hango biztanleekin konfiantzazko esparru bat sortzea?
Ez bereziki. Gurutze Gorria aspalditik ari da lanean eremu horretan, eta oso ongi ezagutzen gaituzte. Halere, proiektu honen harira, hainbat talde eztabaida egin ditugu komunitateko biztanleekin, haien egoera eta beharrak zein diren ulertzeko. Emakumeekin daukagu harreman estuena, haiek baitira etxean urarekin lan egiten dutenak, tankeak husten dituztenak; haiek dira uraren arduradunak. Eztabaida horiei esker, askotariko bizipenak eta ezaugarriak dituzten hogei emakumek osatutako talde bat eratu da hirian; proiektutik harago, izan dezaten beren artean hitz egiteko eremu bat.
Hori ere Gurutze Gorriaren lanetako bat da. Zuk erakundearen nazioarteko batzordean egiten duzu lan, baina zer beste adar ditu?
ICRC 1863an sortu zen, eta neutraltasunaren printzipioa da haren irizpiderik oinarrizkoena. Gero, elkarte nazionalak sortu ziren; Gurutze Gorriaren printzipio eta arauei jarraitzen diete, baina tokian tokiko legediari eta ezaugarriei egokituta. ICRCk gatazka armatua dagoen eremuetan egiten du lan; elkarte nazionalek, berriz, beste era batzuetako larrialdiak artatzen dituzte, hala nola hondamendiekin lotutakoak. Gero, Gurutze Gorriaren Federazioak antolatzen eta koordinatzen ditu elkarte nazional horiek guztiak. Dena den, hiru organoek Genevako Adierazpena dute ardatz, eta helburua da gatazka armatuetan, hondamendietan eta indarkeriazko egoeretan nazioarteko zuzenbidea betetzen dela egiaztatzea. Bestalde, Familia Arteko Loturak Babesteko Saila daukagu. Haren ardura da gatazka eremuetan atxilotu edo desagertu den jendea bilatzea eta haien senideekin harremanetan jartzea.
«Proiektuaren helburua ez da soilik azpiegitura hori konpontzea; garrantzitsua da bertakoekin lan egitea eta haiei formakuntza ematea»
Zer zailtasuni egin behar diezue aurre zuen lana egiteko?
Proiektu honi dagokionez, agintariek erantzukizun handia dute. Izan ere, gu joaten garen lekuetan gauzek ez dute ongi funtzionatzen. Guk konpon ditzakegu, eta martxan jarri, baina beharrezkoa da agintariek proiektua lehenestea eta diruz eta langilez hornitzea. Dena den, inguruan etengabe bonbak erortzen ari direnean, zaila da luzera begira pentsatzea.
Proiektuei ere egiten diete eraso?
Berez, debekatuta dago azpiegitura zibilei eraso egitea, baina errealitatea bestelakoa da. Eraso egiten diote ur sistemari, eta sistema hori etenda geratzen da. Agintariek diru gehiago behar dute sistema hori konpontzeko, eta langileak joan egiten dira, edo hil egiten dituzte. Beldurra areagotzen da. Eta beste eraso bat. Eta beste bat. Eta beste bat; harik eta azpiegiturak eta sistemak txiki-txiki eginda geratzen diren arte.
AEBek Iranen aurka abiatutako ofentsiba baliatuta, Libanori berriro ere eraso egiten hasi da Israel; azken orduotan, are gogorrago. Horrek izan al du eraginik?
Bai, hiriari ez diote eraso egin, baina Bekaa haranetik 40 kilometrora dago, gutxi gorabehera, eta eremu horren aurka gogor jarduten du Israelek. Halere, Libano hegoaldearen eta Beiruten aldean, askoz desplazatu gutxiago daude eremu horretan. Nolanahi ere, zibilak dira biktima nagusiak, haiek pairatzen baitituzte ondoriorik bortitzenak. Etxetik alde egin behar dute egun batetik bestera, eta askok ez dute nora joan, kanpalekuak gainezka daudelako. Batzuek hiru edo lau aldiz galdu dute etxea; eta etxera itzultzeko aukera izan dutenek berriro ere egin behar izan dute ihes. Badira etxean geratzen direnak ere, batez ere adinekoak. Ukrainan ere hala egiten zuten askok. Ez dute nora joan, eta nekatuta daude; hortaz, nahiago izaten dute etxean geratu, nahiz eta jakin badakiten horrek zer arrisku dakarren. Batzuek uste dute beren herrialdean beti egongo dela gatazka; batez ere 30 eta 50 urte arteko herritarrek, gerra besterik ez baitute ezagutu. Gerrak eta krisi ekonomikoak, bat bestearen atzetik.
«Zibilak dira biktima nagusiak. Etxea utzi behar dute egun batetik bestera, eta askok ez dute nora joan, kanpalekuak gainezka daudelako»
Zure lankide asko han daude oraindik. Nola daude?
Antzera. Zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta zailagoa da egoerari aurre egitea. Horixe dute desplazamenduek: etxerik gabe daude milaka eta milaka lagun, lau traste bizkar gainean hartuta. Nire lankide batek, adibidez, etxea utzi behar izan zuen Beirut hegoaldean [Israelek] zabaldutako ebakuazio agindu baten ondorioz. Behin itzuli zen, gauza gehiago hartzera, haur jaioberri bat baitu. Kontatu zidan etxe atarian duten gardenia ikusi zuela, loraturik eta osorik, eta ez zekiela zenbat iraungo zuen bizirik. Berdin etxearekin; ezin dute jakin noiz arte egongo den zutik.
Venezuelan, Ukrainan eta Libanon egon ondoren, eta egungo egoerari erreparatuta, aurkitzen duzu itxaropentsu egoteko motiborik?
Gatazkak amaituko direla uste ote dudan? [Barrez] Tira, gurearen gisako erakundeen lana gatazka bateko aldeek egiten dituzten ekintzak gainbegiratzea da, ez gatazka bera konpontzea. Hain zaila da hori… Finean, gatazka guztietan daude gure eskumenetik harago dauden interesak. Hortaz, gatazkek zibilengan ahalik eta eraginik txikiena izan dezaten saiatu besterik ezin dugu egin.