Israeli eraso eginez ez ezik, Iranek Ekialde Hurbileko eta inguruko beste zenbait herrialde ere bonbardatuz erantzun dio Israelek eta Ameriketako Estatu Batuek duela astebete hasitako gatazkari. Eta, orain, Masud Pezexkian Irango presidenteak iragarri du ez dituztela erasoaldi gehiago egingo inguruko herrialdeen kontra, gaur goizaldean egin duen agerraldi batean; barkamena eskatu die Teheranen «ekintzengatik», AEBen baseen eta instalazioen kontra egin dituztela zehaztu duen arren. Hori bai, presidenteak ziurtatu du Iranek ez diela misilik-eta botako, betiere eraso egiten ez badiote; alegia, AEBetako armadak ez badie eraso egiten Ekialde Hurbileko herrialde horietan dituen base militarretatik. Horixe da Pezexkianek ezarritako baldintza, zeina, zehaztu duenez, atzo erabaki zuen Iranen behin-behinean agintean dagoen batzordeak, Ali Khamenei lider gorenaren heriotzaren ondotik.
Dagoeneko aplikatu dute neurri hori: Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak gaur esan du AEBetako armadak ura gatzgabetzeko instalazio bati eraso diola Iran hegoaldeko Qexm irlan; hortik gutxira, Irango Guardia Iraultzaileak jakinarazi du Washingtonek Bahrainen duen base bat bonbardatu dutela, argudiatuta handik jaurti dituztela Qexmeko instalazioa kolpatu duten misilak. Bestalde, Arabiar Emirerri Batuek, Saudi Arabiak eta Qatarrek esan dutenez, Iranen misilak atzeman dituzte gaur.
15Zenbat misil atzeman dituzten gaur Arabiar Emirerri Batuetan. Arabiar Emirerri Batuetako Defentsa Ministerioak ohar bidez jakinarazi duenez, Iranen hamabost misil balistiko eta 119 drone atzeman dituzte gaur herrialdeko aireko defentsa sistemek. Misil bat uretara erori da, eta bi dronek bakarrik jo dute herrialdea.
Pezexkianek herrialdearen burujabetza defendatzeko deia egin die irandarrei, eta zera esan die estatubatuarrei: aiatolen sistema politikoak baldintzarik gabe amore ematea «amets hutsa» dela. Izan ere, Donald Trump AEBetako presidenteak atzo mehatxu egin zuen «baldintzarik gabeko errendizioa» baino ez duela onartuko Teheranen partetik.
Pezexkianek Ekialde Hurbileko herrialdeei eskatutako barkamena «errendizioa» dela deritzo Trumpek, AEBen eta Israelen «gupidagabeko erasoei» esker lortua. Dena den, iragarri du, sare sozialetan gaur idatzi duen mezu batean, herrialdea «gogor» bonbardatuko dutela: «Iranen jarrera kaskarraren ondorioz, serio kontsideratzen ari gara orain arte helburu gisa ez genituen guneak eta pertsona taldeak, horiek guztiz suntsitzeko eta dudarik gabe hiltzeko». AEBetako presidenteak nahi duen baldintzarik gabeko errendizio hori lortzeko modua ez baita bat eta bakarra: izan liteke Teheranek iragartzea, edo, bestela, azkenerako gaitasun militarrik gabe geratzea, atzo Axios hedabideari esan zionez: «Gehiago borrokatu ezin ahal izatea, ez dutelako nor edo zer eraso egiteko».
Trumpek berretsi du ez dituztela etengo Iranen kontrako erasoak, harik eta errepublika islamiarrak AEBen oniritzia duen beste buruzagi bat aukeratu arte. Irango Guardia Iraultzailearen gertuko Fars albiste agentziak gaur kaleratu duenez, Irango Adituen Batzarreko kide batek adierazi dio hurrengo lider gorena asteburua amaitu baino lehen aukeratzeko «esperantza handiak» dituztela. Batzar horretako 88 klerikok dute Khameneiren ondorengoa aukeratzeko ardura.
Bien bitartean, Israelgo armadak erasoaldi gehiago egin ditu bart, horietako bat Teherango Mehrabad aireportuan: armadak jakinarazi duenez, Irango Guardia Iraultzailearen hamasei hegazkin suntsitu ditu, argudiatuta Hezbollah Libanoko miliziarentzako armak zeudela horietan.
Hildako gehiago Libanon
Israelek 41 pertsona hil ditu gaur Libano ekialdeko Nabi Txit herrian, herrialdeko NNA berri agentziak hango Osasun Ministerioak emandako datuak aipatuz kaleratu duenez; beste hainbeste inguru ere zauritu dituzte. Operazio bat izan da, helburu zuena Ron Arad Israelgo armadako hegazkin pilotuaren gorpuzkiak berreskuratzea —1986an bahitu zuen Amal Libanoko mugimendu xiitak, eta gero Hezbollahren esku utzi zuen—. Armadak jakinarazi duenez, ordea, ez du Arad topatu.
Israel astelehenean hasi zen Libanoren kontra, Hezbollah milizia xiitak zenbait misil jaurti eta gero, Khameneiren heriotza mendekatzeko. Erasoaldia hasi zenetik Israelek ia hirurehun lagun baino gehiago hil ditu Libanon, herrialdeko Osasun Ministerioaren arabera, eta ia ehun mila herritarrek ihes egin behar izan dute etxetik.
Are, beste behin, Israelgo armadak Libano hegoaldea ebakuatzeko agindua eman du, tropak «indarrez» dabiltzalako bertan; aintzat hartzekoa da azken egunotan Israelek areagotu egin duela Libano hegoaldean duen presentzia militarra, Hezbollahrekin 2024ko azaroan su eten bat adostu zuenetik. Sare sozialetan, armadako bozeramaile batek libanoarrei ihes egiteko eskatu die, «seguru» egon daitezen, Hezbollahren kontrako operazioak egiten ari baitira.
Libanoko zenbait hedabidek kaleratu dutenez, Israelgo armadak bonbardatu du bart Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoaren gune bat, bi herrialdeen arteko mugatik hurbil, Quzah herrian. Libanoko Atzerri Ministerioak kasko urdinen misioaren kontrako eraso hori gaitzetsi du gaur, ohar bidez, nahiz eta ez dion inori egotzi. Jakinarazi du Ghanako batailoi bateko hiru soldadu zauritu dituztela, horietako bat larri dagoela, eta Beiruteko ospitale batean eman dietela arta. Unifil erasoa ikertzen ari da.
Hezbollahk jakinarazi du Israelgo armadaren pare bat posizio bonbardatu dituela gaur eguerdian, misil bidez: Israelgo Acre hiritik gertu den Tzrifin basea eta Libanoko Kfar Kila herrian zeuden ibilgailu batzuk.
Mediterraneoan adi
Turkia aztertzen ari da Ziprera F-16 gerra hegazkin supersonikoak bidaltzea, herrialdeko Defentsa Ministerioko iturriek Reuters albiste agentziari adierazi diotenez. Asmoa Ipar Zipreko Turkiar Errepublikako «segurtasuna» bermatzea da —Ankarak bakarrik onartzen du estatu gisa—. Yeniduzen egunkari turkiar-zipretarrak kaleratu duenez, lau gerra hegazkin etzi helduko dira uhartera.
Joan zen igandean, Erresuma Batuak Zipren duen base militar bat jo zuen drone batek, Hezbollahk jaurtitakoa; orduz geroztik, Europako zenbait herrialdek iragarri dute beren armadetako ontziak bidaliko dituztela Mediterraneoko irlara: Erresuma Batuak, Espainiak, Frantziak, Greziak, Herbehereek eta Italiak.
Zipretarrak Nikosia hiriburuko kalera atera dira gaur, Erresuma Batuak irla horretan dituen bi base militarren kontra manifestatzeko. Ziprek 82 urte egin zituen Erresuma Batuaren menpeko kolonia gisa, harik eta 1960an independentzia lortu zuen arte, gatazka armatu baten ondoren. Dena den, Erresuma Batuak kontrolpean eutsi zion uhartearen eremuaren %3ri, eta bi base militar eraiki zituen: Akrotiri eta Dhekelia.