Ia astebete da Israel eta AEB Ameriketako Estatu Batuak Iran bonbardatzen hasi zirela, eta ordutik ez dute gelditu erasoaldia. Azken orduetan, gainera, AEBek jakinarazi dute erasoak areagotu dituztela Teheranen. Bitartean, Israelek ere Teheran eta Beirut bonbardatzen jarraitzen du. Volker Tuerk OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatariak gerra «berehala» amaitzeko deia egin du gaur goizean. Donald Trump AEBetako presidenteak, ordea, ez du horretarako asmorik: «Iranekin ez dugu akordiorik egingo baldintzarik gabeko errendizioa onartzen ez badute», idatzi du gaur Truth Social bere sare sozialean.
Bart, Israelgo Estatu Indarrek jakinarazi dute «beste etapa bat» abiatuko dutela Iranen aurkako erasoaldian, eta hainbat eraso egin dituzte Teheranen azken orduetan. Eyal Zamir armadako jeneralak esan duenez, Israelek amaitu du jada lehen fasea, erasoa «ustekabean» abiatzekoa, eta hurrengoa martxan jarri dutela adierazi du: «Irango erregimenaren oinarrien eta gaitasun militarren aurkako erasoa areagotuko dugu». Gaineratu duenez, Israelgo armadak «ezohiko mugimenduak» ditu esku artean, baina ez du bigarren fase horren inguruko beste xehetasunik eman nahi izan.
Beiruten ere, bonbardaketek ez dute etenik. Israelgo armadaren esanetan, Hezbollahk Beiruten dauzkan gotorlekuei egin diete eraso gaur goizean. Atzo ere Beirut hegoaldeko zenbait auzo bonbardatu zituen Israelek, Hezbollah talde xiitaren gotorlekuetako bat direlakoan, eta auzune horiek husteko agindu zuen Tel Avivek. Libanoko Osasun Ministerioak aditzera eman duenez, jada 217 dira Libanon aste honetan izandako erasoetan hil direnak. Eta Irango Ilargi Gorriaren arabera, jada 1.332 hil dira herrialde horren aurkako azken erasoaldia hasi zenetik; horien artean, gutxienez berrehun adingabeak direla gaineratu du Osasun Ministerioak.

AEBetako liderrek ere bide beretik jo dute azken orduetan. Alde batetik, Pete Hegseth AEBetako Defentsa idazkariak atzo adierazi zuen Iranen eta Teheran hiriburuaren aurkako erasoaldia «nabarmen handitzeko zorian» dela. Hala ere, Trumpek uko egin dio AEBetako tropak Iranera bidaltzeari. «Denbora galtzen ariko ginateke», esan du bart, Etxe Zurian egindako agerraldi batean. Baina erasoaldia hasi zenetik egin duen bezala, erasoekin Irango Gobernua aldatu nahi duela erakutsi du: «Bertan sartu eta dena garbitu nahi dugu», esan du aiatolen lidergoari erreferentzia eginez. Teheran errenditu ostean «lider handi eta onargarri bat edo pare bat» hautatuko dituztela gehitu du.
Bestalde, larunbatean nesken eskola bati eraso egin zioten Iranen. 175 lagun hil ziren, eta orain arte inork ez du eraso horren erantzukizuna bere gain hartu. Bada, The New York Times kazetaren arabera, AEBek egin zuten eraso hori, eta «hutsegite baten ondorio» izan zen. Pentagonoak azken egunetan adierazi du egoera «ikertzen» ari dela, zer gertatu zen argitu nahian. Israelek, berriz, adierazi du ez daukala «erregistratuta» eremu horretan egindako erasorik.
Horrekin lotuta, gogorarazi beharra dago herrialde batek eraso bat egin aurretik egiaztatu egin behar duela helburuen artean zibilik ez dagoela. Hori ondo egin ezean, nazioarteko giza eskubideak urratzen ariko litzateke.
Iranen, berriz, herrialdeko presidente Masud Pezexkian X sare sozialaren bidez mintzatu da. Idatzi duenez, herrialde batzuk «bitartekaritza lanak egiten ahalegintzen hasiak» dira, baina Irani begiratu beharrean AEBei eta Israeli begiratzeko deia egin du, eta gogoratu Iranek ez zuela gerra hasi: «Eskualdean bake iraunkorra lortzeko konpromisoa daukagu, baina gure nazioaren duintasuna eta subiranotasuna defendatzeko garaian ez dugu zalantzarik egingo. Bitartekariek Irango herria gutxietsi eta gatazka hau piztu zutenei hitz egin beharko liekete».
Europako Batasuna ez dago «gerran»
Ekialde Hurbileko krisia «lehentasunezko larrialdi humanitarioa» dela adierazi du NBE Nazio Batuen Erakundearen errefuxiatuentzako agentziak, eta «berehala erantzun» behar dela azpimarratu. Era berean, gerra «berehala» amaitzeko deia egin du agerraldi horretan Tuerk Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatariak. Tuerk gerran inplikatuta dauden herrialdeetako liderrei mintzatu zaie; «tentsioa murrizteko neurriak» har ditzaten agindu die, eta bakeari «bide egiteko» eskatu.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, berriz, atzo gauean Instagram sare sozialean adierazi zuen Frantzia ez dela «Iranen aurkako gerraren parte», eta ez daukala tartean sartzeko asmorik. Mark Rutte NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko buruak atzo esan bezala, Frantziako presidentearen esanetan, Frantzia ez da «gerra egiten ari», baina azpimarratu zuen frantziarrak eta herrialdearen aliatuak babesten ari dela. Azken egunetan, ordea, Charles de Gaulle hegazkinontzia —propultsio nuklearra dauka— bidali du Macronek Ekialde Hurbilera. Hala ere, atzo adierazi zuen «modu baketsuan» eta «itsasoko trafikoa bere onera itzultzen dela bermatzeko helburuz» bidali duela.
Horrez gain, Macron Hezbollah milizia xiitaren ekintza militarrak amaiarazteko egitasmo baten berri eman zuen atzo bertan, eta Libanoko armadari «laguntza militarra» emango diola berretsi zuen.
4
Zenbat pertsona atxilotu dituzten Erresuma Batuan Iranentzat espioitza lanak egiten dituztelakoan. Lau pertsona atxilotu dituzte Erresuma Batuan komunitate judua zelatatzea eta informazioa Irani bidaltzea egotzita. «Lau gizon atxilotu ditugu Irango informazio zerbitzu bati laguntzeagatik. Ikerketa Londres inguruko juduen komunitateari lotutako lekuak eta pertsonak zelatatzearekin dago lotuta», diote bertako Poliziak zabaldutako oharrean.
Soka tenkatu dela ikusita, Frantziak egin duen bezala, Italiak, Erresuma Batuak eta Espainiak ere «defentsarako baliabide militarren presentzia» indartu dute Ekialde Hurbilean. Adierazi dutenez, haien interesen eta herritarren babesa bermatzea dute helburu, eta azpimarratu dute ez daukatela gatazkan «zuzenean» esku hartzeko asmorik.
Espainiako RTVE kateari emandako elkarrizketa batean, Irango Atzerri ministroaren bozeramaile Esmail Baqaik atzo adierazi zuen Europako Batasuneko herrialdeek lehenago edo beranduago «garesti ordainduko dutela» ez badute AEBek eta Israelek abiatutako erasoaren aurkako jarrerarik agertzen.
PETROLIOAREN ETA GASAREN ESKAERAK GORA EGIN DU ERRUSIAN
Errusiak adierazi du herrialdean «nabarmen» handitu dela petrolioaren eta gasaren eskaria Irango gerra hasi zenetik eta, batez ere, Ormuzko itsasartea itxi zutenetik. Dimitri Peskov Kremlinen bozeramaileak egunero egiten duen prentsaurrekoan jakinarazi du Errusiak «kontratatutako horniduren iraupena bermatzeko gaitasuna» daukala, eta Mosku oraindik ere «hornitzaile fidagarria» dela berretsi du.