AEBen eta Israelen erasoei erantzuten ez ezik, diplomazia egiten ere aritu da Teheran; Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroa Errusiako eta Pakistango agintariekin aritu zen hizketan, atzo sare sozialetan jakinarazi zuenez, eta gatazka amaitzeko «modu bakarra» dagoela ziurtatu zuen: «Irani eskubide legitimoak aitortzea, kalte ordainak jasotzea eta erasoak galarazteko nazioartearen berme irmoak edukitzea».
Bestalde, Mojtaba Khamenei Irango lider goren izendatu zuten joan den igandean, baina ordutik ez du ez agerraldi publikorik egin, ezta adierazpenik ere. Israelgo hedabideek argitaratu dute azken egunetan Khamenei zauritu egin zutela otsailaren 28an, haren aita lider gorena zena, ama, emaztea eta arrebetako bat ere hil ziren bonbardaketan bertan. Irango eta Israelgo iturri ofizialak aipatuz, The New York Times-ek gaur kaleratu du Khamenei ez dela jendaurrean agertu jasandako zaurien ondorioz. «Zauri arinak» dituen arren lider goren berria «aktibo» dagoela jakinarazi du Teheranek ordu batzuk geroago.
Hori argitaratu du Reuters berri agentziak, Irango iturri ofizial bat aipatuz. Eta gobernuaren aholkulari eta Masud Pezexkian presidentearen seme Yusef Pezexkianek Telegrameko bere kanalean idatzi duenez, lider gorenaren hurbileko kontaktu batzuek ziurtatu diote «onik eta osorik» dagoela. Iranek Zipren duen enbaxadore Alireza Salarianek hori baieztatu dio The Guardian egunkariari.
The New York Times-en arabera, hanketan zauriak ditu Khameneik. Bunker batean dago, eta kanpoaldekoekin komunikatzeko aukera mugatua da han. Igandeaz geroztik, Irango hedabideak, Khameneiren irudia indartze aldera, esaten ari dira hura «ramadaneko gerran zauritutako beterano bat» dela —ramadana egiten ari dira otsailaren 17tik; martxoaren 19an bukatuko da musulmanen hilabete santua—. The New York Times-ek berak eta The Wall Street Journal-ek berak aurreko astean argitaratu zutenez, AEBetako zerbitzu sekretuek Ali Khamenei non zegoen jakin ahal izan zuten, eta Israelek bonbardatu egin zuen leku hori, otsailaren 28an. Horren harira, Donald Trump AEBetako presidenteak esan du Khameneik ez duela «asko iraungo».
767.000Zenbat lagun dauden eskualdean desplazatuta gerraren ondorioz. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak gaur jakinarazi duenez, AEBek eta Israelek Iranen eta Libanoren kontra hasitako erasoaldiaren ondorioz gutxienez 767.000 desplazatu daude. Ekialde Hurbilean 14,1 milioi errefuxiatu daude.
Bien bitartean, Israelek ohartarazi du «behar beste denbora» iraungo duela haiek eta AEBek Iranen kontra hasitako erasoaldiak. Hori adierazi du Israel Katz Defentsa ministroak gaur, ministerioak plazaratutako ohar batean. Israelgo bi funtzionariok Reuters berri agentziari esan diotenez, Trumpek ez dauka gerra laster amaitzeko asmorik, eragin dezakeen krisi ekonomikoa gorabehera. Eta Israelek eta AEBek erasoekin jarraitu dute. Gainera, Teheran ez ezik, beste leku batzuk ere izan dituzte jomugan; esaterako, Tabriz hiria, herrialdearen ipar-mendebaldean. Tasnim berri agentziak kaleratu duenez, gutxienez hiru pertsona hil dituzte han.
Interes ekonomikoak helburu
Bestalde, kontraerasoan ari da Iran, agindu bezala. Eskualdeko hainbat herrialdek eraso egin dietela jakinarazi dute: Arabiar Emirerri Batuek, Irakek, Kuwaitek, Omanek, Qatarrek eta Saudi Arabiak. Teheranek gaineratu du, bide batez, base militarrak ez ezik, Ekialde Hurbilean Israelekin eta AEBekin lotura duten «gune ekonomikoak eta bankuak» ere helburu izango dituela aurrerantzean. Erabaki hori hartu du Teheranek, eta argudiatu gaur goizaldean Irango banku baten egoitzari eraso egin diotela hiriburuan.
Eta horren guztiaren harira mintzatu da Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea gaur. Parlamentuan nabarmendu du beharrezkoa dela gerra etetea, bestela horrek «sutara» bultzatu baitezake eskualde osoa. «Israelek gure bizilagun Iranen aurka hasitako gerrak txikizio handia eragin du».
Libanoren kontra egiten segitzen du Israelek
Israelek Ekialde Hurbileko egoera nahasia baliatu du iparraldeko bizilagunaren, Libanoren, kontra egiteko. Tel Avivek erasoak iragarri ditu gaur goizean, eta Libanoko iturri ofizialek adierazi dute ordu batzuk geroago horien ondorioz gutxienez 21 pertsona hil direla. Tel Aviven esanetan, Hezbollah milizia xiitako kideak ditu helburu, baina OME Osasunaren Mundu Erakundeak herrialde hartan daukan ordezkariak, Abdinasir Abubakarrek, hildako gehienak zibilak direla azpimarratu zuen atzo. 500 baino gehiago dira joan den otsailaren 28az geroztik.