Iranek eta AEBek elkarrizketa teknikoak hasi dituzte berriro

Bi aldeak Qatarren bildu dira. Ordezkaritzen buruek ez dute aurrez aurreko bilerarik egin.

Emakume bat Irango bandera eskuetan duela, atzo Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Emakume bat Irango bandera eskuetan duela, atzo Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Susaeta.
2026ko uztailaren 1a
12:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gerra hotz gisako batean daude Iran eta AEBak. Beren arteko auziaren konponbiderako memorandum bat sinatu zuten duela bi aste, bide orri moduko bat datozen bi hilabeteetarako. Baina elkar ulertzetik urrun daude. Azken egunetan nabarmena izan da. Batak esaten zuen baietz, Dohan biltzekoak zirela bi aldeak. Besteak, ezetz. Eta, ondorioz, aldeek elkarri egindako ohartarazpenak, eta eraso batzuk Persiar golkoaren inguruan. Azkenean, baina, batzartu dira, bai, bi aldeak gaur Qatarko hiriburuan —ez aurrez aurre, hala ere, bitartekariekin baizik—, elkarrizketa teknikoetan jarraitzeko. 

Hori kaleratu dute Al-Jazeera hedabideak eta Reuters berri agentziak, negoziazioen inguruko iturriak aipatuz. AEB Ameriketako Estatu Batuen negoziatzaile Steve Witkoff eta Jared Kushner Qatar bitartekariaren ordezkariekin bildu ziren atzo. Irango ordezkaritzaren buruak ere Dohan egon dira azken orduetan, baina ez dago aurreikusita alde bateko eta besteko ordezkaritza buruen arteko bilerarik —zeharkakoak izan dira; hau da, Qatar eta Pakistan bitartekariekin batzartu dira—, nahiz eta Donald Trump AEBetako presidenteak iradoki zuen astearen hasieran baietz, bilduko zirela. Bide batez, Trumpek esan du gaur, AEBetan egindako ekitaldi batean, bilerak «oso ondo» joan direla.

Bitartean, Iranek esaten du aurrez aurreko bilerak egiteko lehenik eta behin mintzatu behar dutela duela bi aste sinatutako dokumentuak jasotakoaz: su etena eskualde osoan —Libano barne—; Iranek edukitzea Ormuzko itsasartearen gaineko kontrola —horren burujabetza aldarrikatzen du Teheranek—; Teherani blokeatutako funtsak desblokeatzea; eta, besteak beste, egutegi bat zehaztea Teherani ezarritako zigor ekonomikoak kentzeko. Hain zuzen, gaur funtsei eta Ormuzi buruz mintzatu dira.

3

Desblokeatzekoak diren Iranen funtsak, bilioi dolarretan. Elkarrizketa teknikoetan Irani blokeatutako funtsak izan dituzte hizpide gaur, eta aurreakordio bat egin dute aldeek, Teheranen hiru bilioi dolar desblokeatzeko; hau da, 2,63 bilioi euro. Hori kaleratu du Al-Hadath Egiptoko egunkariak, negoziazioetako iturriak aipatuz.

Baina ekainaren 21ean aldeak aurrez aurre Suitzan batzartu zirenetik, katramilatu egin dira auzi horien guztien inguruko elkarrizketak. Gainera, Trumpek ez du baztertzen berriro Irani eraso egitea. Halaxe kaleratu du The Wall Street Journal egunkariak azken orduetan, AEBetako iturri ofizialak aipatuz. Informazio horren arabera, horri buruz hitz egin dute Trumpek, Pete Hegseth Defentsa idazkariak eta Dan Caine jeneralak. 

Horren harira, JD Vance AEBetako presidenteordeak uste du «negoziatzeko taktika persiar bat» egiten ari dela Teheran. Hala esan du gaur goizaldean AEBetako podcast ultrakontserbadore batean, galdetu diotenean ea Iranek zergatik ukatu duen Dohan AEBekin elkarrizketak edukitzekoa zela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA