Bake akordioa egin bazuten ere, azken asteetan berriz gaiztotu da Iranen eta AEBen gatazka. Eta, gaur-gaurkoz, ez dirudi posible izango denik luze gabe konponbidea lortzea, nahiz eta Donald Trump Etxe Zuriko maizterrak bi aukera mahai gainean jarri dizkion Irani: «Ituna egitea, edo erabat errenditzea». Ikusi du Teheranek oraingoz ez duela negoziatzeko asmorik, eta «bi aurpegi» edukitzea leporatu dio gaur Trumpek, sare sozialetan idatzitako mezu batean: «Bil gaitezela eskatzen dute —batzuek ‘erregutu’ ere esango lukete—, elkarrizketak hasten dira, eta, epe laburrean berriro biltzea hitzartuagatik ere, esaten dute, argi eta garbi eta harro, inolaz ere ez direla ari negoziatzen».
Gaur Teheranek gezurtatu egin du Washingtonekin negoziatzen hasiko dela; aurrez Donald Trump AEBetako presidenteak adierazi baitu gaur bertan hasiko direla berriz ere bi aldeen elkarrizketak. Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak, aldiz, ezetz esan du, ez dutela negoziaziorik abian AEBekin, eta oraingoz ez dutela horretarako asmorik: «Datozen egunetan ez dugu atzerriko ordezkaritzarik jasoko, ezta gure ordezkaritzarik kanpora bidaliko ere». Ondoren heldu da Trumpek sare sozialetan idatzitako mezua.
Gaur goizaldean, AEBetako presidenteak kazetariei ziurtatu die Teheranekin negoziatzen hasiko direla berriz. Gaur hasiko direla esan, baina ez du bestelako xehetasunik eman. Hori bai, adierazi du Iranen aurkako erasoaldi bat geldiarazi duela, eta gaineratu «Bigarren Mundu Gerraz geroztiko erasorik handiena» izatekoa zela. Izan ere, Trumpek argudiatu du Persiar golkoko herrialdeek eskatu diotela erasoa bertan behera uzteko: «Uste dute Ormuzen inguruko akordio bat erdiets dezaketela». Akordio hori «berehala» iritsiko dela esan du, eta gero Iranen «desnuklearizazioa» helduko dela.
Etxe Zuriko maizterraren adierazpenak, ordea, ezerezean geratu dira Teheranek bere bertsioa eman duenean. Berriz negoziatzen hastekoak ez direla jakinarazi ostean, Baghaei ez da oso baikor mintzatu Ormuzi buruzko akordioaz ere: esan du itsas pasabide horretan ez dela aldaketa handirik egongo «AEBen oldarkortasuna» amaitu ezean. Iran eta Oman negoziatzen ari dira igarobideko itsas nabigazioaren kudeaketaz. Bi herrialde horietako kostaldeen artean dago Ormuzko pasabidea, eta Baghaeik gogorarazi du Iranen eta Omanen artean hartuko dituztela erabakiak, beste estatu batzuek negoziazioetan lagundu edo kalte egin badezakete ere.
Atzo Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak esan zuen azken fasean zeudela negoziazio horiek. Dena dela, gaur Baghaeik zehaztu du Omanekin akordio bat egitea ez dela nahikoa izango pasabidea irekitzeko.
AEBek eta Iranek ekainaren 17an bake akordio bat sinatu zuten otsailaren 28an hasitako gatazka amaitzeko. Hala, adostu zuten, besteak beste, bi herrialdeen arteko erasoak geldituko zituztela, eta bi hilabeteko aldian behin betiko akordioa ontzen saiatuko zirela. Ordutik, baina, elkarri erasoka aritu dira berriz ere. AEBek bonbardaketak egin zituzten Iran hegoaldean, Teherani leporatu ostean Ormuzen hainbat itsasontziri eraso egitea. Eta Iranek Ormuzko itsasartea itxi zuen berriz ere.
Trumpek amaitutzat jo zuen akordioa uztailaren 8an. Orduz geroztik, Washingtonek bonbardaketak egin ditu Iran guztian. Eta Iranek jomugan izan ditu AEBek eskualde hartan dituzten base militarrak. Gutxienez AEBetako bi soldadu hil zituen eraso horietako batean, Jordanian. Gainera, aurreko astean gatazka are eta gehiago zabaldu zen Saudi Arabiak eta AEBek Iraki eraso ostean. Esan zutenez, Iranen alde jarduten duen milizia bat izan zuten jopuntuan.
bake akordioa zapuztu nahi izatea egotzi dio hamasek israeli
Israelek Gazarako adostutako bake akordioa zapuztu nahi duela salatu du Hamasek, Israelek Gazan gutxienez hemezortzi pertsona hil ostean. Palestinako talde islamistaren arabera, Benjamin Netanyahu lehen ministroaren gobernuak iazko urrian indarrean sartutako planaren bigarren fasea «oztopatzea» du helburu. Atzo arratsaldean kaleratu zuen ohar bat Hamasek, eta bitartekari aritu diren herrialdeei —AEBak, batez ere— exijitu die hartzeko «berehalako neurriak» Israel adostutakoak betetzera behartzeko. Izan ere, atzo zerrendan zehar egindako erasoetan gutxienez hemezortzi pertsona hil zituen Israelek. Eta, gaur Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, jada 73.375 dira 2023ko urriaren 7tik hildakoak. Ostegunean, Hamasek baieztatu zuen prest dagoela armagabetzeko, baldin eta Israelek ere hitzarmenak betetzen baditu.