Iranek gezurtatu egin ditu AEB Ameriketako Estatu Batuek auziaz egindako azken adierazpenak, eta berretsi du AEBetako armadak ez dituela kendu Ormuzko itsasartean dauden minak. «AEBek benetan minak kendu badituzte, zergatik ez dira oraindik itsasontziak Ormuzko itsasartetik igarotzen?», galdetu zuen Irango Atzerri ministrorde Kazem Garibabadik atzo gauean, herrialdeko telebista nazionalean.
Garibabadik adierazi zuen AEBek itsasartea «menderatu» nahi dutela, eta «propaganda estrategiatzat» jo du AEBetako presidente Donald Trumpek atzo gauean iragarpen «faltsuak» egitea. Izan ere, Trumpek Ormuzko minak kendu zituztela adierazi zuen atzo Truth Social bere sare sozialean: «AEBetako itsas armadak jakinarazi berri dit kendu edota lehertu egin dituztela Ormuz itsasarteko nazioarteko uretan zeuden mina guztiak, eta Irani jakinarazi zaio suntsitu egingo dugula berriz ere minak jartzen saiatzen den edozein itsasontzi».
Irango Atzerri ministrordeak, ordea, Trumpen iragarpena baztertu zuen, eta AEBei ohartarazi zien minak kentzeko ontziak itsasartera sartuz gero horiek «helburu militar oso errazak» izango liratekeela Iranentzat.
Teheranek, gainera, bere gaitasun militarrak hobetu dituela nabarmendu du gaur. Irango armadako bozeramaile Mohammad Akraminak adierazi du herrialdea gerrako kalteetatik indarberritu dela, eta asmoa dutela jarrera «defentsiboa» atzean utzi eta «ofentsiboago» bat hartzeko. Era berean, Iranek gaur iragarri du gobernuak sari ekonomikoak emango dizkiola Iranen soldadu estatubatuarrak harrapatzen dituen edonori.
Iranek uztail erdialdean itxi zuen berriro Ormuzko pasabidea, bi aldeek elkar ulertzeko memorandum bat sinatu eta hiru astera AEBek Irango hegoaldea bonbardatu ostean. Petrolioa eta gasa garraiatzeko munduko itsasbide nagusienetako bat da hori, eta, hortaz, Washingtonen eta Teheranen arteko gatazkaren tentsio puntu nagusienetako bat bilakatu da.
Iranek eta Omanek asteak daramatzate hitz egiten itsasarte blokeatuaren inguruan —itsasartearen jabetza partekatzen dute biek—, eta atzo iragarri zuten akordioa «gertu» dagoela.
Hala ere, Iranek bart argitu zuen Omanekin adosten ari diren planak aurrera egiteak ez duela esan nahi itsasartea «berehala» irekiko dutenik. Izan ere, Garibabadik nabarmendu zuen itsasartea irekitzeko «baldintza jakin batzuk» jarri zituela Iranek ekainean AEBekin adostutako testuan, eta horien «menpe» dagoela pasabidea irekita edo itxita egotea.
Ministrordeak bart gogorarazi zuen zeintzuk diren baldintza horiek. Lehenik, blokeo ekonomikoa erabat altxatzea; bigarrenik, fronte guztietan gerra behin betiko amaitzea —Libanon barne—; eta, hirugarrenik, Yemengo blokeoaren egoera «zehaztea».
Garibabadik, gainera, Ormuz «segurtasun nazionaleko gai» gisa hartu zuen bere agerraldian, eta, hortaz, pasabidearen sarrerako eta irteerako bideetan aldaketak egitea «beharrezkoa» dela azaldu zuen.
Horren harira, Irango goi kargudunak jakinarazi du Omanekin zera adostu dutela: sarbidea Irango uretarik egitea, eta irteera, nagusiki, Omango uretatik. Hala ere, azaldu du, bietan, itsasontziek Irango urak zeharkatuko dituztela.
Ministrordeak, hala ere, argitu zuen ibilbide hori «behin-behinekoa» dela, eta 30 eta 60 eguneko epean bide «iraunkor» bat negoziatzen duten bitartean erabiliko dutela.
Ormuzko itsas trafikoa maila apalean
Itsas trafikoari buruzko datuen arabera, atzo itsasontzi gutxi igaro ziren Ormuztik. Reuters berri agentziak jakinarazi duenez, bost merkantzia ontzik gurutzatu zuten atzo itsasartea; azken hamar egunetan batez beste hamabost ontzi igaro dira egunean.
Kpler enpresaren datuak aipatuz, Reutersek jakinarazi du petrolio gas likidotua zeramaten bi ontzi eta betuna zeraman beste bat atera zirela atzo itsasartetik, eta hutsik zihoazen bi petrolio ontzi sartu zirela. Astelehenean, gainera, ontzi bakarrak igaro zuen itsasartea.
Hala ere, Reutersek jakinarazi du datuak «hasierako estimazioak» direla oraindik, eta balitekeela eguneratzea.
Tel aviveK EZ DITU ERASOAK ETEN
Israelek pertsona bat hil du eta beste hainbat zauritu ditu gaur Gazan. Tokiko hedabideek kaleratu dutenez, Khan Yunisko kanpamentu bat jo du erasoak.
Bestalde, Tel Avivek Libanori ere eraso egin dio gaur goizaldean. Herrialdearen hegoaldeko hainbat kokaleku bonbardatu ditu.