AEBek Iran bonbardatu dute bigarren egunez jarraian

Trumpek esan du «kontraeraso bat» izan dela, Teheranek zortzi misil jaurti baitzituen atzo AEBen Jordaniako baseen aurka. Pezexkianek aurrez esan du gatazka eteteko adostutako neurriak hartuko dituela baldin eta Washingtonek beste horrenbeste egiten badu.

Trumpen irudi bat, pistola bat eskuetan duela, Irango egunkari batean, abuztuan. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Trumpen irudi bat, pistola bat eskuetan duela, Irango egunkari batean, abuztuan. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Julen Otaegi Leonet - Beñat Mujika Telleria
2026ko irailaren 1a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Masud Pezexkian Irango presidenteak gaur esan du Teheranek ezer egin baino lehen Washingtonek bete egin beharko lituzkeela ekainaren erdialdean Pakistanen bitartekaritzari esker adostu zuten dokumentuko konpromisoak. Pezexkianek  jakinarazi du AEBek hala eginez gero islamiar errepublikak ere neurriak hartuko dituela; «berehala», gainera. Baina AEB Ameriketako Estatu Batuek ez entzunarena egin dute, eta gaur ere erasoaren bidea hartu , bigarren egunez jarraian. Euskal Herrian 19:00 inguru zirela jakinarazi du AEBetako armadaren aginte zentralak (Centcom) Iranen erasoaldia abiatu duela. Donald Trump AEBetako presidenteak minutu batzuk geroago idatzi du Truth Social bere sare sozialean, eta zehaztu AEBen erasoa kontraeraso bat izan dela: «Irandarrak Ormuzko itsasartean minak jartzen saiatu ziren, eta zortzi misil jaurti zituzten Jordanian ditugun baseen aurka, nahiz eta guztiak eraitsi genituen». 

Era berean, Etxe Zuriko maizterrak ohartarazi du Teheranek AEBen azken erasoaldiari erantzuten badio —erasoaldi hori «guztiz justifikatuta» dagoela esan du Trumpek— «askoz ere gogorrago» egingo dutela eraso hurrengoan. Baina Sardar Mohebi Irango Guardia Iraultzailearen bozeramaileak sare sozialetan idatzi du AEBek «zigor larria» jasoko dutela. Irango albiste agentziek zabaldu dutenez, AEBen azken eraso horiek Bandar Abbas, Qexm uhartea, Konarak eta Txabahar jo dituzte. Oraingoz, baina, ez dute eragindako kalteen berri eman.

Washingtonek berriro eraso egin aurretik, Pezexkianek gogoratu du AEBek memoranduma sinatu eta «bi aste baino gutxiagora» baztertu zituztela adostutako konpromisoak: «Gehiegizko exijentziak hasi ziren planteatzen, eta hitzartutakoa ez betetzen ere bai; jarrera horri eutsi diote gaurdaino». Besteak beste, aldeek hirurogei egunerako su etena ezarri zuten —zeina hiru asteren buruan hautsi zuten—, eta, Ormuzko itsasarteari dagokionez, erabaki zuten Iranek ezarritako blokeoa amaituko zuela eta AEBek Irango portuen kontra ezarritakoa bertan behera utziko zutela.

Irango presidentearen arabera, konpromiso horiek urratu izanak eragin zuen Iranen «erantzun proportzionala»; hots, AEBek Ekialde Hurbilean dituen base militarren kontrako erasoak eta Ormuzko blokeoa berriro ezartzea, besteak beste. Shanghaiko Lankidetza Erakundearen goi bileran adierazi du hori gaur; hamar herrialdek osatzen dute erakunde hori —Errusiak, Txinak, Iranek, Indiak, Pakistanek, Bielorrusiak, Kazakhstanek, Kirgizistanek, Tajikistanek eta Uzbekistanek—, eta segurtasun, politika eta ekonomia arloetako lankidetzaz aritzen dira.

(ID_16403846) KYRGYZSTAN DIPLOMACY
Pezexkian eta Putin gaur, Bixkeken. VIATXESLAV PROKOFIEV / EFE

Herrialde horietako estatuburuak Bixkeken bildu dira azkeneko bi egunetan, Kirgizistango hiriburuan, eta Iranen «subiranotasuna eta lurralde osotasuna» babestu dute, erakundeak zabaldutako ohar baten arabera; are, nabarmendu dute Ekialde Hurbileko gatazka «soilik bide politikoen eta diplomatikoen bidez» konpondu beharko litzatekeela.

Halaber, erakunde horretako herrialde kideek salatu dute AEBen erasoek urratu egiten dituztela bai nazioarteko legediaren printzipioak eta bai NBE Nazio Batuen Erakundearen Gutuna ere: «Arriskutsuak dira munduko bakearentzat, segurtasunarentzat eta egonkortasunarentzat». Hain justu ere, AEBek Irani eraso egin eta biharamunean heldu dira adierazpen horiek: Iranen posizioak jo zituzten atzo Persiar golkoan, eta Teheranek erantzun egin zien, AEBetako armadak Arabiar Emirerri Batuetan eta Jordanian dituen base batzuk bonbardatuz.

Pezexkian Vladimir Putin Errusiako presidentearekin bildu da arratsaldean, AEBek erasoaldia abiatu baino lehen, eta eskerrak eman dizkio AEBen eta Iranen arteko gatazkan Errusiak «fase bakoitzean» eduki duen jarrerarengatik. «Bai erasoak gertatu ziren garaian, bai AEBek zigorrak ezarri izan dizkigutenean». Bide batez, AEBak «garaituko» dituztela esan dio Errusiako presidenteari.

Europaren jarrera

EB Europako Batasuneko Defentsa ministroek ezohiko bilera bat egin dute gaur Irlandan, eta bertan izan da Kaja Kallas talde komunitarioko diplomaziaburua; adierazi du Ormuzko itsasartea irekitzeko ahalegin diplomatikoak egin, egin direla, baina oraindik ez dutela «emaitzarik» izan: «Nabigazio askatasuna errespetatu egin behar da. Guretzat garrantzitsua da bidesaririk ez egotea: zergarik ez aurrez irekita egon diren itsasbide horietarako».

Bestalde, Al-Jazeera hedabideari gaur emandako elkarrizketa batean, Roland lescure Frantziako Finantza ministroak jakinarazi du AEBetako Gobernuarekin eta Altxor idazkari Scott Bessentekin hitz egingo duela: «Frantziak eta Europako Batasunak presio ekonomiko handia egin diote Irani urte luzez, eta hala egiten jarraitu nahi dugu».

AEBen zigorrak gorabehera, Abdolnaser Hemmati Irango Banku Zentraleko gobernadoreak ziurtatu du atzerriko dibisen erreserba nahiko dituztela —aseguru baten moduko zerbait dira, funtsak izateko norberaren diruak bat-batean balioa galtzen badu; hori gertatu da rialarekin, balioa galdu duela bai krisialdi ekonomikoagatik eta bai gatazkagatik—. «Zintzotasun osoz esaten diot jendeari zaildu egin direla baldintza ekonomikoak eta bizimodua, baina kolapsoa ez dela inoiz gertatu, eta ez dela inoiz gertatuko», esan dio Hemmatik Tasnim albiste agentziari.

Israelgo armadak gutxienez hamabi palestinar hil ditu Gazan

Israelgo armadak gutxienez hamabi palestinar hil ditu gaur Gazan: haietako zortzi Gaza hiriaren mendebaldean, bi ibilgailuren kontrako bonbardaketetan; emakume bat eta bi adingabe ere hil dituzte beste eraso batean, eta neska bat zerrenda erdialdeko Deir al-Balah hirian. Al-Jazeera hedabideak eman du hilketa horien berri.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA