Negoziazioetan ohikoa da aldeek gogor egitea. Batzuetan, ordea, horrenbeste tenkatzen da haria, non eten egin daitekeen. Egoera horretan daude AEBak eta Iran. Gaur-gaurkoz, su etena indarrean dago —apirilaren 8an ezarri zuten—, baina berriz gerrara itzuli behar izatea «litekeena» dela ohartarazi du gaur Mohammad Jafar Asadi Irango Guardia Iraultzaileko jeneralak. Teheranek herenegun aurkeztu zion gatazka amaitzeko proposamen bat Washingtoni, baina Donald Trump AEBetako presidenteak baztertu egin zuen atzo, ez baitago «gustura» proposamen horrekin.
Azken bi asteetan, Iranek bi proposamen egin dizkie AEBei, Pakistanen bidez —bitartekari ari da—. Baina bietan ezezkoa jaso du. Diplomaziaren haria eteteko arriskuan dago. Hala ohartarazi du gaur Guardia Iraultzaileko jeneralak, eta gaineratu prest daudela AEBen «beste atrebentziaren edo zentzugabekeriaren» bati aurre egiteko. Hau da, beste erasoaldi bati erantzuteko. Irango Fars berri agentziak jaso ditu Jafar Asadiren adierazpen horiek.
Iranek egindako azken proposamenaren arabera, Ormuzko itsasartea irekitzeko konpromisoa hartuko lukete bi aldeek, eta aurreragoko fase baterako utziko lituzkete Irango programa nuklearraren inguruko negoziazioak. Gainera, gerra amaitzeko Israelek eta AEBek Irani berriz eraso ez egiteko konpromisoa hartu beharko lukete. Proposamen horretan jaso dituzten eskakizunen berri Reuters berri agentziak eman du, Irango iturri ofizial bat aipatuz.
Programa nuklearrarena da negoziazioetako gairik konplexuenetako bat. Etxe Zuriak exijitzen dio Teherani albo batera uzteko programa nuklearra; Iranek, baina, adierazi izan du programa nuklearra garatzeko eskubidea duela, «helburu baketsuetarako». Horregatik, Iranek NBE Nazio Batuen Erakundean duen misioak Washingtonek portaera «hipokrita» duela salatu du, sare sozialetan. Izan ere, argudiatu dute AEBek ez dutela betetzen NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna.
Libanon, erasoak gaur ere
Hilaren 17tik, Libanon ere su etena indarrean dago, baina Israelek ez ditu erasoak eten. Atzo gauetik hogei pertsona baino gehiago hil dituzte Libano hegoaldean. Nabatieh, Tiro, Jezzine, Sidon eta Bint Jbei udalerrien inguruan egin dituzte eraso gehienak. Libanoko berri agentzia nazionalaren arabera, Nabatieh inguruan egindako erasoetan gutxienez hamabi pertsona hil dituzte. Martxo hasieratik, Tel Avivek 2.600 pertsona baino gehiago hil ditu Libanon.
Eraso horiei erantzunez, Hezbollah Libanoko talde xiitak jakinarazi du Israelgo armadaren aurka suziriak jaurti dituela gaur. Milizia xiitak esan du eraso bana egin duela herrialdearen hegoaldean, Al-Qantara eta Al-Bayada herrietan.