Trump ez dago «gustura» Iranen azken proposamenarekin

Teheranek akordio bat lortzeko «urratsak» egin dituela esan du AEBetako presidenteak. Berez amaitu da Trumpek Ekialde Hurbilean operazio militarrari eusteko zuen legezko epea, baina argudiatu du su etenak ezeztatu egin duela hasierako muga.

Donald Trump AEBetako presidentea, gaur, Etxe Zurian. JIM LO SCALZO / EFE
Donald Trump AEBetako presidentea, gaur, Etxe Zurian. JIM LO SCALZO / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko maiatzaren 1a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hartu-emanik gabe, edo bestelako proposamenen batekin erantzuteko iruzkinik jaso gabe, Iranek ez dauka saiatzen jarraitzea beste aukerarik: herrialdeko hedabideek kaleratu dutenez, gatazka amaitzeko beste planteamendu bat eman zion atzo Pakistan bitartekariari, Ameriketako Estatu Batuei bidal ziezaion. Ikusteko dago oraingoan nola heldu dien negoziazioetako hiru eztabaidagai nabarmenei: gerraren bukaera, Ormuzko itsasartearen blokeoa eta programa nuklearra mugatzeko elkarrizketak, hain zuzen ere. Badirudi Donald Trump AEBetako presidenteak jasoa duela proposamena; kazetariekin hizketan, aitortu du Teheranek «urratsak» egin dituela, baina zalantzan jarri du nahikoa ote diren. Ez dago «gustura».

Kontua da Washingtonek muzin egin diola joan zen asteburuan Teheranek egindako fasez faseko proposamenari. Zera eskatu zion: lehendabizi, bermeak erasoaldi gehiago egon ez daitezen; horren ondoren, Ormuzen kudeaketaz hitz egitea; eta, azkenik, itun nuklearrari buruzko bilerei beste behin heltzea. Ezein aldek ez du eman azken proposamenak jasotzen dituen xehetasunen berri.

AEBek ez dituzte atzeratu nahi Iranen programa nuklearraz eztabaidatzeko bilerak, Pete Hegseth Gerra idazkariaren hitzetan oraindik ere «anbizio nuklearra» baitu. Trumpek nabarmendu du gaitasun nuklearra edukitzea galaraziko diola: «Iranek arma nuklear bat izatea ondo dagoela pentsatzen duena ez da oso azkarra». Esku artean dituen «aukerak» jarri ditu balantzan: «Zer nahi dugu? Goitik behera bonbardatu eta betiko akabatu? Edo akordio bat egiten saiatu?».

Aintzat hartu behar da azken urtean bi aldiz negoziatu dutela programa nuklearrari buruz: urtearen hasieran eta iazko udaberrian —batean zein bestean, AEBen eta Israelen erasoek zapuztu egin zituzten akordio nuklearren bat lortzeko aukerak: otsailaren 28az geroztikoek eta ekaineko hamabi eguneko gerrakoek—.

Iranen kontrako azken erasoaldia «porrot latza» izango da Israelen «helburu nuklearrak» ez badira betetzen; horixe esan diote Israelgo armadako iturriek herrialdeko hedabideei. Alegia, Iranen uranio aberastuaren erreserbak erauzi nahi dituzte, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren arabera islamiar errepublikak %60tik gora aberastutako 408 kilo uranio baititu —iazko maiatzekoa da hori jasotzen duen txostena—. %90etik gora aberastu behar da bonba nuklear bat egiteko, baina Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek behin baino gehiagotan esan du ez dagoela frogarik Iran arma nuklear bat egiten ari dela.

60 eguneko atzerako kontaketa

Iranen proposamena egun seinalatu batean heldu da, 60 egun bete baitira gaur Donald Trumpek erasoaldiaren berri eman zionetik AEBetako Kongresuari. Haren baimenik gabe ekin zion gatazkari, eta, 1973ko Gerrako Botereen Ebazpenaren arabera, presidenteak bi hilabeteko epea dauka herrialdearen kontrako mehatxuren edo erasoren bati erantzuteko; behin denbora hori bukatuta, eta kongresuaren oniritzirik gabe, armada erretiratu beharko luke. Trumpek argudiatu du ebazpen hori «konstituzioaren kontrakotzat» jotzen dutela «askok»: «Gainera, su etena daukagu, eta horrek denbora gehiago ematen du. Garaipen handi bat daukagu gertu».

Ebazpenaren arabera, presidenteak 30 egunez luzatu ahalko luke Ekialde Hurbileko operazioa, zertarako-eta tropak erretiratzeko —Kongresuaren baimena beharko luke—, baldin eta argudiatuko balu «AEBetako armadaren segurtasunari dagokionez ezinbesteko behar militarra» dagoela.

%61

 

Estatubatuarren zer ehunekok egin duen gatazkaren kontra. Estatubatuarren %61ek otsailaren 28an AEBek eta Israelek Iranen kontra hasitako erasoaldiaren kontra egin dute, The Washington Post egunkariak, ABC News kateak eta Ipsos etxeak gaur kaleratutako inkesta baten arabera. Alderdi Demokrataren alde bozkatzen dutenen hamar lagunetik bederatzik iritzi hori dute, eta Alderdi Errepublikanoaren alde bozkatzen dutenen hamarretik bik ere bai.

Errepublikanoek argudiatu dute apirilaren 8az geroztik indarrean den su etenak operazioa luzatzeko aitzakia eskaintzen duela —bi asterako zen, baina, amaitzear zela, Trumpek iragarri zuen luzatu egingo zutela, eperik zehaztu gabe—. «Tregoak 60 eguneko atzerako kontaketa gelditzen du», adierazi zuen atzo Hegsethek; gerra hasi zenetik lehenbizikoz, azalpenak eman ditu asteon Kongresuan. Trumpen administrazioko iturri ofizialek hedabideei atzo esan zieten otsailaren 28an AEBek eta Israelek hasitako erasoaldia «amaitua» zela tregoa ezarri zutenetik.

Demokratek, ostera, adierazi izan dute 1973ko ebazpen horrek ez duela justifikatzen erasoaldia, otsailaren 28a baino lehen ez zegoelako herrialdearen kontrako mehatxurik; are, senatari demokratak sei aldiz saiatu dira amaiarazten operazio militarra, baina errepublikanoek, zeinek gehiengoa duten goi ganberan, atzera bota dituzte bozketok.

Diplomaziaren porrota

Irango su etena ezarri eta gero, Washingtongo eta Teherango ordezkaritzak Islamabaden bildu ziren apirilaren 11n eta 12an, baina diplomaziak huts egin zuen, eta orduz geroztik ez dira berriro bildu. Joan den astean, AEBak saiatu, saiatu ziren beste bileraren bat antolatzen Pakistango hiriburuan. Iranek izkin egin zien, nahiz eta behintzat paper erre geratutako proposamena plazaratu.

Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak egin zuen fasez faseko planteamendu hori. Negoziatzeko prest daudela adierazi du gaur, betiere AEBek «jarrera espantsionista, mehatxuen erretorika eta ekintza probokatzaileak» alde batera utziz gero. Hori idatzi du gaur sare sozialetan, eskualdeko bere homologo zenbaitekin telefonoz hitz egin ostean.

Hortaz, Ormuzko itsasartearen blokeoa —Iranena eta AEBek herrialde horretako portuei ezarritakoa— konpontzeko dago oraindik. Horri lotuta, AEBetako Altxor Departamentuak ohartarazi du balitekeela zigorrak ezartzea itsasartea zeharkatzeagatik Irani bidesaria ordaintzen dioten itsasontziei.

Bestalde, Israelgo armadak sei lagun hil ditu gaur Libano hegoaldean, herrialdeko albiste agentzia nazionalak Osasun Ministerioko iturriak aipatuz kaleratu duenez. Apirilaren 17an ezarri zuten su etena —maiatz erdialdera arte iraungo du—, baina Israelgo armada Libano hegoaldea birrintzen aritu da, eta 2.600 pertsona baino gehiago hil ditu herrialde osoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA