Irango hedabideek iragarri dute hango armadak zortzigarren misil sorta jaurti duela Israelen aurka. Israelgo agintariek adierazi dute misilen aurkako sistemak prest eta martxan daudela, baina leherketak entzun dira Tel Aviven eta Jerusalemen, eta adierazi dute gutxienez misiletako batek Haifako eraikin bat jo duela.
Zabalduriko irudietan ke zutabe lodiak ikus daitezke Israel iparraldeko Haifa portu hiriaren gainean. Israelgo larrialdi zerbitzuek esan dute bi pertsona erietxera eraman dituztela.
Ostiralean hasi zen egoera gogortzen, Israelek Iran bonbardatzeari ekin zionean. Geroztik, baieztatu da israeldarrek hainbat herritar, agintari militar eta zientzialari hil dituztela, eta Irango instalazio nuklearrak hartu dituztela jomugan. Israeldarrek adierazi dute Iranek bonba atomikorik ez egitea dela helburua.
Iranek erantzun egin die erasoei, ordea, eta droneak eta misil balistikoak jaurti ditu Israelen kontra, besteak beste Mossad informazio zerbitzuen egoitzaren aurka.
Azken balantzearen arabera, Israelen erasoek 128 pertsona hil dituzte Iranen. Iranen misilek, berriz, hamahiru israeldar hil dituzte. Oraindik ez dute eman gaurko erasoen ondorioen berri.
Turkia lanean ari da egoera ez dadin larriagotu. Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpekin hitz egin du gaur Turkiako Recep Tayyip Erdoganek, eta esan dio «berehala ekitea» ezinbestekoa dela «hondamendia» ez dadin Ekialde Hurbil osora zabaldu. Hala jakinarazi du Turkiako Gobernuak prentsa agiri baten bidez. Bi agintarien arteko bigarren elkarrizketa da 24 orduan. «Israelen erasoek sorturiko indarkeria zurrunbiloak kalte konponezina eragin die bi aldeetako gizarteari eta ekonomiari», adierazi dio Erdoganek Trumpi, eta egoeraren «larriagotze arriskutsua» gelditzeko mugimenduak eskatu ditu.