Iranen atxilotutako adingabe batek salatu du sexu gehiegikeriak egin dizkiotela

Kurdistango giza eskubideen aldeko talde baten arabera, borrarekin presio egin zioten uzkian. Irango komunikazioak etenda egon dira, eta ezin izan da jakin zein den protestetan atxilotutako 20.000 manifestarien egoera.

AEBen aurkako mural bat Teherango errepide baten alboan, gaur. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
AEBen aurkako mural bat Teherango errepide baten alboan, gaur. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urtarrilaren 19a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranen atxilotutako bi manifestarik salatu dute sexu gehiegikeriak egin dizkietela segurtasun indarrek. Horietako bat adingabea da, hamasei urtekoa. Kermanshah hirian zeuden atxilotuta, Iran mendebaldean, eta KHNR Kurdistango Giza Eskubideen Sareari jakinarazi diote gertatutakoa; sare horrek Erresuma Batuko The Guardian egunkariari kontatu dio.

«Borrekin ukitu zieten gorputza. Kolpeka jardun zitzaizkien, eta borrarekin presio egin zieten uzki inguruan, arroparen gainetik», azaldu du Rebin Rahmani KHRNko zuzendaritzako kideak. Adingabearen familiaren gertukoekin harremanetan izan dela ere nabarmendu du Rahmanik.

Orain arte, giza eskubideen taldeek ezin izan dute jakin zein den Irango Gobernuak atxilotuta dauzkan protestarien egoera, Internet zerbitzua etenda egon baita. Abendu bukaeran hasi ziren protestetan, eta ordutik 20.000 manifestari baino gehiago atxilotu dituzte. Giza Eskubideen Ekintzaileen Albiste Agentziak jakinarazi duenez —AEBetan du egoitza—, gutxienez 3.766 pertsona hil dira azken asteetan liskarretan.

Gaur bertan iragarri du Masud Pezexkian Irango presidenteak Internet zerbitzuak berrabiarazteko eskatu duela. Iragarpenarekin batera, gobernuaren aurkako protestetan atxilotutakoen auziak «zehaztasunez eta justiziaz» tratatzeko deia egin du presidenteak. 11 egunez izan dira Iranen komunikazioak etenda, urtarrilaren 8tik hain zuzen, eta orain sarbidea berrezarri dute partzialki.

Protestak gobernuaren aurka

Abenduaren 28an hasi ziren Irango Gobernuaren aurkako protestak, krisi ekonomikoak hauspotuta. Irango Gobernuak aitortu zuen herritarrek bazutela manifestatzeko eskubidea, baina ohartarazi zuen ez zituela istiluak onartuko. Jarrera hori bera berretsi zuen Pezexkianek atzo bilera batean, IRNA hedabideak jaso zuenez: «Hilketak eta eraso bortitzak egin eta agindu dituzten horiek dagozkien mekanismo judizialen eta segurtasun mekanismoen aurrean erantzun beharko dute, inolako bihozberatasunik gabe».

Gobernuak bi multzotan sailkatu zituen protestak: «Egoera ekonomikoaren aurkakoak eta politikoak». Teheranek hainbat alditan salatu du manifestazioetan AEBetako eta Israelgo agente «terroristak» zeudela infiltratuta, eta horiek zirela hildakoen arduradunak. Ali Khamenei Irango lider gorenak larunbatean aitortu zuen «zenbait milaka hildako» izan direla azken asteetako protestetan, eta Donald Trump AEBetako presidenteari leporatu zion hori hauspotu izana, argudiatuz protestak AEBen «konplot» bat izan direla, «Iran suntsitzeko helburua» zutena.

(ID_15691050) TURKEY IRAN PROTEST
Irango Gobernuaren aldeko manifestazioa atzo, Istanbulen. ERDEM SAHIN / EFE

Gobernuaren kontrako ekintza ugari egin dituzte azken asteetan, bai herrialdean eta bereziki herrialdetik kanpo. Baina Irango telebistan gobernuaren aldeko manifestazio jendetsuak ere erakutsi zituzten. Pasa den astean ere jakinarazi zuten dozenaka mila irandar elkartu zirela, protestetan hildako segurtasun indarretako kideak omentzeko eta, oro har, gobernuaren alde. Gaur, Irango telebistak iragarri du atzo hura hackeatu zutela, eta Errepublika Islamikoaren aurkako mezuak zabaldu zituztela. Adierazi dute arazoa konponduta dagoela jada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.