Iranen bi misilek AEBen gerraontzi bat jo dute

Fars agentziaren arabera, entzungor egin diote Irango armadaren abisuari. Washingtonek erasoa gertatu izana gezurtatu du; aurrez, iragarri du Ormuzen esku hartzeko operazio bat egingo duela, itsasartean dauden ontziak «askatzeko».

Petroliontzi bat eta AEBetako armdako ontzi bat Ormuzko itsasartean, duela bi aste. CENTCOM / EFE
Petroliontzi bat eta AEBetako armdako ontzi bat Ormuzko itsasartean, duela bi aste. EFE
Jokin Sagarzazu - Julen Otaegi Leonet
2026ko maiatzaren 4a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranen bi misilek Ameriketako Estatu Batuen armadako gerraontzi bat jo dute, Fars albiste agentziak kaleratu duenez. Zehaztu du entzungor egin diotela Irango Guardia Iraultzailearen abisuari, eta ondoren izan dela erasoa, Ormuzko itsasarteko Jask irlatik gertu; atzera egin behar izan du ontziak. Irango armadako adar horrek ohar bidez jakinarazi du «etsai amerikarren eta sionisten gerraontziei» galarazi egin diela itsasarte hori zeharkatzea, eta beranduxeago emango duela operazioaren xehetasunen berri.

Washingtonek, ordea, gezurtatu egin du erasoa gertatu dela; itsasarteko egoera «egiatan» zertan den adierazi du Centcom AEBetako armadaren Komandantzia Nagusiak sare sozialetan idatzitako mezu batean: «Ez dute AEBen ontzirik jo. AEBetako indarrak Project Freedom misioa babesten ari dira, eta Irango portuen blokeoa indartzen ere bai». AEBetako iturriek Al-Jazeera hedabideari adierazi diotenez, «faltsua» da Iranen jakinarazpena.

Bestalde, Arabiar Emirerri Batuetako Atzerri Ministerioak ohar bidez salatu du Iranek bi drone jaurti dituela herrialdeko petrolio konpainiaren petroliontzi baten kontra, Ormuzen. «Piraterian» aritzea egotzi dio, eta erantsi du erasoak ez diola kalterik eragin MV Barakah ontziari. Ez zegoen petrolioz beteta. Gobernuak alerta mezu bat bidali die herritarrei —lehenbizikoa da apirilaren 8an Irango su etena ezarri zutenetik—, baina jarraian jakinarazi die egoera baretu dela.

Aurrez, AEBek iragarri dute operazio militar handi bat abiaraziko dutela Ormuzen, Irango blokeoa dela-eta han harrapatuta dauden ontziak «askatzeko» asmoz. Misio horrek Project Freedom du izena, eta ehun hegazkin baino gehiago, gerraontziak, droneak eta 15.000 militar mobilizatuko dituzte AEBek. Eguerdian, armadak jakinarazi du AEBetako bandera daramaten bi zamaontzik itsasartea gurutzatu dutela.

Donald Trump AEBetako presidenteak azaldu duenez, hainbat herrialdek eskatuta egingo dute operazio hori. Ontziak babestuta gidatuko dituzte itsasartean zehar, «keinu humanitario» gisa. Haren arabera, itsasontzi askok elikagai eta hornidura eskasia dute, eta egoera jasanezina bihurtzen ari da tripulazioentzat.

Trumpek plan hori iragarri eta gutxira erantzun du Irango armadak. Ohartarazi du itsasartea zeharkatzen saiatzen den edozein ontziri eraso egingo diola. Irango agintariek, gainera, argi utzi dute AEBek Ormuzen egindako edozein esku hartze su etenaren urraketatzat hartuko dutela. Ebrahim Azizi Segurtasun Nazionaleko batzordeburuak adierazi duenez, Ormuzko itsasartea ez da Washingtonen erabakien arabera arautuko.

Bi blokeo

Egoera bereziki konplexua da; izan ere, Ormuzko itsasartea bi blokeoren pean dago aldi berean. Iranek pasabidea mugatu zuen otsailean, eta, aldi berean, AEBek Iranera doazen edo handik ateratzen diren ontziak atxikitzen dituzte.

Apirilaren 8tik, indarrean dago Iranen eta AEBen arteko su etena, baina horrek ez du ekarri pasabidea berriz eta erabat irekitzea. Washingtonek eta Teheranek negoziazioak martxan dituzte. Trumpek adierazi du elkarrizketak «oso ondo» doazela, baina «zalantzan» jarri du AEBek Iranen azken proposamena onartzea.

Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Esmaeil Baghaeik atzo baieztatu zuen AEBen erantzuna jaso dutela Pakistanen bitartez, baina ez zuen baloraziorik egin; esan zuen edukia aztertzen ari direla. Herrialdeko telebistan egindako agerraldi batean, AEBei egindako proposamena izan zuen hizpide: «Iranen plana gerraren amaierari dagokio; fase horretan ez dugu programa nuklearrari buruzko elkarrizketarik edukiko». Izan ere, fasez fasekoa da Teheranen planteamendua: gerraren amaiera adostea, ondoren Ormuzen kudeaketaz eztabaidatzea, eta, azkenik, itun nuklearrari buruzko negoziazioei berriro ekitea.

Libanoko gatazka ere mahai gainean daukate AEBek. Naim Qassem Hezbollah milizia xiitako buruak adierazi du «erasoak amaiaraztea dakarren diplomazia» babestuko duela, eta elkarrizketek «zeharkakoak» behar dutela izan; irizten dio Beirutek eta Tel Avivek Etxe Zurian egindako bi bilerak «doako kontzesio bat» direla, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak «garaile itxura» eduki dezan. Ohar bidez nabarmendu du Libanok «bermeak» behar dituela «segurtasuna eta subiranotasuna» babesteko.

Izan ere, Israelgo armadak Libano hegoaldea bonbardatzen jarraitu du gaur ere. Gutxienez bi lagun hil dira erasoetan, herrialdeko berri agentzia nazionalak kaleratu duenez; 2.600 herritar baino gehiago hil ditu Israelek martxoaren hasieran gatazka areagotu zenetik.

Arrakalak aliatuen artean

AEBen aliatu mendebaldarren artean ere handitzen ari da tentsioa. Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak gogor kritikatu du AEBen estrategia, esanez Washingtonek ez duela «irteera plan koherenterik» Iranen.

Merzek hori esan du AEBek iragarri ondoren milaka soldadu erretiratuko dituela Alemaniatik. ARD telebista kate publikoan egindako elkarrizketa batean, Alemaniako gobernuburuak adierazi du erabaki horrek ez duela loturarik hark AEBei egindako kritikekin, eta neurri hori lehendik aurreikusita zegoela. Zehaztu duenez, tropa horiek Ukrainako gerrarengatik bidali zituzten AEBek Alemanian dituzten baseetara, aldi baterako.

Pentagonoak baieztatu du 5.000 soldadu inguru erretiratuko dituela datozen hilabeteetan —guztira 36.000 inguru ditu herrialdean— , eta Trumpek ohartarazi du balitekeela gehiago ere izatea. AEBetako presidenteak Merz kritikatu du, Iranen aurkako gerran ez duelako lagundu.

Alemaniako kantzilerrak erantzun du AEBek ez zutela Europarekin ezer kontsultatu gerra hasi aurretik; hala ere, aliantza atlantikoaren garrantzia berretsi du, eta adierazi Washington Europaren bazkide nagusitzat jotzen duela oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA