AEBek ez bezala, Iranek argi ikusten du, Donald Trump Etxe Zuriko maizterraren mehatxuak gorabehera. Bien arteko negoziazioen auzi nagusia baldin bada Iranek ez edukitzea arma nuklearrak fabrikatzeko gaitasunik, akordio bat «berehala» egiteko moduan dira. Hori esan du gaur Ali Khamenei Irango lider gorenaren aholkulari Ali Xamkhanik, X sare sozialean. Eta Teheranek azaldu du azken orduetan proposamen sorta bat aurkeztu diela AEBei, akordio batera heltzeko asmoz. Bi aldeak berriro zeharka hitz egiten ari dira gaur Genevan (Suitza), Oman bitartekari dutela. Hain zuzen, hango Atzerri ministro Sayyid Badr bin Hamad al-Busaidik sare sozialetan idatzi duenez, «inoiz ez bezalako prestasuna» erakutsi dute bi aldeek «konponbide berriak» topatzeko.
Teheran ari da, nolabait, Trumpen kezkei erantzuten. Batasunaren egoerari buruzko diskurtsoan, AEBetako presidenteak atzo adierazi zuen Iran bere programa nuklearra berregiteko ahaleginean ari dela; ez zuen frogarik erakutsi, ordea. Iranen esanetan, alde horretatik lasai egon beharko luke AEBetako presidenteak. Masud Pezexkian haren homologoak gaur sare sozialetan esan du Khameneik berak debekatua duela arma nuklearrak garatzea, eta AEBek hori jakin beharko luketela, askotan errepikatu baitute. Iranek dio soilik erabilera zibila eman nahi diola energia nuklearrari. Are, Irango goi funtzionario batek Al Jazeera hedabideari kontatu dionez, Teheran prest egongo litzateke «epe mugatu batez» uraniorik ez aberasteko.
Arma nuklearrak garatzeko, uranioa gutxienez %90 aberastu behar da. Iazko ekainean Irango instalazio nuklearrei eraso egin zieten AEBek, eta, Trumpen arabera, «guztiz txikitu». Aste batzuk lehenago ohar bat kaleratu zuen IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, eta zehaztu Iranek %60 aberastutako 400 kilogramo pasa uranio zituela; azpimarratu zuen, dena den, ez zegoela frogarik esateko Iranek arma nuklearrak garatzeko asmoa zuenik. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek ezin izan ditu ordutik neurketa gehiago egin, Iranek harekin zuen lankidetza bertan behera utzi baitzuen AEBen erasoen ondoren. Hain zuzen, agentzia horretako idazkari nagusi Rafael Grossi Genevan dago gaur, begirale aritzeko. Horren berri eman du AFP France-Press berri agentziak, negoziazioetako iturriak aipatuz.
TEHERANEK MEHATXU EGIN DIE MANIFESTARIEI
Azken egunetan Irango agintarien aurkako protestak egin dituzte herrialdeko hainbat unibertsitatetan, eta, horien harira, Irango Botere Judizialak mehatxu egin die gaur manifestariei. Mehr albiste agentziak organo horren buru Golamhosein Mohseniren hitzak jaso ditu, eta, haren esanetan, «onartezina» da, adibidez, herrialdeko banderari su eman izana. Nabarmendu duenez, unibertsitateek «arduraz» jokatzen ez badute, auzitegiek beraiek esku hartuko dute, eta «kostua handiagoa izango da».
Eta, azken asteetan —aldeak Omanen batzartu ziren otsailaren 6an, eta Genevan 17an, iazko maiatzetik lehen aldiz—, iturri horiek beraiek hedabide batzuei esan diete AEBek eskatu diotela Irani uranioa gehienez %5 aberasteko. Hain zuzen, erabilera zibilerako, zentral nuklearretarako, %3 eta %5 artean aberastu behar da. Horiek horrela, 2015eko itun nuklearrean jasotakoaren antzekoa izango litzateke planteamendua; orduan adostu zuten Iranek gehienez %3,67 aberastea uranioa, Teherani ezarriak zizkioten zigor ekonomikoak kentzearen truke. Baina 2018an, Trumpen lehen agintaldian, AEBak itunetik atera ziren, eta geroztik sokatiran aritu dira aldeak. Teheranen gaineko presioa areagotu egin zen iazko irailean, NBEren Segurtasun Kontseiluak onartu baitzuen Irani berriro zigor ekonomikoak ezartzea. Teheranen helburua da horiek bertan behera geratzea berriro, esparru ekonomikoan arnasa hartzen hasi ahal izateko.
'Gerald R. Ford' ontzia, Grezian
IRNA Irango Berri Agentzia Nazionalak gaur kaleratu duenez, proposatutakoari uko egiten badiote, AEBek erakutsiko dute diplomazia ez dutela «serio» hartzen, eta «sinbolikoki» ari direla mahai baten bueltan esertzen. Trumpek esana dauka akordio bat egin nahi duela Iranekin, baina, aldi berean, ez du baztertzen hari eraso egitea; hau da, nahi duena lortzen ez badu, Iran bonbardatuko du, iazko ekainean egin bezala. Hori egin ala ez, «10-15 eguneko» epean erabaki bat hartuko du, otsailaren 20an adierazi zuenez. Iran eraso horiei erantzuteko prest dago. AEBetako armadaren Abraham Lincoln gerraontziak hilabete inguru darama jada Arabiako itsasoan, eta Gerald R. Ford izenekoa —AEBetako armadak duen handiena— Greziako kostaldean zegoen gaur, eta eskualdera hurbiltzen ari da.
Auzi nuklearra konponbidean jartzeaz gain, beste helburu batzuk dituzte AEBek negoziazioetan. Esaterako, Iranen misil balistikoen programa mugatzea. Iranek adierazi izan du ezetz, ez duela horri buruz hitz egingo. Baina Washingtonek pentsatzen du orduan «arazo larri bat» edukiko luketela. Hori adierazi du goizaldean Marco Rubio Estatu idazkariak agerraldi batean, Saint Kitts eta Nevisko Federazioan. Trumpek dioenez, Iran AEBetaraino iristeko gaitasuna duten misil balistikoak garatzen ari da —9.000 kilometro daude bi herrialdeen artean—. Iranek erantzun dio gezurrik ez esateko.