Akordioak egin dituzte, sinadura ekitaldiak, negoziazioekin jarraitzeko memoranduma... Baina, beste behin, AEBek bonbardaketak egin dituzte Iranen, eta Teheranek Arabiar golkoko herrialdeetan erasoak eginez erantzun du. Gaur goizaldean jakinarazi du AEBetako armadak Irango kostaldeko hainbat gune bonbardatu dituela, herenegun Teheranek eraso egin ziolako Ormuzko itsasartea zeharkatzen ari zen ontzi bati. Iranek ekainaren 17an adostutako memoranduma urratzea leporatu dio, eta Guardia Iraultzaileak ohartarazi du AEBek eskualdean dituzten interesak hartuko dituztela jomugatzat.
Ormuzko pasabidea irekiko zutela adostu zuten aldeek, baina ostegunean itsasontzi bati eraso egin zioten eremu horretan. Teheranek ez zuen bere gain hartu, baina ezarritako bideak erabiltzeko eskatu zuen, gainontzean nabigazio segurua ez baitzegoen bermatuta. Ia bi egun geroago, gaur goizaldean, AEBetako armadak iragarri du bonbardatu egin dituztela Iranek misilak eta droneak gordetzen dituen hainbat gune, itsasontzi baten aurkako eraso hori dela-eta.
JD Vance AEBetako presidenteordeak sare sozialetan argitu duenez, su etenerako akordio bat sinatu zuten, baina «biolentziak biolentzia dakar». Eraso horien ostean, Irango Atzerri Ministerioak ohar bat kaleratu du jakinaraziz AEBek kalte egin dietela Teherango hainbat instalazio militarri.
Ministerioaren arabera, eraso horiek urratu egiten du gerra behin betiko amaitzeko asmoz sinatutako akordioaren lehen klausula. Eta gehitu du eskura dituen baliabide guztiekin babestuko dituela herrialdearen subiranotasuna, segurtasuna eta interes nazionalak. Horregatik, defendatu egin ditu Irango Guardia Iraultzaileak eskualdean zehar egindako erasoak. Gainera, AEBak eta haiei laguntza ematen dieten eskualdeko herrialdeak egin ditu gatazka gaiztotzearen erantzule. Horregatik, AEBetako armadari beren azpiegiturak erabiltzen ez uzteko agindu die Teheranek herrialde horiei, eta eskualdean zehar «AEBekin lotura duten hainbat helburu» jo ditu.
Bahraingo Atzerri Ministerioak salatu du Iranek droneekin hainbat eraso egin dituela gaur herrialdean zehar. «Eskualdeko herrialdeak eta nazioartea gatazka baretzeko saiakerak egiten ari diren honetan, Iran erasoak egiten ari da etengabe. Horrek erakusten du Teheran dela bake saiakera zapuztearen erantzule bakarra», adierazi du ministerioak, zabaldutako oharrean.
Hezbollahren gaitzespena
Libanorako ere adostu dute «bako akordio» bat. Atzo arratsaldean eman zuen AEBetako Estatu Departamentuak akordioaren berri. Asteartetik hona, Libanoko eta Israelgo ordezkariek hainbat bilkura egin dituzte Etxe Zurikoekin Washingtonen, eta atzo jakinarazi zuten adostasunetara iritsi zirela. Hamalau puntuko bide orri bat zehaztu dute. Israelek Libano hegoaldean okupatuta dauzkan bi eremu utziko ditu, eta Libanoko armadaren kontrolpeko gune «pilotu» izendatuko dituzte. Halere, Benjamin Netanyahu lehen ministroak atzo ziurtatu zuen ez dutela herrialdetik alde egingo Hezbollah milizia xiitak armak utzi arte.
Hezbollahrentzat «umiliazioa» da atzo sinatutako akordioa. Naim Qassem miliziako buruak gaur kaleratutako ohar batean «marra gorri guztiak» zeharkatzea leporatu dio Libanoko Gobernuari, eta herrialdea «suntsitzen» ari diren akatsak zuzentzeko eskatu dio. Gainera, Beirutekin elkarlanean aritzeko prest dagoela esan du milizia xiitako buruak, eta Israelgo armadak okupazioa eten beharra daukala gaineratu du.
Gazan ere indarrean da su etena, baina Israelgo armadak erasoak egiten jarraitzen du han, egunak joan eta egunak etorri. Gaur bertan, bi pertsona hil ditu Al-Mawasi errefuxiatuentzako kanpalekuan egindako eraso batean.