AEBek Iranen gerraontzi bat hondoratu dute Indiako ozeanoan, eta gutxienez 87 soldadu hil

Turkiak Iranen misil bat eraitsi du, eta ohartarazi du «edozein ekintzari erantzuteko eskubidea» dutela. Israelek Iranen eta Libanoren aurkako beste «erasoaldi masibo bat» hasi du.

Beirut, gaur goizean, Israelgo armadak erasoaldi masiboa hasi berritan. WAEL HAMZEH / EFE
Beirut, gaur goizean, Israelgo armadak erasoaldi masiboa hasi berritan. WAEL HAMZEH / EFE
Beñat Mujika Telleria - Julen Otaegi Leonet - Maddi Iztueta Olano
2026ko martxoaren 4a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekialde Hurbileko erasoaldiak bonba hotsak bezainbeste ari dira hedatzen, eta are urrutirago heldu dira gatazkako eztandak. Pete Hegseth Pentagonoko buruak gaurko prentsaurreko batean esan du Ameriketako Estatu Batuetako urpeko batek Irango gerraontzi bati eraso diola Indiako ozeanoan: «Uste zuten nazioarteko uretan salbu zeudela; torpedo batek ontzia hondoratu du, ordea». Sri Lankatik hurbil izan da erasoa, eta, hango itsas armadako iturriek BBC hedabideari kontatu diotenez, abisua jaso eta hara joan direnean salbamendu txalupak baizik ez dituzte ikusi. Herrialde horretako Defentsa idazkariaren arabera, 32 pertsona erreskatatu dituzte, eta, oraingoz, 87 gorpu berreskuratu.

Hegsethek zehaztu du Bigarren Mundu Gerraz geroztik urpeko jaurtigai batek jota hondoratu den lehenbiziko gerraontzia dela IRIS Dena. Baina hori gezurra da, Erresuma Batuaren urpeko batek Argentinaren General Belgrano gerraontzia hondoratu baitzuen 1982an, Malvinetako gerran, eta Pakistango urpeko batek Indiaren INS Khukri fragata hondoratu baitzuen 1971n, bi herrialde horien arteko urte hartako gerran. Beranduago, Dan Caine AEBetako aire armadako jeneralak zuzendu egin du Pentagonoko buruaren hutsegitea: 1945az geroztik Washingtonek torpedoekin hondoratu duen lehenbiziko gerraontzia dela Iranena. Associated Press berri agentziak kaleratu duen informazioaren arabera, IRIS Dena-k Bengalako golkoan egin zituzten ariketa militar batzuetan parte hartu zuen otsailean, eta India ekialdeko portu batetik Iranerantz zihoan, AEBek eraso egin baino lehen.

Turkiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du herrialde horretarantz zihoan Iranen misil bat eraitsi dutela NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko aireko defentsa sistemek; aliantza militar horretako kidea da Turkia. Eraitsi egin dute misila, eta ez du inolako kalterik eragin. Kaleratu duen oharrean, Turkiako Gobernuak ohartarazi du «edozein ekintzari erantzuteko eskubidea» daukatela, mehatxua «datorren tokitik datorrela ere», nahiz eta gatazkako aldeei eskatu dien baztertu ditzatela «auzia are gehiago zabaldu dezaketen ekintzak». Ankarako iturri ofizial batek AFP albiste agentziari adierazi dionez, uste dute Iranen misila Ziprerantz zihoala, eta bidean okertu egin dela. NATOk misil hori jaurti izana gaitzetsi du ohar bidez. 

Bestalde, Hegsethek adierazi du gertakari hori aztertzen ari direla, baina ez dirudiela NATOren 5. artikulua aplikatzeko modukoa denik. Artikulu horren arabera, aliatu baten aurkako erasoa aliatu guztien aurkakoa da, eta «defentsarako eskubide zilegia» aitortzen du.

Gutxienez mila hildako Iranen

Israelek eta AEBek ez diote utzi, erasoaldiaren bosgarren egunean, Iran eta Libano bonbardatzeari: leherketa handi bat izan da goizean Teheranen, eta, handik gutxira, Israelgo armadak jakinarazi du beste «erasoaldi masibo bat» hasi duela Irango Gobernuak hiriburuan dauzkan azpiegituren aurka; era berean, Hezbollah miliziak dituen azpiegiturak bonbardatzen ere jarraitzen du. Irango Tasnim berri agentziak kaleratu duenez, Tel Aviven eta Washingtonen erasoek jada 1.045 pertsona hil dituzte Iranen, eta, Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, 72 hil dira herrialde horretan asteleheneko erasoaldiaz geroztik.

Irango Adituen Batzarraren egoitza bonbardatu egin zuten atzo, baina, hala ere, laster erabakiko dute hurrengo lider gorena zein izango den. Hori adierazi du gaur batzar horretako kide Ahmad Khatamik, Irango telebistan. 88 klerikok aukeratu beharko dute lider gorena, eta zeresana eman dutenen artean dago Mojtaba Khamenei, Israelek eta AEBek larunbatean hil zuten lider gorenaren bigarren semea. Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek gaur goizean ziurtatu du bere herrialdeko armadak «Irango erregimen terroristak aukeratzen duen edozein buruzagi» hilko duela: «Ez du axola zer izen duen edo non dagoen ezkutatuta. Klaru dugu ezabatu egingo dugula». Horrez gain, gaineratu du Israelek Irani eraso egiten jarraituko duela AEBekin batera, Teheranen gaitasuna «ezerezteko» eta «Irango herritarrek gobernua botatzeko moduko baldintzei bide emateko».

Israelgo armadaren bozeramaile Effie Defrinek, berriz, Iranek misilak jaurtitzeko daukan ahalmenaz ohartarazi du gaur egindako agerraldi batean. Haren esanetan, Israelgo armadak Irango hainbat misil jaurtigailu suntsitu ditu azken egunetan, baina Iranek eraso egiteko gaitasun «nabarmena» du oraindik ere.

65.000

 

Zenbat desplazatu erregistratu dituzten Libanon. 

Haneen Sayed Libanoko Gizarte Gaietarako ministroak jakinarazi duenez, 65.000 desplazatu baino gehiago erregistratu dituzte Israelek Libanoren aurkako erasoaldia abiatu ostean. Sayedek esan du herritarrak «beldurtuta eta arduratuta» daudela, eta egoera ez dela ona. Gaineratu duenez, uste dute desplazatu gehiago izango direla datozen egunetan. «Beste 10.000 edo 20.000 desplazatu izango dira, baina oraindik ez dira etorri babes eske. Senideen etxean dira batzuk, eta errepidean beste asko».

Teheranek gaur goizean jakinarazi du 230 dronerekin egin diela eraso AEBek Iraken eta Kuwaiten dituzten instalazioei; besteak beste, Iraken menpeko Kurdistango Erbil hirian daukaten aireko base bati egin diote eraso, eta Ali al-Salem aire baseari eta Arifijan kanpamentuari, Kuwaiten. Halaber, Qatarrek esan du Iranen misil balistiko bat eraitsi duela, eta beste batek AEBen Al-Udeideko base militarrean egin duela eztanda —Washingtonek Ekialde Hurbilean dituen baseetan handiena da, eta Teheranek iazko ekaineko hamabi eguneko gerran ere eraso zion—.

Gatazka Ekialde Hurbilera zabaldu da azken egunotan, eta Masud Pezexkian Irango presidentea inguruko herrialdeetako agintariei mintzatu zaie sare sozialetan: «Ondoko herrialde lagunetako buruzagi estimatuak: saiatu gara, zuen laguntzarekin eta diplomaziaren bidez, gerra saihesten. Baina eraso militar estatubatuar-sionistak ez digu utzi geure burua defendatu beste aukerarik. Zuen subiranotasuna errespetatzen dugu, eta eskualdeko bakea eskualdeko herrialdeok bermatu behar dugu».

Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik sare sozialetan idatzi du Donald Trump AEBetako presidenteak «traizio» egin diela «diplomaziari eta presidente kargurako aukeratu zuten AEBetako herritarrei». Izan ere, gogorarazi du programa nuklearrari buruz negoziatzen ari zirelarik erabaki zutela AEBek eta Israelek Irani eraso egitea. Bide beretik, Khamenei zenaren aholkulari nagusi Mohammad Mokhberrek Irango telebistan adierazi du ez dutela Washingtonekin negoziatzeko asmorik, eta erasoaldiaz geroztik bi aldeak ez direla harremanetan jarri. «Ez genuen konfiantzarik haiengan, eta ez daukagu negoziatzen hasteko inolako euskarririk», esan du.

Gaur hastekoak ziren Irango buruzagi gorenaren azken agurreko ekitaldia, Teherango Mosalla Handia meskitan, eta hiru egun zen irautekoa. Baina Tasnim agentziak kaleratu duenez, atzeratu egin dute Khamenei oroitzeko zeremonia, logistika arazoak direla medio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!