Sanchezek esan du ez duela «gerraren konplize» izan nahi

Trumpen mehatxuaren biharamunean, jarrerari eutsi dio Espainiako presidenteak: «Gerrarik ez». Sanchezek uste du estatuak krisi bati aurre egiteko «nahikoa baliabide» dauzkala.

Pedro Sanchez gaur, Moncloa jauregian. BORJA PUIG DE LA BELLACASA / EFE
Pedro Sanchez gaur, Moncloa jauregian. BORJA PUIG DE LA BELLACASA / EFE
Iratxe Muxika Karrion - Igor Baigorri Perez
2026ko martxoaren 4a
17:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hitz gutxitan adierazi du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak zein den bere jarrera: «Gerrarik ez». Agerraldi publikoa egin du Madrilgo Moncloa jauregian, eta esan du Espainiako Gobernua ez dela AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Israel Iranen kontra egiten ari diren erasoen «konplize» izango.

Atzo erakutsitako jarrera berretsi du gaur Sanchezek, Donald Trump AEBetako presidentearen mehatxuen gainetik. Izan ere, Etxe Zuriko maizterrak Espainiarekin duten merkataritza oro eteteko agindu zuen, Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrarekin bildu eta gero egin zuen agerraldian. Herrialdea «tamalgarri» jokatzen ari zela argudiatuta, «Espainiarekin zerikusia duen orori enbargoa ezartzeko eskubidea» zuela nabarmendu zuen, eta Espainia aliatu «ezin txarragoa» dela. 

Bada, Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramaile Mao Ning Trumpek erakutsitako jarreraren aurka agertu da gaur. «Merkataritza ez da arma edo tresna gisa erabili behar», adierazi du prentsaurreko batean. Gaineratu duenez, 470 txinatar ebakuatu ditu Txinako Gobernuak Irandik.

EB Europako Batasunarekin sinaturiko akordioak eta nazioarteko legedia errespetatu behar dituela esan dio Sanchezek Trumpi. Eta gehiago ere bai: «Espainia ez da izango munduarentzat kaltegarria izango den zerbaiten parte; ondorioek ez gaituzte beldurtzen, eta ez gara joko horretan sartuko». Uste du Espainiak krisi bati aurre egiteko «nahikoa baliabide» dauzkala, «ekonomiaren dinamikotasunari eta politika fiskalaren erantzukizunari esker».

EBren babesa ere jaso du Espainiako presidenteak. Hain zuzen, Europar Kontseiluko presidente Antonio Costak jakinarazi du telefonoz hitz egin duela Sanchezekin, eta «babesa» adierazi diola Trumpen mehatxuak direla eta. X sare sozialean idatzi duenaren arabera, talde komunitarioak «beti bermatuko du bere kideen interesak erabat babestuta egotea». Berretsi du EBk «konpromiso irmoa» daukala «nazioarteko zuzenbidearen printzipioekin eta mundu osoko arauetan oinarritutako ordenarekin».

Bide beretik, Olof Gill Europako Batzordeko Merkataritza Gaietarako bozeramaileak esan du EB ez dela AEBen aurrean makurtuko: «Beharrezkoa bada, erantzun egingo dugu». AEBen eta Espainiaren artean «harreman ona» dagoela adierazi du, eta, gainera, «komenigarria» dela «hartu-eman» horri eustea. Bi aldeek dute interesa, bozeramailearen arabera. Trumpek Espainiako politika komertziala jopuntuan jarri duela ikusita, Gillek jakinarazi du EBk bere interesen alde egingo duela beti, eta «babes osoa» adierazi die estatu kide guztiei.

Jarrera ezberdinak

Astelehenean areagotu zen tentsioa AEBen eta Espainiaren artean. AEBek eta Israelek Irani eraso egin ondoren, Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak jakinarazi zuen Espainiak ez ziela utziko AEBei herrialdeko base militarrak erabiltzen Irani erasotzeko, argudiatuta ekintza hori NBE Nazio Batuen Erakundearen Gutunaren aurkakoa zela. Atzo iritsi zen Trumpen erantzuna: «Inork ezin digu horiek erabiltzea eragotzi». Albaresek, aldiz, argitu zuen badituztela lankidetza itunak, baina baseak «Espainiaren subiranotasunaren» parte direla eta gobernuak duela horiek erabiltzearen inguruko azken hitza. 

Espainiak hartu duenaren aurkako jarrerak ere izan dira EBn; Alemanian, esaterako. Alexander Dobrindt Alemaniako Barne ministroak agerraldia egin du, eta jakinarazi du eraso posibleei aurre egiteko neurriak hartzen ari dela. AEBetako eta Israelgo gobernuen eraikinak «babesteko» polizia gehiago jarriko ditu Alemaniak, Irango Gobernuak eraikin horiek «begiz jota» dauzkala uste baitu Berlinek. Are, «gune jakin bat arriskuan» dela ohartarazi du ministroak. Ez du zehaztu zein den. Eta kanpora begirako Poliziaren presentzia areagotu duen bezala, «zerbitzu sekretuen jarduera ere areagotu» duela azaldu du. Zera esan zuen Merzek atzo, Trumpekin bildu baino lehen: «Bide berean gaude Teherango erregimen ikaragarria baztertzeari dagokionez». 

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, berriz, ohartarazi zuen AEBek eta Israelek Irani egindako erasoak arriskutsuak direla, eta gaitzetsi egin zituen. Atzo telebistan eman zuen hitzaldian, nazioarteko zuzenbideari erreparatu gabe egindako erasoak zirela azpimarratu zuen, baina, aldi berean, Teherani egotzi dio horien erantzukizuna, bere programa militarrarengatik eta eskualdeko hainbat milizia babesteagatik.

Gerraren eragin ekonomikoak arintzeko neurriak ere iragarri zituen Macronek. Esan zuen Frantziak nazioarteko koalizio bat eratzeko ekimena hartu duela, «munduko ekonomiarentzat funtsezkoak diren itsasbideetan trafikoa berriro irekitzeko». Izan ere, Ormuzko pasabidea blokeatua du Iranek, eta munduko petrolioaren %20 igarotzen da bertatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.