«Arrazoiak» badaude pentsatzeko Ameriketako Estatu Batuek gerra krimenak egin zituztela otsailaren 28an, Israelekin batera Iranen aurkako erasoaldia hasi zuen egunean. Hori ohartarazi du gaur NBE Nazio Batuen Erakundeak Irango islamiar errepublika ikertzeko duen nazioarteko misioak, txosten batean, eta zehaztu du AEBetako armadak Iran hegoaldean egin zituen bi erasotan ikusi dituela krimen zantzuak: Minab hiriko eskola batean 156 lagun hil zituen bonbardaketan —tartean 120 ikasle hil ziren— eta Lamerd hirian bi dozena biktima eragin zituen erasoan. Txostenaren arabera, eskolaren kontrako erasoan «gerrak krimena egin zituen, bereizkuntzarik gabe egin baitzuen eraso, eta zibilak hiltzeaz edo horiek zauritzeaz gain, ondasun zibilak ere hondatu baitzituen».
Halaber, NBEk gizateriaren kontrako krimenak egotzi dizkio Teherani, iazko urte amaiera eta aurtengo urte hasiera inguruko protestetan manifestarien kontra jazartzeagatik. Gobernuaren arabera, hiru mila lagun hil ziren protesta horietan, baina giza eskubideen aldeko hainbat erakundek salatu dute hildakoak askozaz ere gehiago izan zirela: 30.000 gutxi gorabehera.
Donald Trumpek joan den astean iragarri zuen Ekialde Hurbileko gatazka agintaldi erdiko hauteskundeen ostean amaituko zela; alegia, uste du Iran azaroaren hasierarako «errendituko» dela, «ezinean» dagoenez gero. Gaur goizean, ordea, tonua leundu du AEBetako presidenteak, kazetarien aurrean esan baitu «zuzenean» ari direla hitz egiten islamiar errepublikarekin, akordio bat nahi duela, eta ikusiko dutela negoziazioek zer ematen duten: «Espero dugu gerra laster amaitzea». Teheranek ez du adierazpenik egin.
Gatazkak zenbait fronte ditu, eta, oraintxe bertan, Yemengoa da zaratatsuena, talka betean baitaude huthiak eta gobernua —zeinak, nazioartearen aitortzaz gain, Saudi Arabiaren babesa duen—. Matxino xiitek Itsaso Gorriaren kostaldeko herriak eta portuak beren gain hartu dituzte azken asteotan, Bab el-Mandeb itsasarteraino ailegatzeraino; esana dute nabigazioa ez diotela inori oztopatuko, Saudi Arabiari izan ezik. Eta horrek Riad haserrearazi du, pasabide hori leku estrategikoa baita petrolio esportazioetarako —eta aintzat hartu behar da, gainera, Ormuzko itsasartea itxita dagoela otsailaren amaieraz geroztik—. Munduan kontsumitzen den petrolioaren %7 Bab el-Mandebetik igaro zen ekainean, Kpler etxearen arabera.
Huthien hurbileko Al-Masirah telebista kateak gaur jakinarazi duenez, Saudi Arabiak zuzendutako koalizio militarrak aire bidezko erasoak egin ditu Yemen ipar-mendebaldeko Hajja probintzian, Abs hirian, eta gutxienez pertsona bat hil du.
Bada, hainbat hedabidek atzo kaleratu zuten AEBetako ordezkariak huthienekin bildu direla asteburuan, herrialdeak Omango hiriburuan duen enbaxadan, eta Washingtonek ez duela erakutsi Yemengo gatazkan esku hartzeko asmorik. Izan ere, bileraren berri eman zuten iturrien arabera, huthiek argudiatu zuten beren kontrolpeko lurraldeei Saudi Arabiak ezarritako blokeoaren harira hartu dutela Itsaso Gorria oztopatzeko erabakia, eta indarrean dagoela AEBekin iazko maiatzean adostutako su etena —menia adostu baino lehen, huthiek eraso egin izan zieten AEBetako zenbait itsasontziri aldian-aldian, eta AEBek Yemen mendebaldea bonbardatuz erantzun zuten, iazko martxoa eta maiatza artean—.
Horrez gain, AEBetako Axios hedabideak iturri ofizialak aipatuz jakinarazi du Golkoko Kooperazio Kontseiluko estatu kideetako estatuburuekin edo Atzerri ministerioekin biltzekoa dela datorren astean, asteartean. Izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak orduantxe ekingo dio urteroko eztabaida orokorrari New Yorken (AEB) duen egoitzan, eta espero da AEBetako presidentea hantxe bilduko dela Arabiar Emirerri Batuetako, Bahraingo, Kuwaiteko, Omango, Qatarko eta Saudi Arabiako ordezkariekin.
Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamentuak atzo jakinarazi zuen bigarren urtez jarraian bisa ukatuko dietela Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian parte hartzekoak diren Palestinako ordezkariei, tartean Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko eta Palestina Askatzeko Erakundeko presidentea. Iaz, departamentuak argudiatu zuen talde horiek ez zituztela bete «euren konpromisoak», eta atzo ohar bidez jakinarazi zuen ez dutela «jarrera» aldatu, eta «terrorismoa goresten» dutela.AEB-ek bisa ukatuko diote mahmud abbasi
Macron eta Aoun
Ekialde Hurbileko gatazkak badu beste fronte bat Libanon ere: AEBen bitartekaritza dela medio, Israelek eta Hezbollah Libanoko milizia xiitak bi menia adostu dituzte azkeneko hiru hilabeteetan, nahiz eta Israelgo armadak eraso egiten jarraitu duen Libano hegoaldearen kontra.
Bada, Joseph Aoun Libanoko presidentea Emmanuel Macron Frantziakoarekin biltzekoa da gaur Parisen, eta bilera horretan egongo da Abdullah II.a Jordaniako erregea ere. Libanoko egoeraz hitz egitekoak dira, Israelen erasoez, eta Tel Aviven eta Beiruten arteko negoziazioez ere bai, zeinak urrira arte atzeratu dituzten.