Iranen programa nuklearraren eztabaidak bide onetik doazela uste du Errusiak

Teheranek salatu du Frantziak eta Alemaniak zerikusia dutela zientzialari nuklearren hilketetan

Erredakzioa
2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Mendebaldearen eta Iranen arteko su gurutzatuaren erdian lasaitasunerako mezua igorri du Errusiak. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak adierazi du Teheranen eta 5+1 Taldearen arteko negoziazioak bide onetik doazela —Alemaniak eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrek osatzen dute seikotea; alegia, AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak, Errusiak eta Txinak—. Lavrovek esan du negoziazioek porrot egingo zutela zirudien unean «fase konstruktibo» batera ailegatu direla.

Iranen programa nuklearra dela-eta Teherango ordezkariek seikotearekin egin dituzten azken negoziazio sailak akordiorik gabe bukatu dituzte. Azkena Moskun egin zuten, ekainaren 18an eta 19an, eta bakoitzak bereari eutsi zion, aurrekoetan bezala. Nazioarteak uranioaren aberastea %20tik %5era jaisteko eskatu zion Irani, besteak beste. Horretarako, baina, nazioarteak bere aurka onartu dituen zigorrak kentzeko eskatzen du Teheranek, eta uranioa aberasteko eskubidea duela onar dezatela. Negoziazioak ez aurrera eta ez atzera zeudela ikusita, adituen arteko bilerak egitea erabaki dute. Asteartean, bi aldeetako adituak elkartu ziren Turkiako Istanbul hirian, eta bilera horiek «lasaigarriak» direla azaldu du Lavrovek. «Arazoa urratsez urrats konpontzen ahalegintzen ari gara», esan du, eta bi aldeak konpromisoak hartzen ari direla.

Zientzialarien hilketen auzia

Bestalde, Irango Informazio ministro Heydar Moslehik salatu du Frantzia eta Alemania Irango zientzialari nuklearren hilketetan nahasita daudela, eta nabarmendu du lehendik esana zuen bezala Erresuma Batuak, AEBek eta Israelek ere hilketekin zerikusia izan zutela.

Irango programa nuklearrarekin lotura zuten lau zientzialari hil dituzte 2010az geroztik, azkena aurtengo urtarrilean. Washingtonek esan du berak ez duela loturarik gertaerekin. Tel Avivek, baina, ez du hilketa horien inguruko adierazpenik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.